Protokoloaren esperientzia pilotuak abian jarriko dira Hendaian, Arrigorriagan eta Uharten

2021ko apirilaren 14a Iruzkinik ez

Azken hilabeteetan egindako lanketa egikaritu da gaur goizean Hendaiako Herriko Etxeko Kontseiluaren Gelan: Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa oinarri izango duen hizkuntza-politikak definituko ditu proiektu pilotu gisa Hendaian, Arrigorriagan eta Uharten. Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, eta hiru udaletako ordezkariak bildu dira; hain zuzen, Kotte Ecenarro, Hendaiako Auzapeza, Maite Ibarra, Arrigorriagako Alkatea, eta Edorta Beltzunegi, Uharteko Alkateordea.

Hitzarmenaren jatorria

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa nazioarteko adituek eta Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitatetik gorako gizarte eragileek osatutako dokumentua da. 2016an aurkeztu zen Donostian, eta esan bezala, Europa osoko hogeita hamar hizkuntza-komunitate baino gehiagoko 120 gizarte eragileren sostengua jaso zuen, bai eta Frantziako estatuko hizkuntza-komunitateetako eragileena ere.

2019ko azaroan Gasteizen eta 2020ko otsailean Baionan, Protokoloa oinarri, tokiko administrazioei egokitutako dokumentu bana aurkeztu zen. Dokumentu horietan herriko etxeek eta udalek hizkuntza-politika egokiak lantzeko neurriak jaso ziren. Hasieratik, proposamenak Euskal Herrian dagoen errealitate administratiboari egokitu nahi izan zitzaizkion. Hortik etorri ziren, beraz, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan, Hego Euskal Herrirako eta Ipar Euskal Herrirako egokitzapenak hurrenez hurren.

Proiektu pilotuak

Kontseiluak aurkeztutako bi proposamen horien baliagarritasuna egiaztatzeko asmoz hiru herritan proiektu pilotuak jarri ditu martxan:  Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Horrela, errealitate administratibo desberdinetan proiektuaren baliagarritasuna aztertzeaz gain, etorkizunari begira proiektua beste udal edo herriko etxeetan aplikatu ahal izateko irizpideak ateratzea da asmoa. Eta, nola ez, aldi berean, proiektu pilotua jorratuko den hiru herrietan hizkuntza-politikak definitzeko tresna izango dute eskuragarri.

Hendaiako auzapez Kotte Ecenarrok hasi du ekitaldia bertaratutakoei ongi etorria emanez. Jarraian hitza eman dio Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaori. Honek azaldu duenez, «proiektu zinez berritzailea da, oinarri bera erreferentzia gisa harturik, euskal lurralde osorako baliagarria izango den hizkuntza-politikarako ildo nagusiak definitzen ahalko ditugu», azaldu du. «Erronka handia Kontseiluarentzat, eta espero dugu proiektuaren emaitzari esker beste herriko etxeentzat eta udalentzat ere baliagarria izatea», gaineratu du.

Proiektua bi fasetan igaroko da. Lehen fase batean Udal eta Herriko Etxeetarako Garapena oinarri harturik, diagnostiko bat osatuko da. Bertan herriko hautetsiek, teknikariek, bai eta herriko euskalgintzako eragileek ere, parte hartuko dute. Bigarren fasean, aipatu dokumentua oinarri hartuta, hizkuntza-politikarako lerro nagusiak definitzen ahalko dira. Bukatzeko, herriko etxe eta udaletako hautetsiek hizkuntza-politika zehazteko eta aitzina eramateko bidea prest izango dute.

Hiru errealitate

Paul Bilbaok gogotik eskertu ditu hiru udalak, hain zuzen, proiektuan parte hartzeko lehen unetik agertu duten prestutasunagatik. «Hitzarmena Hendaian izenpetzea garrantzitsua da gure ustez. Izan ere, euskarak Ipar Euskal Herrian duen aitortza juridiko falta ez da oztopo borondatea egonez gero urratsak egiteko. Horrexegatik une hau probestu nahi dugu Elkargoaren sorreraren bultzadarekin batik bat herriko etxeetan egiten ari diren lan handia azpimarratzeko. Ezin ahaztu, gainera, berriki Frantziako Asanbleak onartutako legea eta horrek eragin ditzakeen ondorioak. Une ezin egokiagoan dator proiektua».

Bestalde, hizkuntza-planak lantzen dituen Arrigorriaga bezalako udal batean proiektua lantzearen garrantzia aitortu du Kontseiluko eledunak: «euskarak juridikoki aldekotasuna duen lurraldeko udal batean zer falta den eta zer dagoen egiteko definitzen laguntzen ahalko digu proiektu pilotuak eta, zentzu horretan, Arrigorriagako udalaren prestutasuna eta borondatea txalotu nahi dugu».

Azkenik Uharteren kasua izan du hizpide Kontseiluko idazkari nagusiak: «Nafarroan legeak ezarritako eremu mistoan kokatutako udalerria, urteetan jadanik euskararen aldeko politika eramaten ari dena eta, beraz proiektu honetan beste ikuspegi bat izaten lagunduko diguna. Halaber, gure aldetik etorkizunean zer nolako neurriak abian jar daitezkeen esploratzeko aukera eskainiko diogu eta, beraz, udalarentzat bultzada edo akuilu izango da lanean jarraitzeko».

Jarraian Uharteko Alkateorde Edorta Beltzunegik azaldu du «zalantzarik gabe» jo zutela Kontseilura proiektu pilotuan parte hartzera. «Orain dela 31 urte euskara zerbitzua sortu zen Uharteko Udalean, eta euskaldunen kopurua gero eta handiagoa da. Gaur egun 16 urtetik goragoko %24 inguru da euskalduna da eta %10 euskaldun hartzaile, eta 16 urtetik beherakoen %50 inguru. Hortaz, egokia iruditu zitzaigun proba pilotu honetan parte hartzea, besteak beste, herritarren hizkuntza-eskubideen bermeari begira udala zein puntutaraino dagoen prest, eta zein neurri berri har dezakegun ebaluatzeko», gaineratu du.

Arrigorriagako Alkate Maite Ibarrak azaldu du hasieratik argi izan zutela proiektuan parte hartzeko xedea, eta Kontseilua eskertu du proiektuan parte hartzeko aukera emateagatik. Gaineratu duenez «Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena udalerrietan aplikatzeko proiektu pilotua bateragarri ikusten dugu udaletik bultzatu nahi dugun lan dinamikarekin». Horrekin batera azpimarratu duenez, «udaleko euskara arlotik garatu diren lan ildoetan sakontzeko aukera izan daiteke, eta baita herriko euskalgintzarekin batera bide berriak urratzeko ere». «Eragile ezberdinen arteko elkarlanak emaitza oparoak eskainiko dizkigulakoan gaude», gaineratu du.

Horretaz gain honakoa azpimarratu du: «Egungo egoeratik abiatuta, beraz, epe hurbil eta ertainera begira herri mailan ditugun erronkei erantzuteko lanabes garrantzitsua izan daiteke proiektu pilotu hau. Galdera berriak egin eta erantzun berriak bilatzeko aukera emango digu. Herritarren hizkuntza-eskubideak erdigunera ekarri nahi ditugu, zehar lerro moduan garatu eta landu, gure jardun politikoaren zutabe bilakatuz. Hitzekin baino, ekintzekin egin nahi dugu, eta helburu horretan protokolo honen laguntza, babesa eta sostengua izateari garrantzitsua deritzogu». Amaitzeko «Euskal Herriaren etorkizun jasangarri, orekatu eta justuagoa lortze aldera, euskara lehen mailako erronkatzat» daukatela nabarmendu du, eta horretarako «herritarren hizkuntza-eskubideetan sakontzea ezinbesteko aldagaia» dela azaldu du.

Azkenik, Hendaiako Auzapezak hartu du hitza; «Hogei urte baino gehiago joan dira Hendaiak hizkuntza-politika garatzen hasi zuenetik. Partaidetza desberdinen bidez garatu ditugu politika horiek: Euskararen Erakunde Publikoarekin, Hego Lapurdi Hirigunearekin, Euskal Hirigune Elkargoarekin, eta gaur Kontseiluarekin. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzari testu elebidunen ekarpena egiten diogu itzultzaile neuronala garatzeko».

Halaber, auzapezak azaldu duenez «Kontseiluaren herriko etxearen garapenaren bidez, gure hizkuntza-politikarako hausnarketa aberastuko dugu», eta azpimarratu du «hizkuntza-politikak garatzeko engaiamendua izenpetu zuten hogeita bat herriko etxeetatik Hendaia Iparraldeko lehen udal hautagaia dela. Hendaia hiri pilotua izango da diagnostiko bat osatu eta proposamenak lantzeko eta agian eredu baten hedatzeko». Horretaz gain, auzapezaren arabera «aukera ere bada proiektu honekin bat egiten duten udalekin trukatzeko, zergatik ez, udalen arteko elkargune baten bidez».

Amaitzeko Kotte Ecenarrok zera adierazi du: «Jadanik proiektu konkretuak ditugu Partzuergoaren baitan, eta gaur sinbolikoki Euskal Herriko beste bi administrazioetako udal banarekin batera hitzarmen hau izenpetuko dugu. Ekintza sinboliko honez gain, gure harremanak garatu nahiko genituzke, elkar hobeto ezagutzeko. Eskumenak eta legedia desberdinak dira, baina badugu puntu amankomuna: euskara. Hain gara hurbilak eta aldi berean hain ezberdinak».

Hitzartze guzien ondotik udal eta herriko etxe bakoitzeko ordezkariek zeinek bere hitzarmena izenpetu du eta proiektuan parte hartzen duten guztien arteko familia-argazkia egin dute.