Euskara, katalana eta galizieraren aldeko eragileek ikus-entzunezkoaren aldeko fronte komuna egitera deitu dute Madrilen

2021ko abenduaren 15a Iruzkinik ez

Egun Madrilgo Diputatuen Kongresuan tramitazioan dagoen Ikus-entzunezkoen Lege proiektua ez-nahikotzat jo ondoren, gaur, hizkuntza gutxituen aldeko eragile garrantzitsuenek lege berrian sartu beharreko gutxieneko hizkuntza-aldarrikapenak eta akordioak helarazi dizkiete Diputatuen Kongresuan eta Senatuan ordezkaritza eta legearen onarpenean zeresana duten alderdi politikoei (EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, BNG, Compromís, CUP, En Comú Podem eta Més per Mallorca) eta Madrilen fronte komun bat egitea planteatzeko balio izan du. Alde guztiek positibotzat jo dute lehen hartu-emana, eta bat egin dute lege honetan asko jokatzen delaren iritzian. 

Ondoren egin den prentsaurrekoan, hizkuntza gutxituen aldeko eragileek zazpi puntuz osatutako adierazpena aurkeztu dute, besteak beste, berezko hizkuntzen % 6ko kuota ezartzea eta finantzaketa-kuota aurreratua jasotzen dituena. 

Agerraldian izan dira Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Jordi Cuixart Òmnium Culturaleko lehendakaria, Marcos Maceira A Mesa pola Normalizacióneko lehendakaria, Francesc Marco Plataforma per la Llenguako idazkaria, Anna Oliver Acció Cultural del País Valenciàko lehendakaria, Josep de Luís Obra Cultural Balearreko lehendakaria, eta Andreu Carapuig Escola Valencianaren ekipo teknikoko kidea.