Europako 170 eragile baino gehiagok euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute Nafarroa eta Ipar Euskal Herri osorako
Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztutako ebazpena aho batez onartu da European Language Equality Network (ELEN) Europako hizkuntza gutxituen defentsarako sare nagusiaren batzar orokorrean, Béal Feirste/Belfasten (Ipar Irlanda).
European Language Equality Network (ELEN) Europako hizkuntza gutxituen defentsarako sareak batzar orokorra egin du joan den asteburuan Belfasten. Bertan, 25 estatutako 174 erakundek aho batez onartu dute Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztutako ebazpena, Nafarroa eta Ipar Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasunaren aldarria jasotzen duena.
Dokumentuak azaltzen duenez, abenduan 40 urte beteko dira Nafarroako Euskararen Legea onartu zenetik. Lege horrek lurraldea hiru hizkuntza-eremutan zatitzen du, euskararen (hau da, Nafarroako berezko hizkuntzaren) ofizialtasuna mugatzen du eta, ondorioz, herritarren eskubideak mailakatzen ditu. Europako Kontseiluak berak ere bereizketa horri amaiera emateko eskatu du, «Nafarroako biztanle guztien hizkuntza-eskubideak eta berdintasuna nabarmenki kaltetzen» dituela argudiatuta.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, ebazpenak salatzen du euskarak ez duela inolako ofizialtasunik. Gainera, nabarmentzen du euskalgintzaren eta euskaltzaleen hamarkadetako lana gorabehera, Frantziako Konstituzioak eta haren lege-esparruak etengabe oztopatzen dituztela, batetik, hizkuntza-eskubideen bermea eta, bestetik, euskara biziberritzeko politika eraginkorrak garatu ahal izatea.
Testuak, halaber, Euskal Herrian bultzatzen diren bi ekimen nagusiri babesa adierazi die: azaroaren 21ean Baionan egindako «Euskararen garaia da» manifestazioari eta Kontseiluak Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna lortzeko abiatuko duen ekimenari, abenduaren 19an hasi eta 2027ko udaberrira arte luzatuko dena.
Kontseiluarentzat, ebazpenaren onarpena garrantzitsua da, Europako hizkuntza gutxituen aldeko mugimendu nagusiak euskararen ofizialtasunaren aldarrikapenei babesa eman diela erakusten baitu.
Horrez gain, batzarrak etxebizitzari eta hizkuntza gutxituei buruzko Europa mailako adierazpen bat onartu du. Besteak beste, hirigintza-proiektu handietan hizkuntza-inpaktuaren azterketak egitea, gentrifikazioaren aurkako politikak ezartzea eta erabilera turistikoko etxebizitzen zein bigarren etxebizitzen gaineko araudia zorroztea eskatzen du adierazpen horrek.
ELEN, 25 estatutako 50 hizkuntza-ordezkaritza dituen sarea
European Language Equality Network (ELEN) irabazi asmorik gabeko Europako sarea da, eta Europako hiztun gutxiagoko hizkuntzak sustatzea, babestea eta biziberritzea du helburu. Giza eskubideen defentsaren esparruan, hizkuntza horien berdintasunaren alde egiten du lan.
ELENek hizkuntza horietako hiztunen ahotsa izan nahi du, eta gaur egun 174 erakunde kide ditu, Europako 25 estatutako 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak. Euskalgintzaren Kontseilua sarearen erakunde sortzaileetako bat da, eta haren bidez Europako beste hizkuntza-komunitate batzuekin elkarlanean dihardu, hizkuntza-eskubideen aitortzan eta hizkuntza gutxituen biziberritzean aurrera egiteko.