Milaka euskaltzale elkartu dira Baionan Euskal Konfederazioak antolatutako euskararen aldeko manifestazioan

2026ko azaroaren 23a

Euskalgintzak 7.500 pertsona bildu zituen Baionan, iragan larunbatean. Euskararen koofizialtasuna lortzeko, Frantziako Konstituzioaren aldaketa eskatzeko, euskarari lege-babesa eta eskubideak bermatzeko eta hizkuntza-politika eraginkorra bultzatzeko indar erakustaldia izan zen. Euskal Konfederazioak akordio politikoa landuko du ondoko hilabeteetan.

Manifestazioaren amaieran, Baionako Galeries Lafayetteko plazan Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hartu zuen hitza euskararen garaia dela aldarrikatzeko:

Arratsalde on, Baiona! Arratsalde on, euskaltzaleok!

Pozgarria ez ezik, indargarria da oraintxe, hemen, hainbeste jende euskarari eta euskaldunoi etorkizuna emateko xedez elkartuta ikustea.

Funtsean, horixe baita Donapaleutik bezala Zarauztik, Mauletik bezala Bilbotik, Angelutik bezala Tafallatik, gaur hona heldu garenok biltzen gaituen indarra: euskaraz bizi nahi izatea; etorkizuna, geroa, euskaraz eraiki nahi izatea.

Baina badakigu euskaraz bizitzeko nahiak zenbat oztopo, zenbat zailtasun, zenbat zapalkuntza zamatzen dizkigun. Orain guxi, Baionako karrika hauetan beretan, euskaraz egite hutsagatik Etxepare Lizeoko ikasle batek poliziarengandik jasotako zafraldia horren erakusle. Debekuen andana luzea da: ezin azterketak euskaraz egin, ezin herritar gisako arreta euskaraz jaso, ezin euskaraz lan egin…

Euskaraz bizitzeko ―eta, beraz, euskara bizi dadin― baldintzak behar ditugu: baldintza errealak; lege baldintzak, baldintza politikoak.

Baldintza horietan oinarrizkoa, dudarik gabe, euskara ofiziala izatea da. XXI. mendea aintzina doan honetan euskarak eta euskaldunok ez dugu gutxieneko aitortza juridikorik Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroa Garaiko zati handienean. Aldi berean, mendeetan minorizaturiko hizkuntza izanik, euskara larrialdi egoeran da. Ofizialtasunik gabe nekez ezarriko dira plantan larrialdi egoera gainditzeko behar diren hizkuntza-politika azkar eta iraunkorrak.

Bada garaia egoera hau itzulikatzeko. Bada garaia Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Nafarroa Garaian bezala, berezko hizkuntzari, euskarari ―eta euskaldunei― bigarren mailako herritar izatearen zama gainetik kendu eta, gutxienez, berdintasuna emateko. Bada garaia ofizialtasuna eskuratzeko. Bada garaia euskarari etorkizuna bermatzeko.

Azkenaldian Baionako karrikak justizia sozialarekin loturiko aldarrikapen anitzen bilgune izan dira. Bada hau ere, guztiz justizia sozialarekin lotzen den manifestaldia da. Euskara eta euskaldunok bigarren mailako garen bitartean ez baita berdintasunik, gizarte kohesiorik eta justizia sozialik erdietsiko Euskal Herrian. Euskararen alde egitea justizia sozialaren alde egitea da, mundu bizigarriago baten alde.

Gaur hemen bildutako indarra baliatuko dugu euskara bizitzeko behar den dena galdegiten eta eraikitzen joateko.

Euskaltzaleon garaia da! Euskararen garaia da!