Pizkunde berri baten beharraz hitz egin du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak Pasaiako Bokaleren IV. Topaketan
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hizkuntza eskubideak eta euskaltzaletasuna gizarteko lehentasunetara eramateko beharra azpimarratu ditu.
Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Bokalek, laugarren topaketa egin zuen urriaren 22an San Pedron, herriko 60 euskaltzale inguru bilduta. Euskararen aldeko lana aitortzeko eta elkarrengandik ikasteko gunea izan da topaketa.
Topaketan, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hizkuntza eskubideei buruzko hitzaldia eman du. Egungo egoeraz ohartarazi du, azken ikerketen arabera, normalizazio prozesuan atzera egiteko arrisku handia dagoela azpimarratuta. Gainera, nabarmendu du hizkuntza eskubideen auzia ez dela euskararen iraupenari buruzko kontu abstraktua, baizik eta pertsonen egunerokoan nabaritzen den zerbait, ondorio zehatzak dituena.
Horri aurre egiteko, euskarak pizkunde berri bat behar duela defendatu du, jauzi bat, paradigma aldaketa bat, euskaraz bizitzeko behar den dena lortzeko. Horretarako, euskaltzaletasuna gizarteko lehentasunetara eraman behar dela esan du.