Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren berridazketari ekin diote Bartzelonan, 30. urteurrena ospatzeko
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak parte hartu dute mundu osoko hizkuntza minorizatuen ordezkariak eta aditu ugari bildu dituzten goi bileretan eta urteurren ekitaldian.
Iragan ostegunean eta ostiralean, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala berritzeko goi bilera eta urteurren ekitaldia egin ziren Bartzelonan. Hizkuntza gutxituen ordezkari eta aditu ugari bildu ziren hiriburu katalanean, eta beste hainbatek online hartu zuten parte. Berrikuspen eta berridazketa taldeek koordinazio lanak egin zituzten, eta orain arte jasotako ekarpenak aztertzen hasi ziren.
Adierazpena 1996ko ekainaren 6an aldarrikatu zuten Bartzelonan bertan, Hizkuntza Eskubideen Mundu Kongresuan. Hogeita hamar urte geroago, urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute Bartzelonako udaletxeko areto batean, eta testua berridazteko prozesuaren lehen bilerak ere egin dituzte. Prozesua apirilaren 15ean aurkeztu zuten, Ciemen eta PEN Català erakundeek bultzatuta. Ciemenek jakinarazi duenez, berrogei aditu inguru aritu dira lanean, bi batzordetan banatuta, eta hemendik aurrerako lanaren metodologia finkatzen ere hasi dira. Ekarpenak urtea amaitu arte egin daitezke oraindik.
Hiru hamarkada hauetan mundua asko aldatu da. Teknologia berriek, sare sozialek eta egoera soziopolitikoak hizkuntza komunitateen zaurgarritasun linguistikoa areagotu dute: hizkuntza batzuen etorkizuna larrialdian dago, eta beste asko desagertzeko zorian daude. Aldaketa horiei erantzutea da testua gaurkotzearen xedea.
Euskal Herritik, Euskalgintzaren Kontseiluko eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariak izan dira Bartzelonan, Paul Bilbao hezkuntza-adituarekin batera. Adierazpen berriaren bultzatzaile gisa, hizkuntza eskubideen aitortza eta bermea nazioartean indartzeko lanean jarraitzeko borondatea adierazi dute.
Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak azpimarratu du Adierazpena nazioartean erreferentzia bilakatu nahi dela, hiztun komunitateen babeserako «beste zoru bat» ezartzeko. «Mundu mailako olatu erreakzionarioak, besteak beste, hizkuntza minorizatuen aurrerabidea eta hiztun komunitate horien eskubideak jarri ditu jomugan», ohartarazi du. Proiektuaren helburu nagusia Nazio Batuen Erakundeak testua bere egitea da, Adierazpena nazioarteko testu legal lotesle bihur dadin.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak nazioartean antolatzearen eta elkarrekin presioa egitearen beharra nabarmendu du: «Hizkuntza hegemonikoek eta haien nagusitasunaren aldeko araudi eta neurriek are minorizatuago eta zapalduago uzten dituzte gurea bezalako hizkuntzak. Gure hizkuntzetan bizi ahal izateko eta hizkuntza eskubideak etorkizuneko gizartearen oinarri izateko, beharrezkoa da nazioarte mailan antolatzea eta elkarrekin presioa egitea».