Ikus-Entzunezkoen Legea: Euskara desagerrarazteko arriskua
Azken egunotan hainbat hedabidek aurreratu dute Espainiako Ministroen Kontseiluak epe laburrean onartuko duela Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra. Aurreratutako berri horietan guztietan berezko hizkuntzei buruz egindako alegazioak kontuan hartuko ez direla jasotzen ari da.
Hizkuntza-eskubideak bermatzeko eskaerei entzungor
Uztailean zabaldu zuen Espainiako Gobernuak Ikus-entzunezko Lege Orokorraren aurreproiektuari ekarpenak egiteko bigarren aukera. Eta Euskalgintzaren Kontseiluak, Topagunea, Hekimen, Tokikom eta Pantailak Euskaraz elkarteekin batera, ekarpen zehatzak egin zizkion legeari.
Kontseiluak orduan ere kezka agertu zuen lehen zirriborrotik bigarrenera ez zuelako inolako aldaketarik ikusi berezko hizkuntzen presentziari dagokionez: “Gobernuak aukera izan zuen bigarren zirriborro horretan berezko hizkuntzen erabilera bermatzeko neurriak txertatzeko, baina ez zuen halakorik egin, eta gurea bezalako hizkuntzei inolako tarterik ez esleitzeko aukera zabalik utzi zuen beste behin”, esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Horrela, euskararen aldeko eragileek hainbat alegazio helarazi zituzten: “Hizkuntzen erabilerari buruzko artikulu guztietan kuota zehatz batzuk agintzeko eskatu genuen. Horixe baita hizkuntza gutxituen erabilera bermatzeko bide bakarra” adierazi du Bilbaok. Euskararen aldeko eragileek ez ezik, galizieraren edota katalanaren aldeko gizarte eragileek ere antzeko zuzenketak egin zizkioten legearen aurreproiektuari.
Zabaltzen ari diren berrien arabera, zuzenketa horiek guztiak baztertu egin ditu Espainiako Gobernuak: “Hartara, lege honek gurea eta gure bezalako hizkuntzen desagerpena ekar dezake ikus-entzunezkoen eremuan”, azaldu du Kontseiluko eledunak.
Estrategia bateratua adostu beharra
Euskalgintzaren Kontseiluak argi du estrategia bateratua eraiki behar dela lege berriak gurea eta gurea bezalako hizkuntzen presentzia bermatzeko neurriak jaso ditzan: “Azken boladan behin eta berriz esaten ari gara Batuz Aldatzeko aukerak izango ditugula, eta honetan ere halaxe izango dela uste dugu” adierazi du.
Bilbaok azaldutakoaren arabera, badaiteke hurrengo asteartean bertan Ministroen Kontseiluak legearen tramitazioari ekitea. Horrexegatik, Kontseiluak eragile sozial eta alderdi politikoekin erantzun bateratua emateko estrategia adosteari ekingo dio hurrengo egunetan. “Alde batetik, zer-nola erantzungo dugun zehaztu behar dugu ekarpenak gurekin egin zituzten eragileekin zein Estatuko gainerako eragileekin. Bestalde, Madrilen ordezkaritza duten alderdiekin bilerak egiteko asmoa du Kontseiluak, azken finean, haien esku ere baitago orain behin betiko legea. Beti diogun bezala, erantzukizun partekatuak ditugu, eta zeinek bere funtzioak bete beharko ditu legeak bere horretan aurrera egin ez dezan”, gaineratu du.
Iruzkinik ez "Ikus-Entzunezkoen Legea: Euskara desagerrarazteko arriskua"