Elkarretaratze jendetsua egin dute Bilboko Foru Jauregiaren aurrean, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren aurka
ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, jende ugari bildu da gaur eguerdian, Bilboko Foru Jauregiaren aurrean, «Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiaren GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen lan deialdi bat bertan behera uzteko erabakia berretsi du, euskara eskakizuna «gehiegizkoa» dela argudiatuta. Hiru erakundeek epaia salatu dute, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren beste urrats gisa.
Auzia gizarte integrazioko goi mailako teknikarien hogei lanpostuko deialdiari dagokio, eta horietatik hemezortzitan C1 maila eskatzen zen. Bilboko epaitegi batek 2025eko amaieran bertan behera utzi zuen deialdia, eta Auzitegi Nagusiak ebazpena berretsi du orain.
Oldarraldiari erantzuna
Elkarretaratzean, hiru erakundeok adierazpen bateratua irakurri dugu. Gure ustez, sententziaz sententzia, botere judiziala euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari da. GUFEren aurkako jatorrizko sententzian bertan aitortzen da euskaraz artatua izatea eskatzen duten herritarren herenari bere hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen zaizkiola, eta gaztelaniaz aritzera behartzen zaiola. Hala ere, urraketa horiek murrizten lagunduko zuen lan-deialdia bertan behera utzi du epaileak.
Adierazpenean nabarmendu dugu hainbat sektoretatik oldarraldi hori hauspotzen ari direla: alderdi politikoak, sindikatuak, hedabideak… Sektore horiek hizkuntza-eskubideak eta lan-eskubideak kontrajartzen dituzte, eta, horrela, euskaraz bizitzeko nahia gero eta hautu prekarioagoa bilakatzen dute. Erakundeok gogorarazi dugu osasun, genero, etxebizitza edo lan zein bizi-baldintza prekarioak inor gutxik defenda ditzakeela, eta hizkuntzarena ez dela salbuespena izan behar. «Euskararen aldeko borroka justizia sozialaren aldeko borroka da», azpimarratu dugu.

Arkitektura juridiko berria
Mobilizazioari esker eztabaida epaitegietatik Eusko Legebiltzarrera eramatea lortu zutela gogorarazi dugu, baina Legebiltzarrean emandako lege aldaketek ez gaituztela asebetetzen. Zalantzak ditugu aldaketa horiek oldarraldiari erantzuteko eta atzeraldia gelditzeko aski izango ote diren. Izan ere, ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izatea bermatuko duena.
Horretarako, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek elkarlanean egindako proposamena dugu mahai gainean: administrazioa 15 urtean euskalduntzea. Datozen urteetan, langile publikoen erdiak erretiroa hartuko duela eta inoizko belaunaldi euskaldunduena haien lekua hartzera etorriko dela gogorarazi dugu. «Orain da unea, jauzirako baldintzak badaude».
Hizkuntza larrialdian gaudela eta orain arteko bideak aski ez direla nabarmendu dugu. Larrialditik indarraldirako jauzia emateko, «pizkunde berri bat» eragin behar dugu.