EAEko Hezkuntza Legea
Eusko Legebiltzarrak 2021eko urriaren 14an egindako osoko bilkuran erabaki zuen Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatu eta hurrengo hamarkadetako hezkuntza-sistemaren oinarriak ezartzeko prozedura hastea. Ondorioz, Legebiltzarrak Hezkuntza Batzordearen esparruan ponentzia bat eratzeari ekin zion.
Urte bereko abenduaren 16an, hezkuntzako eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak EAEko hezkuntza-hitzarmenari lotuta euskararen eremuan jaso beharrekoa zehazteko ekarpena egin eta euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun soziala bultzatu zuten, Batuz Aldatu dinamikaren baitan. Euskalgintzaren Kontseiluaz gain, proposamena babesten duten eragileak dira Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, EHIGE, Kristau Eskola, HikHasi, HEIZE, ELA, LAB eta Steilas.
Euskaraz hezi, berdintasunean hazi izeneko adierazpena Kontseiluak, hezkuntzako eragileekin adostuta, 2008an aurkeztu zuen Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen azterketa-proposamenean oinarritzen da, belaunaldi berriak euskaldun eleanitzak izan daitezen xede duena.
2022ko urriaren 10ean, EAEko Hezkuntza Legeari egindako osoko ekarpena aurkeztu zen, euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamen integrala.
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, hezkuntzaren, kulturaren eta euskararen munduko 211 adituk, sortzailek eta profesionalek Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz adierazpenarekin bat egin zuten, Hezkuntza Legeak jaso beharreko hiru eskaera zehatz eginez.
2023ko apirilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Eusko Legebiltzarrera helarazi zuen Hezkuntza Lege proiektuaren balorazio gazi-gozoa egin zuen Kontseiluak. Ekainaren 6an, Eusko Legebiltzarrak gonbidatuta Hezkuntza Batzordearen aurrean lege proiektuari egindako 33 zuzenketa zehatz aurkeztu zituen, «hizkuntzaren korapiloa askatzeko ekarpen propositiboak».
Irailaren 12an, Hezkuntzak euskara gehiago behar du sinadura bilketa iragarri zen Gasteizen, urriaren 15a bitarte iraungo duena. Kanpainaren helburua, hezkuntza-lege berrian eragiteaz gain, ikas-komunitatea aktibatu eta jendartean euskararen aldeko iritzi eta jarrera hedatzea ere bada.
Ondorengo eragileek bat egin dute sinadura bilketarekin: Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, HEIZE, Hik Hasi, STEILAS, LAB eta ELA.
–