«Legezko zoru bat euskararentzat» jardunaldiak, urriaren 28an

2023ko urriaren 25a

Euskara normalizatzeko arau eta neurrien aurka epai soka luzea gertatzen ari da Hego Euskal Herrian. Oldarraldi judizial bat. Iparraldean ere indartsua eta hondokoa da oldarraldia, Nafarroako zati handi batean bezala, ofizialtasunaren aitortza bera ukatua baitzaio euskarari, eta, ondorioz, ukatua baitzaie euskaldunei. Honen aurrean, euskalgintzak manifestazioa deitu du azaroaren 4an Bilbon euskararen alde eta oldarraldiaren kontra. 

Egoera honen aurrean ezinbestekoa da euskararen normalizazioan (eta, ondorioz, euskaldunon egunerokoaren normalizazioa) aurrera egiteko lege jokalekuaz gogoeta egitea. Aztertzea zein den egungo testuingurua eta zeintzuk diren eman beharreko urratsak euskarak legezko zoru bat izan dezan. Horretarako, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetzan jardunaldiak antolatu dituzte. 

Bi mahainguru izango dira. Lehenean, «Nork eta zeren arabera epaitzen du euskara?» izenburuarekin, Iñigo Urrutia legelariak eta Unai Iturriotz abokatuak parte hartuko dute, Zelai Nikolas legelariak moderatuta. Bigarren mahainguruan, «Hizkuntz eskubideak giza eskubide. Aukera bat berdintasunerako?» izenburupean, Benet Salellas legelari katalana (eta Jordi Cuixarten abokatua), Andoni Barreña Garabide hizkuntz lankidetza elkarteko ordezkaria eta Paul Bilbao Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bideratzaileak hitz egingo dute, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak moderatuta. 

Jardunaldiak larunbat honetan, urriak 28, 10:00etatik 13:00era Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeko areto nagusian egingo dira. Streaming bidez ere emitituko dira Berria Telebistaren YouTubeko kanalean.

EGITARAUA

10:00etan: Ongi-etorria.

10:15-11:30: Mahaingurua: «Nork eta zeren arabera epaitzen du euskara?».

  • Hizlariak: Iñigo Urrutia legelaria; Unai Iturriotz abokatua.
  • Moderatzailea: Zelai Nikolas, legelaria.

11:30-13:00: «Hizkuntz eskubideak giza eskubide. Aukera bat berdintasunerako?».

  • Hizlariak: Benet Salellas legelari katalana; Andoni Barreña Garabide hizkuntz lankidetza elkarteko ordezkaria; Paul Bilbao Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bideratzailea.
  • Moderatzailea: Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia.