Hezkuntza Lege berria hurrengo belaunaldiak euskalduntzeko berme eta giltza izan dadin arduraz jokatzeko deia alderdi politikoei

2023ko urriaren 20a

Gaur agerraldia egin dute Donostian euskalgintzako eta hezkuntza komunitateko eragile garrantzitsuetarikoek, Hezkuntza Lege berriak hizkuntza-ereduak mantentzeko arriskuaren aurrean irakurketa eta eskaera bateratua egiteko. Prentsaurrekoan izan dira euskararen aldeko 30 gizarte eragile batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua; hezkuntzako eragile Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasi; hezkuntzako gehiengo sindikala: ELA, LAB eta STEILAS; bai eta Kontseiluko zuzendaritzakide diren Elkar, AEK, Berria eta Euskal Herrian Euskarazeko ordezkariak. Bertaratu ezin izan diren arren, agerraldiarekin bat egin dute EHIGEk, Euskaltzaleen Topaguneak, Artez Euskara Zerbitzuak eta IKAk.

ADIERAZPENA

Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioaren aldeko gizarte erakundeen bilgune nagusiak, hurbiletik jarraitu du azken bi urte eta erdian Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Hezkuntza Lege berria eratzeko prozesua. Hurbiletik jarraitu du argi duelako hezkuntza euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan aurrera egiteko giltza nagusietako bat dela. Argi dago, orain arte bide horretan egin diren aurrerapauso asko hezkuntzatik egindako ekarpenari esker gertatu direla. Baina argi dago, baita ere, normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiten jarraitzeko eta euskarak eta euskal hiztunen komunitateak aurrera begira dituzten erronkei behar bezala heldu ahal izateko berrikuspen sakona behar duela hezkuntzak, ezinbestekoa dela orain 40 urte, oso bestelako testuinguru batean sortutako tresneria berritzea.

Hori dela eta, Kontseiluak hurbiletik segitu du prozesua, eta, gainera, ez behatzaile huts gisa, baizik eta hezkuntzako eragile nagusi eta adituekin batera ekarpena eginez. Egiaz, hurrengo belaunaldiak euskaraz jabetzea bermatuko duen proposamen zehatza jarriz mahai gainean, euskarazko ikasteredu orokortu eta inklusiboa ardatz duena. Hizkuntzaren gaineko korapiloa askatzeko proposamena izan da, eta gaur hemen islatzen den bezala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza komunitatearen adostasun zabala du.

Lege berriaren onarpen prozesua azken txanpara heldu da. Aste batzuen buruan jakingo dugu proiektu berriak aurrera egingo duen edo ez, eta zein eduki zehatzekin egingo duen. Une kritikoa da.

Joan den apirilean lege proiektua aurkeztu zenean balorazio gazi-gozoa egin genuen. Egitasmoan ikusi genituen euskararen normalizazioari dagokionean noranzko egokian jartzen gintuzten urrats batzuk, hala nola, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle guztiek hizkuntza ofizial bietan B2 maila iristeko helburua zehaztea. Begi onez ikusi genuen, halaber, ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektua landu eta garatu beharra. Zoritxarrez, ordea, hutsune asko ikusi genituen ere, baleko elementuak baino gehiago. Esate baterako, hizkuntza proiektuen abiaburuko ebaluaziorik ez aintzat hartzea edota azken helburuen inguruan kanpo ebaluaziorik ez ezartzea. Hau da, orokorrean, erabateko lausotasunean uztea legean bertan hizkuntza arloan jasotzen diren helburuak bete ahal izateko ibilbidea. Iragan ekainean Eusko Legebiltzarrean, Hezkuntza Batzordean, egin genuen agerraldian horixe izan zen gure eskari nagusietako bat: Hezkuntza Lege berriak zehaztasuna behar zuela baldin eta euskaren normalizaziorako eta gizarte kohesiorako tresna izango bada. Zehaztu behar zirela ikastetxeen hizkuntza proiektuen nondik norakoak, proiektu horien zein emaitzen ebaluazio moduak, eskura izango ziren baliabideak. Beste eskaera zehaztasun horien nolakotasunaren ingurukoa zen: azken batean, euskara gehiago behar duela Hezkuntza Legeak; hain zuzen ere, euskara gehiago, gutxien duenari gehiago emateko.

Hau da, azaldu genuen zaurgarritasun sozioekonomikoa identifikatzen den bezala identifikatu behar dela zaurgarritasun soziolinguistikoa ere, tamalez, hainbatetan elkarrekin eta elkar indartuz gertatzen baitira. Eta horren araberako baliabideak jarri behar direla ikastetxeen, hezkuntzako langileen, eta, oro har, hezkuntza komunitateko kideen esku. Halaber, curriculumaren ardatza euskal kultura izatea ezinbestekoa delako euskararen ikaste- eta erabiltze-prozesuak zentzua izan dezan, hizkuntza minorizatua dela aintzat harturik. Laburbilduz, horiek lege proiektuari ikusten genizkion gabeziak, eta horiek bide egokira ekartzeko indar politikoei egindako eskaerak.

Arestian aipatu dugu, honenbestez, legearen eztabaida eta onarpen prozesua azken txanpan dela. Eta, hain justu, hona iritsi garenean, une kritikora, ezustekoa hartu dugu aurkeztu diren hainbat zuzenketa justu kontrako noranzkoan doazelako. Ezustekoa hartu dugu, datozen hamarkadetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren bizkar hezurra izan daitekeen legea jada zaharkituak dauden hizkuntza-ereduen gainean eraikitzeko aukera zabaltzen dela ikusita. Kezka sakona eragin digu, atzerapauso handia litzatekeelako.

Izan ere, hizkuntza-ereduetan oinarritutako sistema hori jada iraungita dago. Ez dugu guk esaten: orain arteko esperientziak eta ibilbideak, eta gaur egungo ikasgeletako errealitateak, frogatu du ereduak zaharkitutako tresnak direla. Hezkuntza komunitatean adostasun zabala dago horren inguruan; Jaurlaritza beretik ere adierazi da errealitateak berak utzi dituela atzera. Finean, hizkuntza-ereduak gaindituta daude eta ez dira eragingarriak ikasleek hezkuntza itunean zein lege egitasmoan bertan ezartzen diren hizkuntza helburuak lor ditzaten.

Ereduen mantentzeak ondorengo belaunaldietan milaka ikasle euskaldundu gabe uztea eragingo du, ateak itxiz. Hau da, milaka haur eta gazteri euskara menderatzeko aukera eragotziko zaie, haiei kalte nabarmena eraginez, aukera sozial eta profesionalak areagotzeko tresna garrantzitsua ukatzea den heinean. Eta, orokorrean, euskararen normalizazioa kaltetuz, eta horrenbestez, gizarte kohesioa eta bizikidetza.

Horregatik deritzogu duela 40 urte sortutako hizkuntza-ereduen sistema sakonki diskriminatzailea dela, milaka ikasleri bertako hizkuntzaren gaitasuna lortzea galaraziko baitzaie, ofizialtasunak ezartzen duen euskara ezagutzeko eskubidearen eta botere publikoen betebeharraren kontra. Gaur egungo esperientziak eta datuek erakusten dutelako ereduak segregaziorako tresna ere izaten direla, eta zaurgarritasun sozioekonomikoari zaurgarritasun soziolinguistikoa erantsiz, milaka haurren etorkizuneko garapen soziala eta profesionala baldintzatzen duela. Ereduen sistemak sarritan euskara gutxien dutenei are eta gutxiago ematen die, gizarte kohesioa indartzea eragotziz. Eta, era berean, beste milaka herritarrek hizkuntza eskubideak egikaritzea zailduko du, bizikidetzan sakontzea trabatuz.

Halaber, kezkagarria deritzogu, gurasoen erabakitzeko ahalmenarekin argudioarekin, etorkizuneko belaunaldien aukera berdintasuna baldintzatzea. Ereduen sistemak milaka haur benetako monolinguismo edo elebakartasun batera kondena ditzake, gaztelera soilik menderatzera, bertako hizkuntzaren ezagutza nahikorik izan gabe. Izan ere, erabat jakina da gaur egungo gure gizartean gaztelera menderatzea erabat bermatuta dagoela, biztanleriaren ia %100ak ezagutzen duela, eta gaur egun elebakar bakarrak gaztelera hiztunak direla.

Kontseiluak epe luzeko begirada proposatzen du, hamarkada batzuk barru euskal gizartea euskaldun eta eleaniztuna izan dadin. Hau da, belaunaldi berriek bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat menderatu dezaten, Hezkuntza Itunean adostu zen bezala. Jakin badakigu ere, euskarazko ikastereduak ez dituela bere kabuz bakarrik ikasle guztiak euskalduntzen eta ezinbestekoak direla berrikuntza pedagogikoa, euskal kulturaren transmisioa, hezkuntza ez-arautua eta eskolako ingurunea euskalduntzea, eta euskara gutxien dutenei baliabide gehiago zuzentzea, besteak beste.

Hau ez da egun batetik bestera egikaritu daitekeen zerbait, trantsiziorako denbora beharko duen prozesu bat baizik. Euskal gizartearen kohesioan eta berdintasunean sakontzeko apustua da, eta une honetan hartuko diren erabakiek erabat baldintzatuko dute datozen hamarkadetako euskararen normalizazio prozesua.

Horregatik, eta eztabaidaren une kritikoan gaudenez, Kontseiluak eta hemen batutako beste eragileok, elkarrekin, arduraz jokatzeko eskatzen diegu alderdi politikoei, eta iraganeko hizkuntza-ereduak atzera utzita hel diezaiotela etorkizunari, Hezkuntza Legea datozen belaunaldiak euskalduntzeko berme eta giltza izan dadin behar diren eduki eta zehaztasunekin hornituz, euskara ardatz duen ikasteredu orokortua eta euskal curriculuma erdigunean jarriz.