Durangoko Azokak taupadaka jarrai dezan
Sareak elkartuko gaitu aurten Durangoko Azokan. Landako gunearen ordez, salmenta gune digitala eskainiko du azokak abenduaren 4tik 8ra durangokoazoka.eus atarian, eta streaming bidez jarraitu ahal izanen dira zuzeneko emanaldi eta solasaldiak –gutxi batzuek izanen dute bertaratzeko aukera, aldez aurretik izena emanda, eta herriz herri egingo dira zenbait kontzertutan-. Pandemiaren erruz egin beharreko aldaketak izan dira horiek. Euskalgintzako hainbat egitasmoren antzera, egoerara egokitu behar izan baitu azokak; ez preseski neke gutxirekin.
Aldaketak aldaketa, ordea, beste edizio bati eustea erabaki du antolakuntzak, inoiz baino beharrezkoagoa delako: euskal kulturarentzat leiho garrantzitsua ezezik, salgune eta elkargunea ere bada eta Durangoko Azoka, eta hori beharrezkoa du euskal kulturak, are gehiago pandemiak bete-betean harrapatu duen honetan. Horregatik, euskalgintzak eta zehazki Kontseiluak herritarrei eskatu diote Durangoko Azokan parte hartu dezatela, sarearen bidez bada ere. Euskaraz bizitzeko nahia adierazteko aukera eskaintzen duelako azokak.
Babestu euskalgintza
Durangoko Azoka ez da aldaketak eta egokitzapenak egin dituen egitasmo bakarra. Izan ere, euskalgintzaren hainbat proiektu mugarri bertan behera geratu behar izan dira; hala nola, Korrika, Ikastolen eta Eskola Publikoen festak zein hainbat bertso-txapelketa eta kultur ekitaldi. Eta, aurrera egitea lortu dutenek, hainbat egokitzapen egin behar izan dituzte, Durangoko Azokak nola; Errigora bera, adibidez.
Egoera honen aurrean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ziurtatu du ezinbestekoa dela herritarren aktibazioa eta babesa: «Aparteko aukera dugu proiektu horietan parte hartuz, proiektu horiek babestuz, erakusteko euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea dugula. Euskalgintza bizirik dagoelako, denok garelako euskalgintza». Eta erakundeei eskatu diete erantzunkizunez jokatu dezatela, euskalgintzaren eta euskal hiztunen eskubideen aldeko erabaki estruktural eta iraunkorrekin.
Orain Durangoko Azokarekin dugu horretarako aukera. Batu taupadara!
Iruzkinik ez "Durangoko Azokak taupadaka jarrai dezan"