Euskaltzale guztiok Korrikara!

2026ko martxoaren 18a

Bihar abiatuko da 24. KORRIKA, 11 egunez, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubide unibertsala aldarri, Euskal Herria zeharkatuko duen herri ekimen erraldoia.

Euskalgintzaren Kontseiluak KORRIKAn parte hartzera deitzen ditugu euskararen normalizazioan eta biziberritzean sinesten duten herritar guztiak.

Izan ere, KORRIKA ez da alperrik iritsi gaur arte. 1980an lehen aldiz antolatu zuenetik, milaka euskaltzaleren bultzadari esker eta oztopo guztien gainetik, AEKk lortu du hamaika egunez euskara erdigunera ekartzea, eta gizarteko gehiengo zabala euskararen normalizazioaren alde dagoela erakustea.

Baina, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gauden honetan, ez da aski euskararen alde egotea; ezinbestekoa da euskararen alde egitea. Erabilera normalerako baldintzen eta ezagutzaren unibertsalizazioaren alde eragitea. Euskararen eta hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi antolatuaren aurrean, normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko posizio eta jokabideak bultzatzea. Urratsak ematea, konpromisoak hartzea, antolatzea.

Jabetu gaitezen euskara minorizatutako hizkuntza dela, eta euskaldunak minorizatutako hiztunak. Egin dezagun euskaraz bizitzeko hautua, bizitzako eremu guztietan. Eta euskararen jabe ez bagara, eman dezagun ikasteko urratsa, eta eman diezaiegu euskara gure ondorengoei. Ez ditzagun normalizatu hizkuntza-eskubideen urraketak; ozen salatu ditzagun. Partekatu dezagun ingurukoekin euskararen etorkizunak sortzen digun kezka, eta ekar dezagun euskararen auzia gure lehentasun sozial eta politikoetara. Antolatu gaitezen euskaltzale gisa, lagunartean, lantokian, sare sozialetan, kirol eta kultur elkarteetan, bai eta euskalgintzak eskaintzen dizkigun erakundeetan.

Finean, bultza ditzagun euskararen aldeko erabaki, ekimen eta jarrerak gure bizimoduko eremu bakoitzean. Izan gaitezen euskararen aktibistak. Euskararen alde hartzen ez diren erabakiek minorizazioa indartzen baitute.

Euskara Gara dio aurtengo KORRIKAren leloak. Izan gaitezen, gutako bakoitza, euskarak behar duen Pizkundearen txinparta. Euskaltzaleok egin ezean, ez baitu beste inork egingo.

Euskaltzaleon garaia da!