Kontseiluak harridura adierazi du euskalgintza soziala Euskararen Aholku Batzordetik kanpo utzi delako

2025ko uztailaren 04a

Euskalgintzaren Kontseiluak harridura eta kezka azaldu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak osatutako Euskararen Aholku Batzorde berrian ez dagoelako gizarte ekimeneko euskalgintzaren ordezkaririk.

Iragan ekainaren 23an lehen aldiz batu zen Aholku Batzorde berriko 27 kideen artean ez dago, esaterako, egunerokoan euskara herritarrei ematen aritzen diren helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreko ordezkaririk, hezkuntzaren arloan helburu horren bila lanean ari diren gizarte eragileetako kiderik, lan munduaren euskalduntzean egunero-egunero aritzen diren aholkularitzetako ordezkaririk, euskararen erabileraren aktibazioan herriz herri eta egunez egun ari diren eragileetakorik, euskararen ezinbesteko ekosistema den kultur arloko eragileen ordezkaririk… Euskalgintzaren Kontseilua horien guztien bilgune eta bateratzaile da hizkuntz politiketan egin beharreko proposamenei dagokienean. Horrenbestez, Euskararen Aholku Batzordeko kide izan da azken urteetan, eta, orain, harriduraz jaso du osaera berritik kanpo geratzea.

Kontseiluaren iritziz, gizarte ekimeneko euskalgintza ezinbesteko aktoreak dira euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak aurrera egin dezan. Beraz, ezinbestekoa da eguneroko jardunean herritarrak euskalduntzen, euskararen erabilerarako espazioak sortzen, sustatzen eta atxikimendua bultzatzen ari diren eragile nagusiak aholku eta erabakiguneetan presente izatea.

Izan ere, euskalgintza egunero ari da harremanetan gizarteko errealitatearekin, euskalduntzen ari diren pertsonekin, euskaldunduko direnekin, euskaraz bizi nahi dutenekin, bai eta nahi eta ezin dutenekin. Ekimen sozialeko euskalgintzaren jakintza eta ekarpenak bateratzeko eta bideratzeko sortu zen Kontseilua, eta metatutako ezagutza horren ekarpena egin nahi du orain ere.

Gogoratu behar dugu Kontseiluaren parte dira euskararen erabilera soziala egunez egun eta herriz herri sustatzen ari diren euskaldunen eta euskaltzaleen elkarteak; urte osoan zehar lanean ari diren gizarte ekimeneko euskaltegi eta barnetegi sare nagusiak; euskal kulturaren ekosistema eta transmisioa sustatzen jarduten duten kultur eragileak; aisialdian, hezkuntza ez formalean eta berrikuntza pedagogikoan aritzen diren elkarteak; hezkuntza sisteman belaunaldi berrien euskalduntzen aritzen diren ikastetxe sare eta guraso elkarteak; euskarazko hedabideak, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten duten aholkularitzak, eta abar luze bat.

Izan ere, euskalgintzaren ezagutza eta esperientzia metatua eta erakundeen eskumenak erabat bateragarriak dira, eta ezinbestekoa dugu elkar entzun eta elkarrekin lan egitea. Euskararen berreskurapen, normalizazio eta biziberritzen prozesu orok gizarte ekimenaren beharra du, eta hizkuntza-politiketan euskalgintzak biltzen dituen dozenaka mila euskaldun eta euskaltzale aktibo ahotsa eta ekarpenak aintzat hartu beharko dira aurrera egin nahi bada, hartutako erabakiak lurreratu eta herritarrengana iritsi ahal izateko.

Horrexegatik, Euskalgintzaren Kontseiluak bere borondatea adierazten du egoera bideratu eta lankidetza emankorrari jarraipena emateko. Larrialdi linguistiko betean, guztion ekarpenak ezinbestekoak dira.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!