Joxe Azurmendi, euskaltzaletasun garaikidearen zutoinetako bat

2025ko uztailaren 03a

Euskalgintzaren Kontseiluak atsekabea adierazi nahi dugu Joxe Azurmendi Otaegi pentsalari, idazle eta euskaltzale konprometituaren heriotzagatik. Eta, bide beretik, esker ona adierazi nahi diogu euskararen normalizazioari eta euskaltzaletasunari egindako ekarpen emankorrarengatik.

Azurmendik, 56ko belaunaldiko beste kide batzuekin batera, euskararen auzia oinarrizko eta egiturazko auzia dela ulertu eta ulertarazten lagundu zuen, euskaltzaletasun garaikidearen zutoinetako bat ezarriz. Halaber, mundua euskaratik eta euskaraz osatzeko oinarriak jarri zizkigun egungo eta etorkizuneko euskaldunoi.

Euskal hiztun komunitatea larrialdi egoera hartatik pizkunde berri batera eramateko konpromisoa adierazi eta egikaritu zuen. Jakin Taldea, Elkar, Argia, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskaltzaindia eta beste hamaika egitasmoren parte eta bultzatzaile izan zen.

Euskalgintzaren iparretako bat joan zaigun arren, bere ideiek gurekin jarraituko dute. Ez alperrik, ezaugarri eta erronka berrituekin bizi dugun larrialdi linguistikotik indarraldi berri bat artikulatzeko konpromisoan berresten gara gu ere.

Ez adiorik, Joxe. Gugan zaude.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!