Xabierrek erakutsitako bidetik, hizkuntza politika berriaren oinarria jarri eta bultzada emango dion akordio soziopolitikoa lantzen ari da Kontseilua

2024ko apirilaren 29a

Iazko urriaren 2an hil zen Xabier Mendiguren Bereziartu (1945-2023) idazle, itzultzaile eta euskaltzale handia. Euskalgintzan eta arlo ugaritan ekarpen oparoak egiteaz gain, Kontseiluko idazkari nagusia izan zen 1998tik 2010era. Pasa den ostiralean, apirilak 26, Euskalgintzaren Kontseiluak merezitako omenaldia egin zion Martin Ugalde Kultur Parkean, 2024. urteko Batzar Nagusia baliatuz.

«Bizi gaitezen» – Xabier Mendiguren Bereziarturen omenezko hitzak

Aize Otaño Kontseiluko lehendakariak ongi etorria egin zien bertaratutako senide, lagun eta ordezkari instituzional, politiko, sozial eta sindikal ugariei, eta segidan, Oihana Iguaran bertsolariak kantuz eman zion hasiera ekitaldiari. Jarraian, Josu Zabaleta eta Aintzane Ibarzabal itzultzaile eta EIZIEko kideen arteko solasaldian Kontseilura etorri aurretik Xabierrek egindako ibilbidea gogoratu zuten, batez ere itzulpengintzan egindakoa.

Ondoren, Pilar Kaltzada Kontseiluko komunikazio arduradun izandakoak, eta Xabierren ondoren 2010-2022 artean Kontseiluko idazkaritza nagusia hartu zuen Paul Bilbaok, erakundearen ibilbidean berarekin izandako bizipenak kontatu zituzten. Oihana Mendiguren alabak familiaren izenean hitz batzuk partekatu zituen.

Azkenik, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak Xabier gogoratu eta etorkizunerako mezua eman zuen, 1998ko Bai Euskarari akordioa soziopolitikoa eta Kontseilua orain lantzen ari den akordioa lotuz. Behean irakurri daiteke hitzartze osoa.

Ekitaldiaren kronika ezin hobeak jaso zituzten Arantxa Iraola kazetariak BERRIArako, Maider Iantzi kazetariak GARArako eta Jon Agirre kazetariak DIARIO VASCOrako.



Idurre Eskisabel Larrañaga Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzartzea

«Akordio sozialak esan nahi du sinatzen duenak euskararen normalkuntzaren bidean aurrerapausoak emateko konpromisoa hartu duela. […] Kontua da giro bat sortzea Euskal Herriko eta egoera ezberdinetan dauden gizarte eragileek aurrerapausoak eman ditzaten nork bere lekutik, eta borondatez. Eta, gainera, guztiok gara protagonista euskara erabiltzeko eta horretarako egiturak prestatzeko konpromisoan. Helburua da datozen belaunaldiak alor guztietan euskaraz bizi daitezen».

Xabierren hitzak dira horiek, 1998ko abenduaren 20an Euskaldunon Egunkarian argitaratutako elkarrizketan jasotakoak. Zer diren gauzak: orduan kazetari gazte eta orain Berria-ko zuzendari den Amagoia Mujikak egin zion elkarrizketa.

Jakina, testuinguru zehatza zuen elkarrizketa hark: 60koetan abiatutako euskararen Pizkundearen tresneria dagoeneko bereak emanda kamusten ari zen, eta mende berriarekin batera erronka berri eta handiak heldu ziren euskararentzat, hau da, euskara jendearentzat. Salda horretan egosi zen Kontseiluaren sorrera, hain zuzen ere, euskalgintzaren tresneria berritzeko, erronka berrietara egokitzeko. Euskaraz bizitzea helburu eta akordioa horretarako bide, XXI. Menderako akordioa. Batzen gaituena bilatzea. Adostasuna lantzea. Horra Xabierren estiloa, emaria, ekarpena. Kontseiluan zizelkatuta utzitako lorratza.

Eta, nola diren gauzak: euskalgintza orduko aldarte beretsuan da egun. Abaila bizian doa mundua. Gero eta azeleratuago aldatzen da, eta, horrenbestez, gero eta azeleratuago agortzen zaizkigu ereduak, eragiteko bideak. Kamustu egin zaizkigu orain 25 urte sendo ez ezik distiratsu erditu genituen tresnak. Eman dute berena. Euskalgintza askotariko eta zabalean horri buruz bada akordioa ez ezik adostasuna. Argi dugu lanabes berri eta indartsuak behar ditugula. Zoritxarrez, ordea, kontrara ari zaigu orain ere betiko haizea, euskara jendeaz gain hizkuntza berdintasun eta aniztasuna jomugan dituena: tresna berriak behar ditugunean kamustuta ditugunak ere ebasten.

Baina oldarraldi giro honetan areagotu egin da adostasun premia, Xabierrek markatutako akordio bidea. Izan ere, Oldarraldi judizialaren bidez auzi sozial eta politikoa dena, beraz, eztabaida eta akordio sozial eta politikoen bidez gainditu beharrekoa, judizializatu egin da. Eztabaida bera ebatsi da, hein batean.

Eta eztabaida horren muina ez da txantxetakoa, euskararen normalizazio zeri esaten diogun, nola ulertzen dugun, baitago auzitan. Ikuspegi baten arabera, administrazioarekin hautatutako hizkuntza ofizialean harremana izatera murrizten da normalizazioa. Beste ikuspegian kokatzen garenok, hori baino askoz ere prozesu sakonago, oro hartzaile eta holistikotzat dugu: gizarte bizitzako eta bizimodu indibidualetako eremu guztietan gauzatu beharreko prozesua da, eta, beraz, hizkuntz-eskubideak –gainerako eskubideak bezala– ez dira administrazioarekiko harremanera eta zerbitzu publikora mugatzen. Era berean, eremu guztietara zabaltzeak ulerkera indibiduala gainditu eta dimentsio kolektiboa ematen die hizkuntz eskubideei. Eta, gainera, dimentsio kolektibo horretara salto egiten duenean, gizarte kohesiorako, justizia sozialerako eta demokratizaziorako tresna bihurtzen da. Bestela, arriskua baita hizkuntz segregazioan oinarritutako gizartea eratzea. Eta hori guztiontzako da kalte, baina batik bat, bizikidetzarako, gizarte kohesiorako eta demokratizaziorako.

Horregatik, eta Xabierrek erakutsitako bidetik, akordioa da une honetan Kontseiluaren proposamena. Hizkuntza politiketan ezinbestekoa den jauziri oinarria jarri eta bultzada emango dion akordio soziopolitiko berria. Batuz Aldatu dinamikaren bidez eta eragile politiko eta sozialekin aurrera daramagun elkarrizketaren bidez horixe da datozen hilabeteetarako gure jardunaren ardatza eta egitekoen iparra. Eta, argi dugu, akordio horren muina, gaur egungo auzi sozial eta politiko guztietan bezala, konpromiso hitzak zeharkatzen duela. Bi baitira aukerak: gertatzen ari den horren ardura eta erantzukizuna hartu, komunitatearen parte izan, edo ustezko askatasunean babestuta muturreko indibidualismora makurtu. Euskararen auzia ez dago horretatik aparte. Beraz, hori da akordioaren muineko proposamena: euskararen normalizazioarekiko konpromiso zibikoa hartzea eta bultzatzea, arestian esan bezala, hizkuntza baten iraute abstraktutik harago euskara jendeon bizigarritasunerako giltza baita. Gizarte kohesioan, justizia sozialean, bizikidetzan eta demokratizazioan sakontzeko ezinbesteko oinarria.

Ikuspegi hau ekarri zigun Xabierrek, eta gugan dugu bizi-bizirik. Dudarik gabe, Xabier gugan dago.

Eskerrik asko.

Andoainen, 2024ko apirilaren 26an.


ARGAZKIAK