Donibane Garaziko Adierazpena: hitzetatik ekintzetara

2022ko apirilaren 04a Iruzkinik ez

DONIBANE GARAZIKO ADIERAZPENA

KORRIKA 22aren 1.062 kilometroan aurkeztu du AEK-k Donibane Garaziko Adierazpena bertako gau-eskolan, helduen euskalduntzearen eremuan diharduten BATUZ Euskaltegi Elkartea (Altza-Urumea, Ulibarri, Urrats, Ilazki, Hitzez, Legazpi, Herri Jakintza, Udaberria), AEK, Juan Mateo Zabala, Gabriel Aresti, Errioxako IKA, Bai&by, Gotzon Garitaonaindia, HEGOALDE, Bilbo Zaharra eta Maizpide euskaltegiekin batera adostutako aldarria. Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia bertan izan da adierazpenari babesa agertzeko.

Doako euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa aldarri

Adierazpenean azpimarratu nahi izan dute garaia heldu dela hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta arlo horretan jauzi esanguratsu bat emateko. Garaia heldu dela hizkuntza-politiketan aldaketak egiteko, eta, jakina, erritmoak erritmo, Euskal Herri osoan eta norabide berean. Garaia heldu dela euskararen normalizazio-prozesua azkartzeko eta, bide horretan, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa aldarrikatzen dute, Euskal Herriko herritar guztiontzat eta doakoa.

Horrela, helduen euskalduntzean diharduten eragileak administrazioei zuzendu zaizkie, eta, hitzetatik ekintzetarako bidean jauzi berriak egiteko eskatu diete, bai eta ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta baldintzetan arreta jartzeko ere. Finean, euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko unea dela aldarrikatzen du Adierazpenak.

Adierazpena txalotu du Kontseiluak

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok zuzenean jarraitu du Adierazpenaren aurkezpena. Oso baikorki baloratu du urratsa, eta KORRIKAren izaerarekin bat datorrela ondorioztatu du: «KORRIKAk erakusten du Euskal Herriaren luze-zabalean presa dagoela euskaraz bizitzeko baldintzak berma dakizkigun. Are gehiago, oraingoan hitzarekin eta ekinarekin jarduteko esan zaigu. Hortaz, instituzio publikoei ere badagokie euskararen doako ezagutza egia bihurtzeko neurriak hartzea, berandu baino lehen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko».

Horrekin batera, eta Adierazpenean bertan Kontseiluak sektoreko eragileekin adostutako Doakotasuneranzko bidean proposamenari ere erreferentzia egiten zaionez, Bilbaok konpromisoa berretsi du proposamen hori zabaltzen jarraitzeko: «Estrategikoa da Kontseiluarentzat doakotasuna bermatzea, eta geure aletxoa jarriko dugu Donibaneko Adierazpenean jasotakoa bete dadin» esan du.