Helduen euskalduntzearen doakotasunerako urrats eraginkorrak eskatu ditugu Nafarroako Parlamentuan

2026ko urtarrilaren 09a

Euskalgintzaren Kontseiluak helduen euskalduntze eta alfabetatze sektorearekin elkarlanean landutako Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena dokumentua aurkeztu dugu Nafarroako Parlamentuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordean. Proposamenak bi ardatz ditu: euskara ikasketen doakotasuna, eta ikasteko beharra sustatzea.

Proposamenaren funtsa honakoa da: herritarrak euskara ikasi ahal izateko dirurik aurreratu beharrik ez izatea, dohainik ikasten segitu ahal izateko gutxienez % 75eko bertaratzea izatea eta ikasmailarik ezinbestean gainditu beharrik ez izatea, euskalduntze prozesu guztia doakoa izatea, ikasleak 2.000 orduko ikastordu kreditu muga izatea eta instituzioek herri ekimeneko euskaltegiek ematen duten zerbitzu publiko hori osorik finantzatzea.

Doakotasuna, baina, ez da baldintza bakarra. Euskara ikasteko beharra ere sustatu behar da, euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa dela transmititzea. Horretarako bi motibazio-mota landu beharko dira, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten: motibazio pragmatikoa (instrumentala) eta motibazio afektiboa.

Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzerako agentzia bateratua

Agerraldian, egungo hizkuntza-politikaren koordinazio falta ere salatu dugu Kontseiluak: «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia dugu: agentzia bat». Agentzia horrek, honako egitekoak izango lituzke: ikasketen doakotasuna bermatzea, glotodidaktikan ikerketa egitea eta irakasleen prestakuntza hobetzea, material didaktikoa sortzea, azterketa batzorde bakarra sortzea hizkuntza-eskakizunen sistema gainditu bitartean, herritar orori euskara ikastea beharrezkoa dela pentsarazteko hizkuntza-politika koordinatzea, eta herritarrak euskara ikastera bultzatzeko komunikazio-kanpainak abiatzea. Agentzia erakunde publiko eta herri ekimeneko ordezkariekin osatuko litzateke: Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaindia eta herri ekimeneko euskaltegiak.

Adostasun sozial zabala doakotasunera bidean

Euskararen biziberritzerako askotariko eragileekin aliantza berriak eraiki behar dira, eta aliantza horiek oinarri politikoa behar dute. Horregatik, Euskalgintzaren Kontseiluan askotariko eragileekin Batuz Aldatu izeneko prozesuari ekin diogu etorkizuneko hizkuntza-politikek izan beharko luketen helburua eta helburu horretara iristeko norabideak adosteko. Prozesu horren emaitza izan da Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza.

Askotariko eragile horiekin guztiekin etorkizuneko hizkuntza-politiketan helburu berria definitu dugu: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Eta helburu horri begira hizkuntza-politikek hartu beharko dituzten bi norabideetako bat euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa litzateke, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Hau da, herritarren euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da euskararen erabilera erosorako.

Ondorioz, eragile horiek guztiek azpimarratu dugu ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta baldintzetan jarri beharko dela arreta, eta horretarako estrategikoa da helduen euskalduntzea doakoa izatea.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!