Helduen euskalduntzeak neurri estrategikoak behar ditu
Egunotan Gasteizen antolatutako Jauzirako Prest! Ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko II. jardunaldietan aurkeztu dute Euskalgintzaren Kontseiluko helduen euskalduntzearen sektorea osatzen duten elkarteetako ordezkariek Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena delako dokumentua.
–
Sektorearen estrategikotasuna
Proposamenean jaso bezala, hainbatek uste izan dute belaunaldi berriak euskaraz eskolatzeak berez euskaldunduko zuela herria. Tamalez, denborak garbi erakutsi du hori ez zela nahikoa. Hau da, beharrezkoa da belaunaldi berriei euskararen ezagutza bermatuko dien euskara ikas- eta irakas-hizkuntza duen hezkuntza-eredu orokortua abian jartzea. Halere, horrekin batera, helduen euskalduntzeak ere ardatz izan behar du herria euskalduntzeko prozesuan. Hortaz, bereziki bultzatu, indartu eta orokortu behar den jardunbidea da helduen euskalduntzea.
Horretarako, Kontseiluko ordezkariek zehaztu bezala, euskara ikasteko eta alfabetatzeko bidea erraztu egin behar zaie herritar guztiei. Proposamena bi zutabetan ardazten da. Alde batetik, euskalduntze prozesu osoa doakoa izan beharko da, eta horretarako, ikasleek dirurik aurreratu behar ez izatea, dohainik ikasten segitu ahal izateko gutxienez %75eko bertaratzea izatea eta ikasmailarik ezinbestean gainditu behar ez izatea. Instituzioek herri ekimeneko euskaltegiek ematen duten zerbitzu publikoa osorik finantzatu beharko dute bost urteren buruan. Bestalde, helduei euskara ikasi beharra ere sortu behar zaie, motibazio pragmatikoa zein afektiboa bultzatuz, bai eta bitarteko egokiak eskura jarriz ere. Finean, helduen euskalduntze masiboak ekarriko du herritar guztiek euskaraz jakitea, eta erabilera nabarmen areagotzea.
Parametro horietan kokatu dute, beraz, proposamena. 2017an eta 2018an Doakotasuneranzko bidean delako proposamena aurkeztu zen EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren, eta oraingoa dokumentu hori osatzera dator. Orduan ere, berezko hizkuntza ikasteak inolako kosturik ezin eragin dezakeela aldarrikatu genuen, eta hori ahalbidetzeko hartu beharreko neurri nagusiak zehaztu genituen helduen euskalduntzean aritzen diren eragile ugarik: AEK, IKA, Maizpide, Hitzez, Urrats, Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai and By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde euskaltegiak.
Esparru askotan hartu beharreko neurriak
Halere, doakotasunaz gain, proposamenean zehaztu bezala, beharrezkoa da helduek euskara ezagutzeko beharra sentitzea, bai motibazio pragmatikoaren bidez, bai eta motibazio afektiboaren bidez ere. Horiei begira, eremu desberdinetan hainbat neurri jasotzen dira:
Administrazioan, langileek dagozkien funtzioak betetzeko euskaraz egiteko gaitasun egokia izatea, eta administrazioen zerbitzuak kudeatzen dituzten entitateek hizkuntza-irizpideak bermatzea. Hezkuntza ez-formalean, euskara-gaitasuna baldintza izatea eremu ez formalean jardun ahal izateko. Eremu sozioekonomikoan, langile guztiei lanorduetan euskara ikasteko eskubidea aitortu eta bermatzea.
Proposamenaren edukia Batuz Aldatu hizkuntza-politiketan eragiteko askotariko ehundik gora eragilek jorratutako dokumentua izan dute oinarri. Izan ere, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren zutabeetako bat denez, ahalegina egin beharko da euskararen ezagutzaren premia gizarteratzeko. Hori, noski, beste eremuetako neurriek baldintzatuko dute, esaterako, administrazioko hizkuntza-eskakizunek, lan-munduan euskararen ezagutzak izango duen balio berezituak… Garrantzitsua izango da hizkuntzaren prestigioan eragitea eta, horrekin batera, ezagutu ez ezik, ezagutza hori egunerokoan praktikara eramateko politika egokien inplementazioa ere bai. Hau da, erabilera erosorako neurriak ezartzea.
Hori guztia lortzeko, proposamenaren arabera, helduen euskalduntzearen sektoreak Euskal Herri osoan eragina izango duen marko juridiko-finantzarioa beharko du, zeinak sektorearen egituraketa birdefinituko duen, bere funtzio estrategikoa kontuan hartuta.
Helduen Euskalduntzerako Agentzia
Horri lotuta, gaur egun ez dago Euskal Herri osoko helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jardun koordinaturik administrazioen eta herri ekimenaren artean, eta lehenago ere ez da inoiz horrelakorik izan. Gainera, gure herria banatua dagoen hiru eremu administratiboetan gerta daitezkeen aldian aldiko gorabehera politikoek nabarmen baldintzatzen dute euskalduntze prozesua, oro har, eta, zer esanik ez, helduen euskalduntze alfabetatzea.
Kontseiluko sektorearen ustez, Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia dago, helduak euskalduntzea eta alfabetatzea estrategikotzat joko duena, alor hori koordinatuko duena, euskal herritar heldu guztiek euskaraz jakitea helburu izan eta horretarako epeak ezarri eta behar adina bitarteko izango duena. Aldian aldiko gorabehera politikoen menpe ibiliko ez dena, eta euskalduntzeari, zentzurik zabalenean ulertuta, bultzada atzeraezina emango diona.
Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar bat sortzeko proposamena egiten dute, instituzio publikoek eta euskalgintzak osatutako agentzia bat, Europar Batasunaren lege esparruan kokatua, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna koordinatu eta oso-osorik finantzatuko duena, euskal herritar heldu guztiek euskaraz jakitea xede izango duena, euskara Euskal Herri osoan bizitzaren alor guztietan nagusi izan dadin, eta horretarako epeak finkatu eta bidea jarriko duena.
Iruzkinik ez "Helduen euskalduntzeak neurri estrategikoak behar ditu"