Ikasleen euskara gaitasuna bermatzea betebeharra dela gogorarazi du Kontseiluak Legebiltzarrean
Duela hilabete batzuk, Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Lege berria eztabaidatzeko prozesuari ekin zion, Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko batzorde txostengilea eratuz. Azken asteetan, batzorde horretatik zenbait adituk agerraldiak egin dituzte gaiaren inguruko ertz eta proposamen desberdinak aurkezteko.
Gaur, euskararen normalizazioaren alde lanean diharduten 30 gizarte eragileren bilgune den Euskalgintzaren Kontseiluaren txanda izan da, eta Paul Bilbao idazkari nagusiak aurkeztu du Hezkuntza Batzordeko legebiltzarkideen aurrean Kontseiluaren ekarpena.
Hezkuntza-sistemaren legezko betebeharra
Bilbaok azaldu duenez, Kontseiluak «argi du gai honek bi alde dituela: batetik, alde teknikoa, hau da, nola egin daitekeen ikasle euskaldun eleaniztunak bermatzeko; eta bestetik erabaki politikoa, alegia, erabakia hartzea belaunaldi berriak euskaldun egingo dituen ikasteredua abian jartzeko».
Alde teknikoari dagokionez, Kontseiluak 2008ak aurkeztu zuen Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen proposamena izan du hizpide. Proposamen hori hezkuntzako eragile nagusiekin jorratu zen: Ikastolen Elkartea, EHIGE, Sortzen, Kristau Eskolak eta HikHasi. «Orain arte ikasle euskaldun eleaniztunak bermatu dituzten eragileen eta bestelako adituen iritzia izan zuen kontuan Kontseiluak ekarpen hori egiteko» azpimarratu du Kontseiluko eledunak.
«Gogoratu dugu ekarpen hori aurkeztu genuenean, lehenago azterketa sakon bat egina genuena: azterketa juridikoa, azterketa soziolinguistikoa, azterketa psikologiko eta pedagogikoa, eta azterketa operatiboa. Eta horko ondorio batzuk partekatu ditugu gaur legebiltzarkideekin. Garrantzitsuena hezkuntzaren estatusari lotzen zaiona da: ikasleek badute euskara ikasteko eskubidea aitortuta, eta, berez, hezkuntza-sistemak eskubide hori bermatu behar die. Beraz, hezkuntza-sistemari dagokio, ofizialtasunak hala ezartzen duelako, ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean hizkuntza-gaitasun egokia lortzea, euskara-gaitasun egokia lortzea. Azpimarran jarri nahi izan dugu hau ez dela borondate kontua, baizik eta hezkuntza-sistemaren betebeharra» esan du Bilbaok.
Azterketa horren emaitzez ere aritu da Kontseiluko idazkari nagusia: «Beste hainbat ondorio ere atera genuen orduan: hezkuntzaren erreforma lege baten bidez etorri behar zela; D eredua dela guraso genien hautatzen dutena; eta eredu hori etorkinen gizarteratzeko baliagarriena dela, bizikidetza bermatzeko eredua. Eta ondorio horiekin Kontseiluak bere proposamena egin zuen».
Aipatutako Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen proposamenak hiru ardatz nagusi ditu Bilbaok: «Batetik, zein izan beharko litzatekeen hizkuntzen ordu banaketa ikasketa prozesuan, eta hor argi dago euskarak izan behar duela ardatza. Alegia, euskaran murgiltzea eta mantentze eman behar dela. Bigarrenik, hizkuntza-proiektua izan behar dela zutabe ikastetxeetan. Ikastetxeek hizkuntza-proiektuan nola egin behar duten, zein izan beharko luketen ezaugarriak eta abar horiek jasota ditugu gure proposamenean. Eta hirugarrenik, ikasleen B2 maila egiaztatzen dutela ebaluatzeko zein bide erabiliko dugun».
«Esan bezala, hori da proposamen teknikoa. Proposamen tekniko benetan egingarria. Eta emaitza egokiak lortzen dituena. Hori dena hezkuntzako eragile nagusien adostasunaren gainean egin genuen 2008an. 2020an, gainera, eragile horiek guztiak eta HEIZE batu genituen eta berriz ere azpimarratu zuten proposamen horren balioa» gogorarazi du Paul Bilbaok.
Hezkuntza komunitatea eta gehiengo sindikala alde
Alde teknikoa aurkeztu ostean, Kontseiluko eledunak alde politikoari ere lotu zaio: «Gaur, legebiltzarkideekin partekatu nahi izan dugu aurreko ostegunean Kontseiluak erakutsitako adostasuna Euskaraz hezi berdintasunean hazi dinamikaren baitan. Beste gai batzuetan desadostasun handiak badituzte ere, hezkuntzako eragile nagusiak eta gehiengo sindikala batuz lortu dugu hizkuntzaren aferan adostasun bat lortzea, lortu dugu aldarri bakarra egitea. Aldarri hori da hurrengo hezkuntza-hitzarmenak, eta beraz, hurrengo hezkuntza legeak, ikasteredu orokortu berri bat abian jarri beharko duela, eta horren oinarria murgiltze-mantentze eredua izan beharko dela» nabarmendu du Kontseiluko eledunak.
«Hori guztia benetan bizikidetzan sinesten dugulako, gizarte kohesioan sinisten dugulako, eta, garrantzitsuena, hezkuntza-sistemak betebehar hori duelako. Ikasle guztiei, edozein jatorri sozial, linguistiko, edozein ingurunetan kokatuta badago ere, sistemak bermatu behar dio euskararen gaitasun egokia lortuko duela» esanez bukatu du Bilbaok.
Azkenik, Kontseiluko ordezkariak aurreko osteguneko adostasunari atxikitzeko eskatu die legebiltzarreko ordezkariei.
Argazkia: Eusko Legebiltzarra.
Iruzkinik ez "Ikasleen euskara gaitasuna bermatzea betebeharra dela gogorarazi du Kontseiluak Legebiltzarrean"