Euskarazko eredu orokor eta inklusiboa jaso dadila, belaunaldi berriak euskalduntzeko
Irailean, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-lege aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu zuen, eta datozen egunetan bukatuko da ekarpenak egiteko epea, behin betiko aurreproiektua Legebiltzarrera bidali aurretik.
Honen aurrean, 2021eko abenduan Euskaraz Hezi Berdintasunean Hazi adierazpena aurkeztu zuten toki berean aurkeztu dute EAEko Hezkuntza Legeari egindako osoko ekarpena, euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamen integrala. Bertan izan dira, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaz gain, hezkuntza-komunitateko eragile EHIGE, Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasiko ordezkariak, bai eta euskal gehiengo sindikaleko ELA, LAB eta STEILASeko ordezkariak ere.
Euskara ikas- eta irakas-hizkuntza duen hizkuntza-eredu orokortu inklusiboa
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu du lege-proposamenaren edukia. Horrela, lehenik eta behin gogoan izan du, eragile guztiek kezka bera partekatzen dutela aurkeztutako lege-zirriborroaren inguruan: «behin eta berriro esaten ari gara lege berriak argi zehaztu behar duela zein izango den etorkizuneko hizkuntza-eredua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza-sisteman. Hori ez da argi geratu aurkeztutako zirriborroan. Hortaz, horixe da gure proposamenak bete nahi duen lehen gabezia».
Izan ere, aurkeztutako proposamenak modu zehatzean jasotzen du etorkizuneko hezkuntza-sistemaren hizkuntza eredua: euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakas- eta hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da; are gehiago, hizkuntza-eredu orokor eta inklusiboa izango da eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza-ofizialen arteko aukeraketaren arabera. «Lege berriak zehaztapen-maila altua izan beharko du eraginkorra bada. Beharrezkoa da legeak argi eta garbi zehaztea zein den hurrengo hamarkadetan ezarriko den hizkuntza-eredua. Euskararen gaia malgutasunez jokatuz gero, etorkizuneko belaunaldien euskalduntzea kaltetuko da, eta hori ezin da onartu» azaldu du Bilbaok.
Arrazoi horrengatik, Kontseiluko eledunak euskarazko hizkuntza-eredu orokortuaren beharra justifikatu du: «Ikasle guztiek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta lege honek eskubide hori bermatu behar du. Orain arte, datu guztiek erakusten duten bezala, euskarazko eredua izan da helburu hori lortzeko eredurik arrakastatsuena. Horregatik diogu, Legeak euskarazko eredu orokortu eta inklusibo berri bat jaso beharko lukeela, benetan nahi bada belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea, justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren bidean».
Horrekin batera, proposamen honetan, Jaurlaritzak aurkeztutako lege-zirriborroan bezala, hizkuntza-proiektuek garrantzi handia hartzen dute. Bilbaoren esanetan, «atal horretan ere jarrita dago hizkuntza-proiektuek hizkuntza-ereduari jarraitu behar diotela derrigorrez, eta euskararen ikaskuntza-prozesuan ikastetxearen errealitateari egokitzeko irizpideak izan beharko dituela, baina beti ere oinarri bati jarraiki: euskara gutxiago duenari euskara gehiago ematea. Ezin onar daiteke euskara gutxiago duena euskara gutxiagorekin konformatu behar izatea, bazterketa soziala bultzatzea». Atal horretan, bestalde, hizkuntza-proiektuak ebaluatu eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu beharra jasotzen da. «Are gehiago, hizkuntza-proiektua egokitu ezean programa-kontraturik ez da sinatzerik izango», azpimarratu du.
Ekarpen integrala
Hizkuntza-ereduez eta hizkuntza-proiektuez gain beste hainbat elementu jaso ditu gaur aurkeztutako proposamenak. Lehenik eta behin, curriculumari, euskal curriculumari bereziki, erreferentzia zuzena egiten dio: «euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia jaso beharko du, eta hainbat lanketa proposatzen ditugu horretarako».
Halaber, ikastetxeetako hizkuntza-jarduna ere arautzen du lege-proposamenak, ikastetxeak euskararen arnasgune funtzional bihur daitezen, eta ikasleak euskaraz normaltasunez bizi daitezen.
Jarraian, Kontseiluko idazkari nagusiak lege-proposamenak jasotako atal guztiak zerrendatu ditu: irakaskuntzarako sarrera eta horniketa, ikastetxeetatik kanpoko eskaintza, ebaluazioa, euskararen beste lurraldeekiko lankidetza, lanbide-heziketa, kirol- eta arte-ikaskuntzak… bai eta hezkuntza-sistemaren helburuak eta ikasleen hizkuntza-eskubideak ere. «Saiatu gara ekarpena integrala egiten, hau da, euskararen betaurrekoetatik, ikasleen hizkuntza-eskubideetatik, beharrezkoak diren elementu guztiak txertatzen» esan du.
Hurrengo urratsak
Azkenik, euskararen normalizazioaren aldeko gizarte eragile nagusiak batzen dituen Kontseiluko eledunak hurrengo urratsen berri eman du: «Lehenik eta behin, ekarpen gisa erregistratuko du Kontseiluak Eusko Jaurlaritzak zabaldutako prozesuan. Ondoren, alderdiei gure proposamenaren berri emango diegu, bere egin eta haiek ere ekarpenetan jar ditzaten. Abenduan ikusi beharko dugu zer-nola jasotzen den zirriborroan, eta horren arabera etorkizuneko estrategia definituko dugu».
Amaitzeko, Bilbaok azpimarratu nahi izan du lege berrian euskararen gaia egoki jartzeak duen garrantzia. «Hezkuntza-sistema da egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten berreskurapenerako zutabea. Gurean, ikusi izan dugu zer-nolako ekarpen ikaragarria egin dion hezkuntza-sistemak euskalduntze-prozesuari, baina oraindik urrun gaude ezagutzaren unibertsalizaziotik, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasuna izatetik. Hurrengo hamarkadetan indarrean izango den legeak bai ala bai bermatu behar du euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izango duen eredu orokor eta inklusiboa abian jarriko dela. Ezin da aukera galdu. Ezin dugu aukera galtzen utzi» esan du.
–
Iruzkinik ez "Euskarazko eredu orokor eta inklusiboa jaso dadila, belaunaldi berriak euskalduntzeko"