Protokoloaren udal garapeneko proiektu pilotuak egin dira

2022ko urriaren 04a Iruzkinik ez

Proiektu pilotuak 2021eko apirilaren 14ean aurkeztu ziren Hendaiako Udaletxean. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa oinarri duen Herriko Etxeetarako garapena eta Udal garapena dokumentuak erreferentzia gisa hartuta, Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politikarako diagnostikoak egiteko tresna bideratu du.

Kontseiluak 2016an aurkeztutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren neurriak udalen eskumenetara egokitu zituen, eta bi bertsio prestatu zuen, ipar eta hego Euskal Herrirako. Horrela, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena delako proposamenaren balioa frogatzeko asmoz hiru herritan proiektu pilotuak jarri ziren martxan 2021eko hasieran: Arrigorriagan (EAE), Uharten (Nafarroa) eta Hendaian (Ipar Euskal Herria). Azken helburua, neurriak aplikatzeko baldintzak ezberdinak direnez, proiektu pilotuaren bidez, aplikagarritasunari buruzko irizpideak atera nahi izan ditu Kontseiluak.

Proiektua bi fasetan igaro da. Lehen fasean hizkuntza-eskubideak proposamen politika oinarri harturik diagnostiko bat osatu da. Bertan herriko hautetsiek, teknikariek bai eta herriko euskalgintzako eragileek ere parte hartu dute. Bigarren fasean, aipatu dokumentua oinarri hartuta, hizkuntza-politikarako lerro nagusiak definitzen ahal dira. Horretarako Kontseiluak gomendioak egin dizkio udal bakoitzari, beti ere tokiko euskalgintzaren ekarpenak bilduta.

Orain, hiru dokumentu berri sortu dira eta bertan hautetsiek eta teknikariek osatutako diagnostiko bana dago, besteak beste, helburu berriak zehazteko balio duena eta politika publikoak hizkuntzaren garapenaren mesedetan ezartzeko oinarria. Hortaz, orain udalen eta bertako arduradun politikoen esku geratuko da diagnostikoaren ondorioetatik zein Kontseiluaren gomendioetatik zein urrats egingo duten erabakitzea. Azkenik, Kontseiluak eskertu nahi du hiru udalen jarrera eta lanerako gogoa. Askotan esan dugu instituzioen eta euskalgintzaren arteko aliantza berriak eraiki behar direla hizkuntza-politikaren esparruan, eta honako hau lehen saiakera interesgarria izan da.