Konpromiso zehatzak hartzeko garaia da

2020ko otsailaren 12a Iruzkinik ez

KONTSEILUA, A MESA POLA NORMALIZACIÓN LINGÜÍSTICA, CIEMEN, INICIATIVA POL ASTURIANU, NOGARA, PLATAFORMA PER LA LLENGUA, ÒMNIUM, ESCOLA VALENCIANA eta ACCIÓ CULTURAL DEL PAÍS VALENCIÀ erakundeetako ordezkari Paul Bilbaok, Marcos Maceirak, Francesc Marcok, Natxo Badenesek, Laia Maurík, David Minovesek, Ruben Pitarchek, Inaciu Galanek, Ivan Llerak eta Xuan Pandiellak agerraldia egin dute Diputatuen Kongresuan talde parlamentario zein alderdiekin.

Goizean izandako bileran PSOE, Unidas Podemos, BNG, EHBildu, Esquerra, Junts Per Cat, CUP, EAJ-PNV, MÁS MADRID eta COMPROMIS taldeetako ordezkariek hartu dute parte.

Gizarte-eragileen ordezkarien arabera, nazioartean hartutako konpromisoak egon arren, hala nola Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna edo Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala; edota, lurralde batzuetan hizkuntzen koofizialtasuna egon arren, Espainiako Estatuak ez du hizkuntza-aniztasunera egokitu nahi izan. Horrela, aintzatespen praktikoa baino, teoriko batera mugatuz, eta betiere gaztelaniaren nagusitasunetik abiatuta maila guztietan. Gainera, azken boladan areagotu egin da sektore politiko batzuen etengabeko erregresio-mehatxua, eta, horrek ahalbidetzen du berezko hizkuntza erabili nahi duten herritarrekiko legezko derrigortzea, bereizkeria eta arreta falta.

Gogoratu dute horregatik agertu zirela Madrilen hauteskunde-kanpainaren erdi-erdian eta aurkeztu zutela Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia dokumentua: “Hausnarketa bateratuaren ondorioa izan zen, hain zuzen ere, mehatxuen aurrean, mahai gainean berezko hizkuntza guztiei segurtasuna, bermea eta aitortza osoa emateko balioko zuten konpromiso politiko zehatzak jartzeko. Mehatxuen artean berretsi behar dugu giza-talde bat bera ere ez dagoela bestearen gainean, ez eta hizkuntzaren esparruan ere. Hortaz, Estatua horri egokitu behar zaio, eta ez alderantziz, horri behar bezala erantzungo badio.”

Gizarte-eragileen arabera, “Estatu batek baztertzailea izan behar du diskriminazio guztiekin, edozein arrazoirengatik dela, bai eta hizkuntza-bereizkeriarekin ere. Hortaz, demokrazian eta giza eskubideen aitortzan benetako aurrerapausoak egin nahi badira, mota guztietako aniztasunari eta ezberdintasunari, bai eta hizkuntzarenari ere, erasotzen dieten alderdi horiekiko aldea erakutsi behar da. Horregatik, alderdiek konpromiso zehatzak hartu behar dituzte ” gaineratu dute. “Duela aste batzuk esan genuen bezala, alderdi politikoak ezin dira ikusle hutsak izan gure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea eragotziko eta mugatuko duten neurriak martxan jartzeko egiten ari diren mehatxuen aurrean. Bustitzeko unea da ” aldarrikatu dute.

Gizarte-eragileek uste dute baldintza egokiak betetzen direla herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari dagokionez iraulketa egiteko. “Horretarako, sei konpromiso zehatz dituen proposamena egin genuen, eta konpromisoak bihartik bertatik gauzatu daitezke, baldin eta askatasuna, berdintasuna eta demokrazia oinarri izango dituen gizarte bat eraikitzeko benetako borondate politikoa baldin badago. Hau da, hizkuntza-aniztasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzekoa “gaineratu dute.

Gainera, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Espainiako Estatuko ebaluazioaren karira, gizarte-eragileek uste dute Europako Kontseiluko Ministroen Batzordearen gomendioek eta Adituen Batzordearen gomendioek eragileen proposamenean jasotako konpromisoak berresten dituztela.

 

 

Etiketak: