Ondoko sei urteetan hizkuntza politika planifikatuak abian ezartzeko erabaki ausartak hartzea eskatu diete hautagaiei Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak

2020ko otsailaren 07a Iruzkinik ez

Posible dela, aukera badela eta euskalgintza ondoan izango dutela azpimarratu dute.

 

Bide horretan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan dokumentua aurkeztu diete gaur Baionako Merkataritza Ganbarako ekitaldira hurbildu diren hautagaiei. Horrekin batera, hizkuntza-politikak abian ezartzeko engaiamendu testua izenpetzeko hiru asteko epea eman diete.

Ipar Euskal Herri osoko hautagaiak eta auzapezak izan dira bertan, haien artean Ahetze, Hendaia, Hazparne, Angelu, Ezpeleta, Itsasu, Baiona, Bidarte, Bardoze, Donapaleiu, Kanbo, Senpere, Ziburu, Maule, Larresoro, edo Donibane Lohitzuneko hautagaiak. Horiekin batera Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria,eta Beñat Arrabit Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako lehendakariordea eta EEPko lehendakaria ere izan ziren.

Paul Bilbao Kontseiluko Idazkari Nagusia izan da lehena hitza hartzen eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan dokumentua aurkeztu du. Azpimarratu du baldintza ezin hobeak daudela gaur egun hizkuntza politika ausartak plantan ezartzeko eta Euskal Elkargoa eta EEPren babesa ukaiteak aukerak biderkatzen dituela.

Ondoren zehaztu du Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak osatu duten proposamen honen oinarrian “Europako hogeita hamar hizkuntzen garapenaren alde lan egiten duten ehunetik gora eragileren ekarpenekin onartutako dokumentua” dagoela: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Horien artean “alsazieraren, katalanaren, bretoieraren, galo hizkuntzaren, okzitanieraren, korsikeraren, oil hizkuntzen eta, nola ez, euskararen alde lan egiten duten eragileena”

Dokumentuaren azalpen xehea egin du eta zehaztu du dokumentu honek “Herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzeko hizkuntza-politika batek landu beharreko eremuak, hartu beharreko erabaki nagusiak eta kontuan hartu beharreko irizpideak eskaintzen dituela”.

Dokumentua nola erabili daitekeen ere azaldu du: “Herriko etxe bakoitzak bere egoeraren arabera definitzen ahalko du zein neurri edo esparru landu. (…) dokumentuak aukera ematen digu lanketa integrala egiteko edo eremu zehatz bateko politikak definitzeko” azaldu duenez.

Gainera iniziatiba hau beste lurraldeetan ere garatzen ari dela gogoratu du hala nola Bretainian, Korsikan eta Okzitanian eta Okzitaniarrek berriki dokumentu bera oinarri duen haien proposamena osatu dutela azaldu du.

Ondoren Maddi Etxekopar AEKko kideak hartu du hitza azaltzeko herrietan jadanik anitz gauza egiten ahal dela: “asteko, erranen nüke, herriko haütetsiaren rola zentrala dela hizkuntza politika baten plantan emateko eta hori hein desberdinetan”.

Zehaztu ditu maila horiek zoin diren: “Alde batetik, erabaki politikoak hartzeko Hizkuntza politika ausarta eta emankor baten definitzekoan. Ondotik, herriko etxe barnean erabakien gaüzatzeko mementoan, ematen düan süstengüa eta baliabideak langileek eüskaraz lan egin dezen edo ikas dezaten, eta azkenik herriko etxea ordezkatzen düalarik püblikoki, eüskara baliatüz eta süstengatüz“. Bakoitxa züen herrian, izan dadin handi edo tipi, kostaldean edo barnekaldean, züen egoeraren arabera, bada zer egin“ gaineratu du.

Hiru ardatzen inguruan neurri konkretuak zoin diren azaldu du. Izan ere, herriko etxeak lau helburu nagusiri erantzun behar dio herritarren hizkuntza eskubideak segurtatzeko eta gisa horretan euskararen garapena segurtatzeko: Zerbitzuak euskaraz eskaini, herriko etxearen funtzionamendua euskaraz garatu, komunikazio jarduera euskaraz ukan eta bere eragin eremuan eragin. Eremu horietan adibide konkretuak azaldu dizkie present izan diren hautagaiei.

Bukatzeko dei bat luzatu die: “Euskalgintzaren hor izanen da züen lagüntzeko, formatzeko, akuilatzeko eta elkarlanean aritzeko züekin, ekarpenak egitez Hizkuntza Politikaren diagnostia eta definizio fasetan eta nola ez, ondotik gaüzatzeko mementoan.“

Bukatzeko Peio Jorajuria Euskal Konfederazioko kide eta Seaskako lehendakariak dei bat luzatu die hautagaiei. Izan ere martxoan herrietako bozak izanen dira eta Peio Jorajuriak jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa egiteko parada izanen dela azpimarratu du. Euskarari garrantzia eman diezaioten eskatu die“euskararen beharrei egokitua izanen den politika abia dezazuen galdegiten dizuegu”.

Azaldu du anitz izan dela azken hamarkadetan aitzinatutakoa bereziki hezkuntza alorrean eta datu batzuk eskaini ditu: “Fruiturik emankorrenak irakaskuntzan bildu ditugu, gazteenek euskara ikasiz, hiztun kopuruaren galera gelditzea lortu baitugu.”

Halaber, zehaztu du euskara ikasteko jendeari babesa eman eta lagundu behar zaiola eta euskararen aldeko giroa sustatzea ezinbestekoa dela:“euskaraz aritzeko baldintzak sortu behar” direla.

Euskararen ofizialtasun ezak ez dituela gauzak errazten azaldu du baina aldi berean “lege babesaren eskasa ez da aitzakia izan behar aitzin urratsen ez egiteko”.

Ondotik bi erakundeek hautagaiei egiten dieten engaiamendu eskaera irakurri du (dokumentua itsatsirik duzue).

Azaldu duenez, engaiamendua gaurtik goiti zabaltzen hasiko dira Kontseilua eta Euskal Konfederazioa eta martxoaren hastapenean puntu bat eginen dute babesa zertan den azaltzeko. Ez du dudarik hautagai anitzek eginen dutela bat desmartxarekin eta izenpetze andana bilduko dela.

Bukatzeko deia luzatu die: “Martxotik landa, sei urte izanen dituzue euskarari jauzi kuantitatibo eta kualitatibo baten emateko. Sei urte jarrerak aldatzeko, sei urte eraikitzeko, sei urte euskara bihotzetik plazara eramateko… Eta sei urte horiek gaurdanik lantzen baditugu, lortuko dugu!”

 

DOKUMENTUA: PROTOKOLOAREN GARAPENA HERRIKO ETXEETAN

Etiketak: