Leiho bat ireki dugu, eta denak irekitzeko lanean jarraituko dugu

2021ko apirilaren 08a Iruzkinik ez

Urrats txikia izan arren, eztabaida parametro egokietara eta erdigunera eraman izana azpimarratu du eragileen izenean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: «Behingoz, berezko hizkuntzen kudeaketa justizia, berdintasuna eta askatasunaren parametroen arabera eztabaidatzea lortu dugu. Izan ere, Madrilen esan genuen bezala, demokrazia dago jokoan baldin eta Estatuko milioika biztanle bigarren mailako herritar gisa hartzen badira».

Horrekin batera, Bilbaok eragileek izandako erantzukizuna eta malgutasuna azpimarratu nahi izan du: «Gure aldetik prestutasuna izan da adostasunetara iristeko, horrexegatik ulergaitz egin zitzaigun eragileoi hizkuntza-berdintasuna bezalako printzipioei uko egiteko eskatu izana. Halere, eta proposamen osoa baztertuko zela zirudien arren, azkenean, eragileon presioari esker leihoren bat irekitzea lortu genuen. Ez guk nahi beste, baina arrakala egin genuen».

Halaber, Bilbaok azpimarratu nahi izan du berriki Europak berak berretsi duela Estatuak nahitaezkoa duela hizkuntza-politikaren norantza aldatzea. Izan ere, duela astebete Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak txosten berri bat argitaratu du Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren karira, eta Estatuak hainbat gomendio bete ez dituela berretsi du: «Bete gabeko gomendioak zuzenean lotzen zaizkie Legez Besteko Proposamenean atzera bota zituzten neurriei. Iruditzen zaigu, beraz, borondatea egonez gero, Estatuak errazki beteko lituzkeela berak berretsitako nazioarteko itunak, hain zuzen ere, eragileok proposatu genion bidetik», adierazi du Bilbaok.

Irekitako leihoa

Ondoren, Diputatuen Kongresuak onartu dituen puntuek zer nolako eragina izan dezaketen xehetu dute eragileek. Horrela, Iniciativa Pol Asturianu erakundeko ordezkari Ivan Llerak egin du ofizialtasunaren inguruan onartu den puntuari buruzko balorazioa: «Gure hizkuntzari dagokionez, bultzada handia ematen dio gure lanari eta, beraz, baita Xunta Xeneralen ofizialtasuna defendatzen duten alderdien jarrerari ere. Asturiasko Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi zuen 2021eko irailean Autonomia Estatutua erreformatzeko prozesuari ekingo ziola. Orain, ofizialtasuna babesten duten alderdien aurrean presioa areagotu ahal izango dugu, Estatutuaren erreformari buruzko eztabaida lehenbailehen zabaltzeko, bai eta galizierari Eo-Naviako kontzejuetan estatus hori aitortzeko ere».

Halaber, Llerak gogoratu du ofizialtasunaren puntu horrek beste hizkuntza batzuei ere eragiten diela: «Aragoiko Estatutuan aragoieraren eta katalanaren ofizialtasuna sartzeko balia daiteke, laster, Estatutua erreformatuko dela probestuz. Nafarroan ere, gogoratu behar da hizkuntza ez dela ofiziala lurralde osoan, eta onartutako puntuak horrelako kasuei ere erreparatzen die. Hortaz, Amejoramenduaren erreforma bultzatzen lagundu beharko luke, ofizialtasuna lurralde osora zabaltzeko. Eta, nola ez, badira eragina izan dezakeen beste eremu batzuk, esaterako, galiziera Berzon, Seabra eta Portelasen (Gaztela eta Leon) eta Xáliman (Extremadura); katalana Carxen (Murtzia) eta euskara Trebiñun (Gaztela eta Leon) eta Turtziozen (Kantabria)».

Espainiako Kongresuak onartutako bigarren neurria eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio-erabilera eta hedabideen harrerari buruzkoa izan da. Horren balorazioa Escola Valencianako idazkari Alexandra Usók egin du. «Katalanari dagokionez lortu behar da erabilerarako eragozpenik ez egotea, nahiz eta hizkuntzaren izena desberdina izan lurralde bakoitzean, estatutuen arabera, katalana Katalunian eta Uharteetan, valentziera Valentzian. Valentziera eta katalana izendapen baliokideak direla eskatu beharko litzateke eta testuak balio beharko luke Estatuko Abokatutzari eskatzeko ez dezala berriro auzitan jarri hizkuntza-bereizketaren alde».

Bigarrenik, hedabideen elkarrekikotasuna izan du hizpide ACPVko Toni Gisbertek: «Puntu horri erreparatuz gero, ondoriozta daiteke Gobernu zentralak konpromisoa hartzen duela, aktiboki ez eragozteko ez ezik, bigarren multiplexaren bidez elkarrekikotasun hori errazteko ere, kanal horiek gaur egun lizentziak dituzten telebista-operadoreen kontura sar ez daitezen».

Horrekin batera, ACPVko ordezkariak azaldu du beste hizkuntzetan ere eragina izan beharko lukeela puntu horrek: «Galiziera eremu linguistiko zabalago baten parte da, galiziar-portugesa, Iberiar Penintsulan estatuen muga administratiboek banandua. Galizierazko eta portugesezko aldaeretarako ortografia-arau desberdinak gorabehera, komunikabideak eta ikus-entzunezkoak jasotzeko elkarrekikotasunak lagunduko luke hiztunen artean aldaera horiek hobeto ezagutzen eta benetako galizieraren ereduen bidez berreraikitzen. Eta, euskarari dagokionez, onartutako puntuak balio dezala behingoz EITBren euskarazko kateak Nafarroa osoan ikusi ahal izateko».

Diputatuen Kongresuak onartutako hirugarren puntuaren balorazioa AMESAko lehendakari Marcos Maceirak egin du. Gogoratu behar dugu puntu horrek eskatzen duela benetako errespetu berma dadila, eskubideetan zein betebeharretan eta Estatuko botere guztien jardun konprometituan oinarritua egon dadila.

Izan ere, Konstituzioak erabilera-eskubidearen eta ezagutza-betebeharraren artean ezarritako desberdintasunetik (espainierarako bakarrik) maila juridiko desberdineko 500 lege-xedapenetara arte, agerikoa da Estatuko hizkuntza ofizialaren eta lurralde bakoitzeko gainerako berezko hizkuntzen arteko desberdintasuna. Horrela, AMESAko ordezkariak gehiengo zabal batek onartutako puntu horri, Estatuak bere gain hartutako beste betebehar batzuk gehitu behar dizkiola adierazi du, besteak beste, berak berretsitako edo onartutako Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna edo Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala bezalako nazioarteko itunak. Esaldi batera ekarri du betebeharra: «Puntu hori bete ahal izateko, legedian lurralde bakoitzeko berezko hizkuntzen erabilerari ezarritako mugak ezabatu behar dira, eta hemendik aurrera onartuko den araudi osoari zeharka aplikatu», esan du Marcos Maceirak.

Leiho berriak ireki beharra

Ondoren, Plataforma per la Llenguako ordezkari Francesc Marcok gogoratu du leiho batzuk ireki badira ere, beste batzuk nahita utzi dituztela itxita: «Ulergaitza egiten zaigu zenbait alderdik benetako irmotasuna erakutsi ez izana, Madrilen esan bezala, justizian eta berdintasunean oinarritutako hizkuntza-kudeaketaren eredu berri bati hasiera emateko».

Izan ere, Marcok adierazi bezala, egungo bidegabekeriari amaiera emateko aukera eskaintzen zuten puntuak errefusatu ditu Kongresuak. «Herritar guztiei ez zaizkie eskubide eta betebehar berdinak aitortu nahi izan, ez dute onartu administrazio publiko langileei berezko hizkuntzen ezagutza eskatzea, ez dute nahi izan Estatuko araudian dagoen gaztelaniaren legezko inposizioa bertan behera utz dadila… Zalantzarik gabe egiturazko neurriak atzera bota dituzte eta beraz, esan behar dugu oraindik hainbat alderdi benetako berdintasunaren alde egotetik urrun daudela».

Aurrera begira

Amaitzeko, NOGARAko Chuserra Barriosek hurrengo urratsen berri eman du. «Duela bi urte ekin genion lankidetza-bide honi eta determinazioz jarraitzeko asmoa dugu» azaldu du. Horrela, berehalako bi lan ildo abian jarriko dituela azaldu du Barriosek: «Batetik, hizkuntza bakoitzak bere lurraldean abian jarriko ditu lanketak puntu horien eragin ditzaketen ondorioak aplika daitezen ahalik eta lasterren. Bestetik, gure lana Espainiako Gobernua interpelatzea izango da».

Kontuan izan behar dugu Diputatuen Kongresuek mandatua egin diola Gobernuari aipatu hiru puntuak betetzeko. Hortaz, orain Gobernuak azaldu beharko du zer eta nola egingo duen hori. «Gure lana da Gobernua interpelatzea eta presionatzea mandatua betetzeko, eta horrexegatik lehenik eta behin bilera eskatuko diogu Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroari, bere eskumenen barruan kokatzen delako, besteak beste, Hizkuntza Ofizialen bulegoa».

NOGARAko eledunak aurreratu du bilera albait arinen izatea aurreikusten dutela eragileek: «Ezin diete izkina egin berezko hizkuntzen alde lan egiten dugun eragile nagusienei. Are gehiago, kontuan hartuta, berriki Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak berriz ere eskatu diola Gobernuari kontuan hartu behar dituela eragileon iritziak. Gure asmoa, orain arte bezala, erantzukizunez jokatzea da, eta uste dugu badela garaia urrats sendoak emateko», gaineratu du.