Urrats garrantzitsua gurea bezalako hizkuntzen normalizazioari begira

2021ko apirilak 08 Iruzkinik ez

Azkenean, aurrera egin du Britainiako Paul Molac diputatuak sustatutako Eskualdeko hizkuntzen ondarea babesteari eta sustatzeari buruzko lege proposamenak, eta horren aurrean Euskalgintzaren Kontseiluak horren alde egin duten ordezkariak txalotu nahi ditu: «Tamalez, gutxitan heldu izan dira Frantziako Asanbleatik gurea bezalako hizkuntzen aldeko berri onik, eta beraz, gaurko eguna historikotzat jo dezakegu», adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Egoera gutxituan dauden hizkuntzen normalizazioan zutabe den hezkuntzari buruz lotutako neurriak izateari garrantzia eman dio Kontseiluko eledunak: «Hemendik aurrera ez dira urrats nekagarriak eman beharko eskoletan murgiltze-ereduak abian jartzeko, eta berme juridikoekin egin ahal izango da. Horrek agerian jartzen du orain arte zer-nolako jarrera zentralista eta jakobinoa zuen Frantziako Estatuak» adierazi du.

Izan ere, onartu berri den legeari esker, hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortzea ekarriko du. Horrekin batera, hizkuntza gutxituetan irakasten duten ikastetxean diruztatzea ere indartuko du, bai eta eskola elebakarrik dituzten herrietako haurrak inguruko herri bateko ikastetxera joan behar badira hori diruz lagundu ere. «Printzipioz, irailean Hiriburuko eskolan gertatutako bidegabekerien modukoei ateak itxiko dizkie erabakiak» esan du.

Bilbaok gogora ekarri nahi izan du urrats garrantzitsua izan dela, baina bide luzea dagoela oraindik egiteko: «Gaur garaipentzat hartu behar dugu Frantziako Asanblearen erabakia. Halere, Estatuak urrats berriak eta are eraginkorragoak egin behar ditu berezko hizkuntza-komunitateei eskubideak aitortzeko eta gure hizkuntzetan bizitzea berme guztiekin ahalbidetzeko. Une egokia izan daiteke Frantziako Estatuak ziklo berri bati hasiera emateko,  besteak beste, Estatuko ikurra den égalité-berdintasuna lortzeko», gaineratu du.