Erakundeak eta plataformak ez dira ikus-entzunezkoen lege orokorra betetzen ari

2023ko otsailaren 03a

Iazko uztailaren 8an sartu zen indarrean Espainiar Estatuko Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko 13/2022 lege orokorra.

Estatuko hizkuntza gutxituetako komunitateek egindako eskaera gehienak aintzat hartu ez zituen arren, hizkuntza mugimenduek eta hainbat alderdik egindako lanari esker, Lege honek hizkuntza gutxituekiko betebehar txiki batzuk ezarri zizkien telebista publikoei, pribatuei, zein eskaera bidezko telebistei (streaming plataformei). Hala ere, orduan salatu genuen ikus-entzunezkoetan hizkuntza-berdintasuna egiazki bermatzeko aukera historiko bat galdu zela, eta legeak ezarritakoak ez betetzeko zirrikitu ugari zabalik utzi zirela.

Hain zuzen ere, Legea indarrean sartu zenetik 6 hilabete bete diren honetan, hizkuntza gutxituekiko hainbat xedapenek bete gabe jarraitzen dute, eta Euskal Herritik bere egunean legeari emendakinak aurkeztu genizkion hizkuntza eta hedabideekin loturiko eragileok (Pantailak Euskaraz, Hekimen Elkartea eta Euskalgintzaren Kontseiluak) hau salatu nahi dugu.

Legeak hainbat betebehar ezartzen ditu telebistek eta plataformek bete beharreko hizkuntza koofizialetako kuotei eta hizkuntza gutxituetako edukietara bideratu beharreko diru-sarreren portzentajeei dagokionez, eta hauek betetzeko, orohar, 2023ko urteko epea uzten die. Plataforma batzuk hasi dira euskarara bikoiztutako eta azpidatziriko eduki kopurua handitzen euren katalogoetan.

Baina plataformak eta erakundeak ez dira jadanik indarrean dauden hainbat artikulu betetzen ari. Hauek dira, zehazki, indarrean egon arren momentuz bete gabe jarraitzen duten atal batzuk:

* Legearen 5. Xedapen gehigarriko 1. atala:

RTVEk haurrei zuzenduriko kateetan eta hauen katalogoetan edukiak autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara, hau da, euskara, galego, eta katalanera, bikoiztuta eskainiko dituela bermatuko du, 12 urte arteko ikusleentzat diren edukietan bereziki. Era berean, publiko orokorrari zuzenduriko edukiak hizkuntza ofizialetara bikoiztu eta azpidatzita eskainiko ditu.

* Legearen 5. Xedapeneko 3. atala:

Eskari bidezko telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen hornitzaileek (streaming plataformek), autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara jadanik bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntza bertsioak txertatu beharko dituzte euren katalogoetako edukietan (erakunde eskudunek euren eskura doan jartzen dituztenean), bikoizketa/azpidazketa hori diru publikoz egin denean, hizkuntza bertsio hori telebista publikoen jabetzakoa denean, edo bikoizketa/azpidazketa horrek erakunde eskudunak ziurtaturiko kalitate maila duenean.

* Legearen 5. Xedapen gehigarriko 4. atala:

Eskari bidezko telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen hornitzaileek (plataformek), autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan ekoiztutako, bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukiak nabarmendu beharko dituzte, bilaketa- edo sustapen-sistemen eta haietara sartzeko erraztasunen bidez, horretarako bazkideen geolokalizazio sistema baliatuz.

* Xedapen hauez gain, ez telebista lineal publikoak, eta ezta eskari bidezkoak ere, ez dira ezgaitasunak dituzten pertsonen ikus-entzunezkoetarako irisgarritasuna euren hizkuntza ofizialean bermatzeko artikuluak betetzen ari.

Gainera, 6 hilabeteotan kezka handiagotu digun ikerketa baten berri izan dugu. UEMAk bere udalerrietako haurren ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak aztertu ditu, eta ondorioetako bat da Clan TV dela lehen hezkuntzako haurrek gehien ikusten duten katea. Espainiako Gobernuari eta RTVEri dagokie legean jasotako gutxieneko neurri horiek ere errespetatzea, baina ez da betetzen ari.

Bestalde, streaming plataformak “bideragarritasun teknikoaren” aitzakiari heltzen ari dira bikoiztutako bertsiorik ez eskaintzeko. Euskal Herriaren kasuan, aurreko guztia betetzea eta gainbegiratzea ikus-entzunezkoetan eskumenak dituzten euskal erakundeei dagokie, bai eta moldaketa tekniko horiek erraztea ere.

Hortaz, hemendik deia luzatu nahi diegu Espainiar Gobernuari eta RTVEri, Eusko Jaurlaritzari eta EiTBri, bai eta streaming plataformei ere, legea betetzeko urratsak eman ditzaten, horrela ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia biderkatzeko.

Era berean, azken hau lortzeko, hau da, euskararen presentzia ikus-entzunezkoetan handitzea posible egiteko, eta beraz, euskararen normalkuntzan estrategikoa den eremu honetan gure hizkuntzaren ikusgarritasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, beharrezkoa ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak EiTB bitartez sortuko duen eskaera bidezko PRIMERAN plataforma berrian euskara izatea lehenetsitako hizkuntza eta euskarazko kalitatezko edukiak eskaintzea.