Ipar Euskal Herriko larrialdi linguistikoari aurre egiteko neurriak proposatu ditugu Konfederazioak eta Kontseiluak
Gaur Baionan prentsaurrekoa egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak, Euskal Herri osoko eta Ipar Euskal Herriko euskararen aldeko gizarte eragile nagusiak batzen dituzten bi erakundeak, hurrenez hurren.
Azaroaren 9an, European Language Equality Network (ELEN) erakundearen Batzar Orokorrak LARRIALDI LINGUISTIKOARI BURUZKO EBAZPENA onartu zuen Bilbon, aho batez.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri ditu aipatu ebazpenean onartutako adierazpenak. Ondoren, Sébastien Castet Euskal Konfederazioko kideak Ipar Euskal Herriko euskararen egoeran eta beharretan sakondu du. Behean Konfederazioaren oharra:
Ipar Euskal Herriari dagokionez, xifre batek du hobekien islatzen larrialdi linguistikoa, hau da azken inkesta soziolinguistikoak utzi ondoko datua: azken urteetan balore absolutuan euskal hiztun kopurua mantendu bada ere, proportzioan beheititzeak segitzen du, eta 2021ean populakuntzaren %21,1 bakarrik zen euskalduna (eta Euskararen Erakunde Publikoak egin prospekzioen arabera tasa hori %16koa litzateke 2050ean).
Datu kezkagarri horri gehitu behar zaio euskararen erabilera ere jausten ari dela, besteak beste hiztunek duten euskara mailagatik.
Baina larrialdi egoeran izanik ere, baikor izateko zeinuak badira, adibidez ikusten dugularik beren haurrentzat euskarazko irakaskuntza, euskarazko aisialdiak edo euskarazko haurtzaindegiak hautatzen dituzten gurasoak gero eta gehiago direla, gero eta heldu gehiagok euskara ikasi nahi dutela edota euskaldunek euskararekiko duten atxikimendua eta jarrera sendotzen ari dela (eta horren adibidetzat Iñaki Iurrebasok egin tesia har daiteke, zeinaren arabera erdara euskara baino hobeki menperatzen duen euskaldun proportzio handi batek euskara baliatzen du hala ere, horretarako parada duelarik).
Zeinu baikor horiek erakusten digute alde batetik Ipar Euskal Herrian jendartea orokorki prest dela euskara ikasi, erabili eta transmititzeko, baina beste aldetik botere publikoek eramaten dituzten hizkuntza politikek ez dutela bat egiten herritar nahikunde horrekin, edo bederen ez diola behar heinean erantzuten.
Garaia da beraz instituzio maila guziek beren ardurak har ditzaten, hainbat mailatan neurriak garatzen hasiz, euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen eta, lehen urrats gisa Ipar Euskal Herriko biztanleria osoa euskalduna izan arte, hiztun kopurua %30ekoa izateko hemendik 2050era.
Egoera iraultzeko ez da berantegi, baldin eta borondate politikoa bada baliabideak ezarri eta gaur egungo traba batzuk altxatzeko.
Lege baliabideak
Hizkuntza baten aldeko biziberritze politika eraginkorrik ezin da eraman hizkuntza honek ofizialtasun estatusik eta lege corpus egokirik ez badu. Holakoak izan bitartean, euskara bezalako hizkuntza minorizatuentzat frantses Konstituzioaren aldaketa da lehen urrats gisa lortu behar dena, eta bereziki bigarren artikulua, artikulu hori baita etengabe aitzinean ematen urratsak oztopatzeko (Ipar Euskal Herrian, Korsikan, Ipar Katalunian, Martinikan…).
Pour Que Vivent Nos Langues Kolektiboak horren aldeko kanpaina abiatu zuen iaz eta, bestalde, joan den asteburuan ELENek hartutako beste ebazpen batean agertzen da behar hori.
Diru baliabideak
Lege baliabideetaz gain, hizkuntza politika batek diru baliabideak ere behar ditu. Ipar Euskal Herrian inbertitzen den dirua ez da batere nahikoa (EEPren aurrekontuan adibidez), izan egunerokoan hiztunak sortzen eta euskararen erabilera bultzatzen duten euskalgintzako eragileen beharrak asetzeko, izan EEPk berak eramaten dituen proiektuak garatzen laguntzeko, izan lurralde kolektibitate desberdinek (Estatua, Eskualdea, Departamendua) Ipar Euskal Herrian dituzten zerbitzuak euskaraz eskaini ahal izateko (agenteak formatuz, komunikazio euskarriak euskaraz ere ezarriz, etab…).
Lehen puntuari dagokionez (euskalgintzako beharrei dagokienez), konkretuago izateko, hona, adibide batzuk hartuz, epe laburrean eragile nagusiek behar dutena: AEKrentzat finantziazio koadro iraunkorra adostea (EEP), Uda Lekurentzat bizirik segitzeko dirulaguntza duinak (herriak), Euskal Irratientzat FSER fondoaren atxikitzea edo emendatzea (Estatua), Seaskaren eta Hezkunde ministeritzaren arteko hitzarmena berritzea, ibilmolderako dirulaguntza esanguratsuak esleitzea (Topagunea eta Plazara eragileentzat, euskararen erabilerari bultzada bat emateko adibidez), etab…
Hizkuntza eskubideen bermatzea
Azken urte eta hilabete hauetan gibelapena gertatzen ari da euskaldunen hizkuntza eskubideen errespetatzeari dagokionez, nahiz eta horien aplikatzeak ez duen baitezpada lege edo diru baliabide gehigarririk eskatzen. Batzuk aipatzearren, ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidea (arlo honetan gibelapena azken urteotan), bat-bateko itzulpen sistema batekin bilkura eta asanbleetan hautetsiei euskaraz mintzatzeko parada ematea (Bretainiako Eskualdean posible dena ez omen da, adibidez, Euskal Elkargoan posible, nahiz eta bi egiturak ber legislaziopean izan), auzitegian auzipetuei beren burua euskaraz defenditzeko aukera eman (lehen onartzen ahal zena eta gaur egun sistematikoki errefusatua dena)…
Eskumen zabalagoko lurralde kolektibitate bat
Eraginkorrago izateko, politika publikoak herritarrengandik eta tokiko problematiketatik ahal bezain hurbil kudeatu eta garatu behar dira, erabakitzeko ahalmena azkartuz. Horrek euskararentzat ere balio du, eta frantses Estatuan minorizatuak diren hizkuntzei buruzko erabakiak Parisen hartzen badira ere (botere legegilea han baita), Ipar Euskal Herriak lurralde kolektibitate propioa izatea lagungarri litzateke egoera batzuk desblokeatzeko.
Azken hilabete hauetan behin baino gehiagotan errepikatu bezala, egoera kezkagarria izanik ere fatalitaterik ez da eta garaia da euskararen egiazko biziberritze prozesuari ekiteko, larrialdi linguistikotik susperraldi linguistikora pasatzeko.
Baiona, 2024ko azaroaren 14a