Udalak eragile izatea erronka
Azaroaren 18 eta 19an udaletako hizkuntza-politikei buruz esperientziak trukatzeko batu ziren 18 hizlari eta 80 entzule Donostiako Miramar Jauregian, euskara teknikari, zinegotzi, aholkularitza enpresetako langile eta udalez gaindiko hainbat erakundetako ordezkarien artean.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetzan antolatu dituzten ‘Udalak Eragile’ izeneko hizkuntza-politikei buruzko jardunaldiek 18 aditu eta aritu elkartu dituzte. Tokiko errealitateen diagnostikoak, egungo araudiaren muga eta aukerak, urrats eta tresna praktikoak, zein aurrera begirako erronkak partekatu dira bi egunetan zehar.
Osteguneko irekiera-ekitaldian, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok nabarmendu zuen jardunaldi hauen bidez tokiko erakundeek hizkuntza-politiken arloan martxan jarri dituzten esperientziak bateratzea eta elkar elikatzea zutela helburu. Ondoren Miren Dobaran Hizkuntza Politiketarako Sailburuordeak hatu zuen hitza, hizkuntza-politika eraginkorragoak egiteko euskara teknikarien sare-lana eta erakundeen arteko kolaborazioa azpimarratuz.
Araudiari begira
Sarrera hitzaldian, Alba Nogueira Santiago de Compostelako Unibertsitateko administrazio-zuzenbideko irakasleak hizkuntza-politikaren esparruan udalek duten autonomia izan zuen hizpide, administrazioaren hizkuntza-normalizaziorako hiru bideetan sakonduz: araugintzan, plangintzan eta ekintzan. Segidan, Iñigo Urrutia EHUko zuzenbide irakasleak azpimarratu zuen, EAEko 2016ko Udal Legearen arabera, udalek eskumena ez ezik, betebeharra ere badutela euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza normaltasunean eta orokorrean erabil dadin.
Iñaki Agirreazkuenaga EHUko zuzenbide administratiboko katedradunak borobildu zuen araudiari buruzko atala, eta euskaraz lan egiteko tokiko erakundeen muga eta aukerez aritu zen. Katalunia, Galizia eta EAEko araudiak ere konparatu zituen: «Haietan 80-90. hamarkadetan onartu ziren legeak gurean 2016an onartu dira. Benetan ez dugu sinesten hemen bi hizkuntza ofizial dauzkagula». «Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko 1983ko sententziak dagoeneko zehazten du Estatuak eta erkidego guztiek dutela betebehar konstituzionala gaztelania eta tokiko hizkuntza koofizialaren ezagutza bermatzeko» gogoratu zuen Agirreazkuenagak.
Adituen elkarrizketak: tokiko errealitatera egokitu beharra
Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuko buruak eta Idoia Zabaltza Agoitz eta Aezkoako euskara teknikariak administrazioetan herritarrak erdigunean jartzeko beharra izan zuten hizpide, eta xede horrekin hizkuntza-eskubideak bermatzeko har daitezkeen neurri eta praktikak zerrendatu zituzten. Arrutiren hitzetan: «EAEn administrazioak proaktiboa izan behar du eta marko juridikoa dugu, baina linboan gaude. Erresistentzia parametrotik normalizazioarenera jo behar dugu». Idoia Zabaltza, berriz, Nafarroako egoeraz mintzatu zen: «Nafarroan egoera bestelakoa da eta oraindik hizkuntza-eskubide parametroetan gabiltza. Ordenantzek hainbat traba dauzkate, baina guretzat baliagarriak dira».
Maite Zarate Bermeoko Euskara Zerbitzuko buruak eta Manex Agirre Gorbeialdeko euskara teknikariak euskara lan-hizkuntza gisa erabiltzeko tokiko errealitatera egokitu behar diren mantentze- edo sakontze-esperientziez aritu ziren, tresna, zailtasun eta praktika ezberdinak partekatuz.
Tresnak: aukera eta erronka berriak
Xabier Arregi eta Olatz Arregi Ixa Taldeko kide eta EHUko irakasleek, administrazioaren euskarazko funtzionamendua bultzatzeko hizkuntza-teknologien egungo diagnostikoa, tresna praktikoak eta aurrera begirako erronkak aipatu zituzten, besteak beste, itzulpen eta interpretazio automatikoak egiten dituzten aplikazio eta tresnak.
Joseba Lozano Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak eta Larraitz Murgiondo Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako teknikariak AriGara plataforma berria aurkeztu zuten, euskara eta hizkuntza-normalizazioko teknikarien bilgune izateko asmoz sortua. Bertan, teknikarien prestakuntza iraunkorra eta lanerako lagungarriak diren materialak bilduko dira, proiektu berrietan parte hartzeko eta proposamenak aurkezteko aukera emanez.
Urrats eta praktika eredugarriak
Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak udalek hizkuntza-irizpideen eremua nola garatu duten azaldu zuen, eginiko urratsak eta bidean aurkitu diren arazo estrukturalen adibideak zerrendatuz.
Ostiral goizean, Jon Insausti Donostiako Kultura eta Euskara zinegotzia, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Itziar Ostolaza Errenteriako euskara zinegotzia mahai inguruan elkartu ziren, euren udaletan euskara lan-hizkuntza ere bihurtzeko bidean eman dituzten urrats praktikoak azaltzeko. Azaldu zutenez, Donostia eta Errenteriako udaletan euskara unitateak sortu dituzte, hainbat sailetan eraginez. Eibarren kasuan, lan mahaian biltzen dituzte sail guztietako ordezkariak, euskara plana denei hurbiltzeko.
Ondoren, Itziar Aizpuru Hendaiako hautetsia eta euskara arduraduna, Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Ana Mindegia Uharteko euskara zerbitzuko burua batu ziren, hiru eremu eta hiru errealitate ezberdinetatik abiatuz, udal eta herriko etxeetan hizkuntza-eskubideen bermean sakontzeko bide-orri bat garatu duen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapenaz mintzatzeko. Protokoloaren Udal Garapenaren hiru proba pilotuetan eginiko diagnostikoei esker, hizkuntza-politikek etorkizunean jarraitu beharreko bide-orriak markatu dituzte. Arrigorriagako Udaletik, euskara lan-hizkuntza bihurtzeko pausuak eman eta kale-erabilera sustatzeko planekin jarraitu beharra azpimarratu zuten, «guztion ardura delako euskalduntzean pausuak ematea». Hendaiako Herriko Etxean sentsibilizazio-lan handia egiteko beharra dagoela aipatu zen, orokorrean euskarari ez baitzaio ikusten erabilgarritasunik. Uharteko Udalean, berriz, gauza asko egin diren arren, araugintzan eta plangintzan pausuak eman beharra nabarmendu zen.
Ondorioak, bost hitzetan
Paul Bilbaok eman zien itxiera jardunaldiei, ondorioak bost esaldi edo gakotan laburtuz: «udalek badaukate modelatzeko gaitasuna; proaktiboak izatea dagokie; borondateak zeresan eta zeregin handia du, corpus juridikoa aldekoa ez denean ere; oztopoak hor daude, ez baitakigu zer etorriko den auzitegietatik; baina aukerak ere ez dira gutxi, praktika eredugarriek erakutsi duten bezala». «Bidea dugu egiteko, lankidetzatik» nabarmenduz bukatu zuen Bilbaok.
Hitzartze guztiak Kontseiluaren YouTube kanalean ikus daitezke.
Iruzkinik ez "Udalak eragile izatea erronka"