Oldarraldi judiziala eremu berrietara zabaltzen ari da

2023ko martxoaren 30a

Atzo egin zen publiko, otsailaren 17an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurkako sententzia bat kaleratu zuela, Bizkaiko ikastetxe publikoetarako eskola garraiorako esleipen bateko baldintzetan euskarari lotutako puntu bat baliogabetuz.

Zehazki, kontratazio publiko batean enpresa pribatuari administrazioarekin euskaraz harremantzeko baldintza “inposizio bat” dela argudiatu du auzitegiak.

Administrazioa euskalduntzearen aurkako epaia

Euskalgintzaren Kontseiluak oso larritzat jo du sententzia hau, administrazio publikoek euskaraz funtzionatu ahal izatearen aurka jotzen baitu bete-betean, de facto gazteleraz funtzionatzea inposatuz. Ebazpen isolatu bat izatetik urrun, lanpostu publikoetan hizkuntza-eskakizunak auzitan jarri ondoren, euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi judizialaren urrats berri baten aurrean gaude. Izan ere, azken urteetan jaso diren sententziak eremuz eremu euskaraz bizitzeko espazioak murrizten ari dira, herritarren eskubideak zuzenean edo zeharka kaltetuz.

Kontseiluak aspalditik defendatu du kontratazioetan hizkuntza-klausulek duten garrantzia, egun gaztelera nagusi den administrazioa eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko urrats gisa. Tamalez, ikusten ari garenez, euskararen biziberritzean eta normalizazioaren alde hartzen den neurri bakoitzeko, epaileak agertzen dira herritarron eskubideak are gehiago murrizteko.

Euskara hizkuntza ofiziala izanik, administrazioarekin hitzarmen bat dagoen momentuan, honek harremana euskaraz egin dadila arautzeko eskumen osoa du. Izan ere, zerbitzu publiko bat emango duten enpresek ez dituzte herritarrei dagozkien eskubide berberak, eskubideak herritarrei dagozkielako eta ez enpresei. Beraz, zerbitzu publikoa esleitzeko lehiaketa batean, enpresa pribatuei administrazioarekin harremantzerakoan gutxieneko euskara-ezagutzak izango dituen langilea bermatu dezatela eskatzeak ez dizkio inongo herritarri, ez langileri, eskubideak urratzen.

Aldiz, eskola-garraio zerbitzua Bizkaiko ikastetxe publikoetarako izanik (kasu askotan D eredukoak), ikastetxeen hizkuntza irizpideak urratzeaz gaindi, zerbitzu publikoa jasoko duten herritarren hizkuntza-eskubideak ere urratzeko arriskua egon daitekeela ere ohartarazi du Kontseiluak.

Euskararen biziberritzean atzera egin nahi duen estrategia

Azkenik, eraso berri honek frogatzen du sententzia bidez hizkuntza-politika diseinatu eta mugatzeko botere judizialaren estrategia baten aurrean gaudela. Beste behin, administrazio publikoaren hizkuntza-politikarako eskumenaren aurkako erabaki baten aurrean gaude. Beste behin, epaileak ari zaizkigu hizkuntza-politika egiten. Beste behin, botere judiziala euskararen normalizazioaren aurkako erabakiak ezartzen ari zaigu herritarroi.

Kontseiluak batasunetik erantzuteko deia egiten die berdintasun eta kohesio sozialaren alde dauden eragile politiko eta sozial guztiei, eta epaiketa kudeatu duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari babesa agertzen dio ebazpenari errekurtsoa aurkez diezaion.