Hil edo biziko diren euskararen aldeko politika publikoak eskatzeko, apirilaren 22an Baionako kaleak betetzeko deia

2023ko martxoaren 31a

Martxoaren 9an, ipar Euskal Herriko gizarte eragile ugarik osatzen duten Euskal Konfederazioak iragarri zuen apirilaren 22an manifestazio erraldoia egingo duela Baionan, 17:00etan Suprefeturatik abiatuta. Mobilizazioak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarak dituen trabak salatuko ditu eta hizkuntza-politika eraginkor bat aldarrikatuko du, herri mugimenduetako eragileei baliabideak emateko eskatzearekin batera.

Martxoaren 24an egin zen Euskalgintzaren Kontseiluko urteko Batzar Nagusia probestuz, Euskal Herri osoko euskalgintzako eragileek bat egin dute manifestazioarekin, eta apirilaren 22an Baionako kaleak betetzeko deia egiten diete euskaltzale guztiei eta, orokorrean, jendarte justuago baten alde dauden guztiei.

Egoera kaxkarra, euskalgintzaren arlo guztietan

«Azterketak euskaraz!» eta «Euskarari trabarik ez!» lelopean egingo den mobilizazioak euskalgintzaren alor guztiek bizi duten egoera kaxkarra salatzea bilatuko du. Batetik, Frantziako Estatuak euskarari jartzen dizkion oztopoen eraginez eta, bestetik, tokiko erakundeen erantzun eza medio.

Brebeta euskaraz egitea ikasle, guraso eta langileen mobilizazioari esker lortu bada ere, oraindik ez da lortu Baxoko azterketak euskaraz egin ahal izatea. Gainera, azken urteetan irakaskuntza elebidunaren aurkako erasoak etengabeak izan dira, eta hizkuntza-politika publikoak geldirik daude. Horren adibide da Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua bikoizteko beharrari ez erantzun izana, hura adostu eta zazpi urtera. Horrela, euskal hedabidetako ordezkariek, helduen euskalduntzeak aritzen diren langileek edota aisialdiari begirako elkarteek egoera guztiz prekarioan dihardutela salatu dute publikoki.

Hau guztia gutxi balitz, azken Inkesta Soziolinguistikoko emaitzek agerian utzi dute euskara oso kinka larrian dela Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hau da, hil edo bizikoa dela euskararen aldeko politika publiko sendoak indarrean jartzea. Arestian aipatu bezala, apirilaren 22an aldarri horien alde Baionako kaleak betetzea ezinbestekoa ikusten du Euskalgintzaren Kontseiluak eta berau osatzen duten eragile guztiek. Horregatik, apirilaren 22an Baionan elkartuko gara.