Kontseiluak sustengua adierazi nahi dio Uliazpiko langile batzordeari
Gaur, Gipuzkoako Uliazpi fundazioko langile batzordeak EAEko Auzitegi Nagusiak euskararen eskakizuna gehiegizko iritziz emandako epaia arbuiatzen duen adierazpena kaleratu du (jaitsi adierazpena), sententzia honek langileei zein erabiltzaileei eragiten dien kaltea agerian utziz.
Euskalgintzaren Kontseiluak erabateko sustengua adierazi nahi dio Uliazpi Fundazioko langile batzordeari, eta oldarraldi judizialaren aurrean agertu duen jarrera irmoa txalotu du.
«Langileek ederki azaldu duten bezala, hizkuntza baten biziberritze prozesuaz harago langile askoren eta erabiltzaileen eskubideak eta bizi jardunak dira epai honek urratu dituenak. Izan ere, beren lana behar bezala egiteko tresna dutela ulertuta asko izan dira lan eskaintza publiko horretara begira eskatutako euskara maila erdiesteko ahalegina egin duten langileak, eta, orain, ahalegin hori hutsaren hurrengo lekuan utzi du sententziak», adierazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.
Zerbitzua jasotzen duten herritarrei eragin zaien kaltea ere ez du ahaztu: «Era berean, zerbitzu horren erabiltzaileen eskubideak urratzen ditu. Kasu honetan, larritasun berezia du urratze horrek, zerbitzuaren egitekoa adimen desgaitasuna dutenei artatzea baita, eta komunikazioak, norberaren hautazko hizkuntzan aritzeak, berebiziko garrantzia baitu zaintza hori egoki egiteko. Hau da, pertsona zaurgarrienak kaltetzen ditu epaiak».
Sustengua agertzeaz gain, Kontseiluak txalotu egin nahi du Uliazpiko langile batzordeak oldarraldi judizialaren aurrean adierazitako jarrera irmoa. «Pozez ikusi genuen nola sententziaren berri izan eta segituan elkarretaratzea egin zuten Uliazpiko langileek; pozez hartu dugu orain langile batzordearen gehiengoak onartutako arbuio adierazpena. Izan ere, uste dugu garrantzitsua dela gero eta bortitzago datorren oldarraldi judizial honi erantzutea, euskalgintzatik ez ezik, baita kohesio eta justizia sozialaren arloan ari diren eragile eta norbanakoen aldetik ere. Muinean, bizikidetza eta parekidetasun auzi bat baita», iritzi dio Eskisabelek.
Langileen jarrera irmoak eta azalpenek azken boladan nagusitzen ari den dikotomia faltsu baten hutsaltasuna agerian utzi dutela erantsi du Kontseiluko idazkari nagusiak: «Sektore batzuetatik lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartzera eraman nahi dira hizkuntza auzia eta euskararen biziberritze prozesua; funtsik gabeko dikotomia faltsu batera. Oldarraldi judizialaren ardatza ere horixe da. Uliazpiko langileek agerian utzi dute kontrajartze horren hutsaltasuna, besteak beste, hizkuntza-eskubideak lan eskubidearen parte ere badirela frogatuta».