Erabakiak hartzeko garaia da

2022ko maiatzaren 11a Iruzkinik ez

Euskalgintzaren Kontseiluak larunbateko manifestazioaren balorazio positiboa egin du. Horrela, manifestazioan bildutako milaka herritarrez gain, agerian jarri nahi izan du azken asteotan jasotako bestelako atxikimenduak, tartean, Nafarroa osoko 1.700 herritar baino gehiagok Gobernuari egindako eskaerak herritar guztien eskubideak bermatzea ahalbidetuko duen dekretua onartzeko, edota hainbat eremutako eragileen atxikimendua eta irakurketa. Izan ere, haiek esan bezala, berdintasuna, justizia soziala eta kohesioa dago jokoan.

Herritarrak erdigunean jartzeko garaia

Lehenik eta behin, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok erreferentzia egin die aurreko larunbatean manifestazioaren amaieran hitza hartu zuten herritarrei. Herritarrek argi eta irmo adierazi zuten zein den egun bizi duten egoera: legeak ezarritako eremu euskalduneko herritarrek eskubideak galtzen dituzte Iruñera iristean, legeak ezarritako eremu mistokoei euskara erabiltzeko eskubidea ez zaie osoki aitortzen, eta, Erriberako herritarrak esan bezala, bizi den lurralde-eremuan euskara elementu arrotza izatea sustatzen dute. «Testigantza horiek erakusten dute herritarren eskubideak daudela jokoan, bai eta herritarren arteko bereizkeria sustatzea ere» azaldu du Kontseiluko eledunak.

Horrexegatik, hain zuzen, eta larunbatean adierazi bezala Kontseiluak dei egin nahi die beste behin alderdi politikoei: «Dekretu berria eta PAI bera sustatzen dutenei gogorarazi nahi diegu kohesioaren kontrako erabakiak jorratzen ari direla. Erabaki horien aurka dauden alderdiei, berriz, presio handiagoa egiteko eskatzen diegu. Hizkuntza-eskubideen afera erdigunean kokatu eta gutxieneko batzuk zehazteko. Larunbatean esan bezala: partida ez da amaitu».

Euskararen Plan Estrategikoa eta Hizkuntza Planak

Horrekin batera, Kontseiluko idazkari nagusiak azpimarratu nahi izan du kezkaz bizi dutela plangintzekin gertatzen ari dena. «Hizkuntza-politika batek hiru zutabe nagusi ditu: araubidea, plangintza eta baliabideak. Araubidean atzerapausoak egoteko arriskua ikusita, planek garrantzi handiagoa hartzen dute, eta horrexegatik kezkatuta gaude planen garapen ezarekin» adierazi du.

Kontseiluko eledunak deitoratu du departamentuetako hizkuntza-planak oraindik onartu ez izana. Batetik, atzerapen handiz datoz plan horiek, eta bestetik, Gobernuak adierazi zuen lehen hiruhilabetean onartuko zituztela: «Berriki, Funtzio Publikoko kontseilari eta gobernuko eledun Javier Remirezek aitortu du hizkuntza-planak jada diseinaturik daudela, baina oraindik Funtzio Publikoko Mahaira bidali behar dituztela, sindikatuekin negoziatu ditzaten. Zeren zain daude? Berriz ere kalkulu elektoralak egiten herritarren eskubideen urraketen bizkarrera?» galdetu du Kontseiluko ordezkariak.

Bestalde, Bilbaok harridura agertu du Euskararen Bigarren Plan Estrategikoaren prozedurarekin. Izan ere, duela urte bat horren prestakuntzari ekin zitzaion, eta Euskararen Nafar Kontseiluak abenduan aldeko irizpena eman zion. Halere, Gobernuak oraindik ez du onartu: «Nafar Kontseiluan adierazi genuen bezala, gure ustez Planak anbizio handiagoa behar zuen; halere, beharrezkoa da gehiago itxaron gabe abian jartzea. Horretan ere, kezkaz bizi dugu isiltasun hain handia egotea gai horren inguruan, eta Gobernuak onartu ez izana. Asmoa dugu Gobernuari zuzenean galdetzeko ea zein diren, honez gero, urrats guztiak emanak zituen Plana ez onartzeko, eta ondorioz, abian ez jartzeko» esan du.