Milaka nafarrek diskriminazioarekin bukatzeko eskatu diote Gobernuari

2022(e)ko maiatzak 07 Iruzkinik ez

Gaur milaka herritarrek Iruñeko karrikak bete dituzte Nafarroako Gobernua prestatzen ari den Merezimenduen dekretuaren eduki baztertzaileei desadostasuna adierazteko eta eskubide berdintasuna aldarrikatzeko. Arratsaldeko 17:30ean hasi da Antoniutti parketik Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa, erakundea osatzen duten bazkideen pankarta aurrean. Jarraian, Nafarroako eskualdeetako kartelak zeramatzaten herritarrak izan dira, bai eta euskalgintzako, sindikatuetako eta eragile sozialetako ordezkariak ere.

Herritarrengan eragin zuzena izango duen dekretua

Manifestazioaren amaierako ekitaldian Baztango, Iruñerriko eta Erriberako hiru herritarrek hartu dute hitza Dekretuak haien egunerokoan nola eragingo duen kontatzeko. Horrela, Baztango herritarrak aipatu du, berari hizkuntza-eskubideak aitortzen bazaizkio ere, ez zaizkiola osoki bermatzen, esaterako osasun-arreta jasotzerakoan, eta Iruñeko zerbitzu zentraletara jo behar duenean «kilometroak egin ahala eskubideak galtzen ditugu».

Bestalde, Iruñerriko herritarrak gogorarazi du Gobernuak aurkeztutako dekretu-zirriborroak eta Iruñerriari dagokionez, UPNrekin baino atzerago egingo duela. Izan ere, orain arte «lanpostu guztietan hartzen zen kontuan euskararen ezagutza. Dekretua onartuz gero, aldiz, lanpostu batzuetan ez da kontuan hartuko. Hori bai, lanpostu guztietan kontuan hartuko da alemanaren, ingelesaren eta frantsesaren ezagutza».

Hirugarrenik, Erriberako herritarrak hartu du hitza. Euskalduna izan ez arren, Gobernua prestatzen ari den dekretu «bidegabearekin» ez duela bat egiten esan du. Horrela, aipatu du ulertezina egiten zaiola berari eskubide batzuk aitortzea, eta beste herrikide batzuei, ordea, ez. Halere, egoera makurra izanik, Erriberako herritarrak agerian utzi nahi izan du euskararen alde gizarte eragileek egindako ekarpen ikaragarriak.

Justizia soziala, berdintasuna eta kohesioa daude jokoan

Jarraian Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du hitza. Lehenik eta behin eskerrak eman dizkie bertaratutako herritarrei eta eragile sindikalei. Halere, azpimarra jarri du hainbat eremutako eragile sozialek aurkeztutako Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat adierazpenean: «Gizarte eragileek esan bezala, hemen justizia soziala dago jokoan, bai eta berdintasuna eta kohesioa ere. Gobernuaren dekretu-proposamenak horren guztiaren kontra egiten du».

Dekretuak ekarriko dituen atzerapausoak azalduta, PAI legearen inguruko aipua ere egin du Kontseiluko ordezkariak hitzartzean: «Kezkaz ikusten ari gara, nola jartzen ari zaizkion euskarazko hezkuntzari oztopoak, ahalbidetzen den milaka ikasleri lingua navarrorumaren inguruan ezertxo ere ez transmititzea, baina zer-nolako fijazioa dagoen ingelesezko eta euskarazko ereduak kontrajartzeko ». Halaber, berriz ere ekarri du gogora PAI delakoa euskarazko irakaskuntzaren garapenari galga jartzeko sortu zela. Horren aurrean, euskal hiztunen diskriminazioa gainditzeko, Nafarroa osoan D ereduko ikasgelak irekitzea eskatu du Kontseiluko eledunak.

Deia alderdi politikoei

Ondoren, Kontseiluko eledunak dei egin die alderdi politikoei. Batetik, dekretua eta PAI legea garatzen ari diren alderdiei galdera zehatza luzatu die: «Benetan uste al duzue kohesioa, justizia soziala eta berdintasuna helburu duen politika egin daitekeela milaka nafar alboratuz eta diskriminatuz? Nola ulertu garai bateko gobernuaren politiketatik bereizi nahi izatea, hizkuntza-eskubideen eremuan haien babesa bilatu eta berdin jokatuz gero?». Halaber, gizarte eragileek esandakoari erreparatzeko eskatu die, hain zuzen ere, hizkuntza-eskubideena auzi soziala ere badela, justizia soziala ere badela.

Ondoren, KORRIKAren 539. kilometroa izan du gogoan, Nafarroako Parlamentuko hainbat alderdik egindakoa. Eskaera zuzena egin die alderdi horiei: euskararen gaiarekin, oinarrizko eskubideez ari garen heinean, presio handiagoa egiten hasteko. «Bada garaia hizkuntza-eskubideen eremuan ere gutxieneko batzuk zehazteko, eta gutxieneko horien azpitik ezer erabakiko ez dela segurtatzeko. Bestela, ohartzen ari gara, desadostasunaren aitzakia baliatuz, edozein gauza, edozein erabaki, edozein neurri hartzeko prest egongo direla. Hortaz, lehen esan bezala, partida ez da amaitu» esan du.

Oztopoak oztopo, aurrera

Amaierako hitzak bertaratutako milaka herritarrei zuzendu dizkie Kontseiluko eledunak. Eskerrak eta zorionak emateaz gain, ozen adierazi du ez dagoela euskal komunitatea aurretik eramango duen pandemiarik, aurretik eramango duen epaitegirik, aurretik eramango duen dekreturik, aurretik eramango duen PAI legerik. «Lanean jarraituko dugu, beharrezkoa denean kaleak hartuko ditugu. Baina, horretaz gain, lanean jarraituko dugu herri hau euskaraz bizi ahal izateko hiztunak, tresnak eta espazioak sortzen. Lanean jarraituko dugu, Euskararen legeak 35 urte bete dituen honetan, zonifikazio bidegabearekin bukatu eta Nafarroa osoan euskara ofiziala egingo duen lege baten alde» esan du Bilbaok.

Amaieran, Kontseiluko ordezkariek dei egin dute Gazte Euskaltzaleen Sareak maiatzaren 21ean deitutako Euskara Aurrera manifestazioan parte hartzeko.