Abian da maiatzaren 7ko manifestazioarekin bat egin eta atxikimendua emateko kanpaina

2022ko apirilaren 27a Iruzkinik ez

«Eskubideak guztiontzat» manifestua aurkeztu eta atxikimendua agertu dioten Nafarroako hainbat eragile sozial batu dira gaur Iruñeko Zabaldi Etxean. Manifestuarekin bat egin duten lehen eragileak direla zehaztu dute, eta atxikimendu gehiago jasotzeko kanpaina martxan dagoela. 

Lehen eragile hauen artean, eremu ezberdinetan lan egiten duten elkarteetako hainbat ordezkari izan dira: Auzoak Iruñeko jai batzordeen plataforma, Geltoki ekonomia sozial eta solidariorako proiektua, Saharako Kabiak elkartea, Teatrolari antzerki eskola, ONEKA emakume pentsionisten plataforma, Mugitu! mugimendu ekologista, Nafarroako Neska* Gazteak, Nafarroako Bilgune Feminista, Orreaga fundazioa, Nafarroako Ernai, AHT Gelditu!, EHGAM eta Eskubide Sozialen Karta.

Bertan, Nafarroako euskal hiztunek pairatzen duten egiturazko bereizkeria salatu dute, eta Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitu duen manifestazioarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak eta gizarte eragileak. Izan ere, hainbat eremu eta esparrutan egoera gutxituan dauden herritarrak gutxiestearen aurka eta berdintasunaren alde egiteak eraman ditu honako adierazpena adostera, hizkuntzaren esparruan ere, ez dutelako herritarrak gutxiesterik nahi.

Manifestuarekin bat egin nahi duten elkarte eta gizarte eragileek nafarroa@kontseilua.eus helbidera idatzi beharko dute.