PAI legeari ez! Astakeria honen aurrean kaleak bete behar ditugu

2022ko apirilaren 28a Iruzkinik ez

Nafarroako Parlamentuak gaurko saiorako eztabaidagai zuen irakasle funtzionarioen hautaketari eta lanpostuen betetzeari begirako Foru lege proposamenaren eztabaida instrumentalizatu dute NA+ eta PSNk PAI delakoa eredu linguistiko bihurtzeko. Euskalgintzaren Kontseiluak oso larritzat jotzen du erabakia, eta gehiengo parlamentarioak berezko hizkuntzak eta hizkuntza-komunitateak desagerrarazteko erabiltzea zitala dela iritzi du.

Ingelesaren aitzakia baliatuta, euskara jomuga

Oso larritzat jo du Euskalgintzaren Kontseiluak PAI delako eredu linguistikoaren ezarpena herritarren balizko eskubideekin lotu izana: «Berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea bermatzeari begira botere publikoek betebehar zehatza dute, hain zuzen ere, gaur egun Nafarroako Gobernuak betetzen ez duena. Izan ere, egungo hezkuntza-ereduak milaka haur eta gazteri ukatzen dio euskara ezagutzeko eskubidea, eta euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten ditu. Horren aurrean, ingelesa ezagutzeko balizko eskubidea erdigunean jartzea zitala da. Erabaki euskarafoboei existitzen ez diren eskubideen fatxada jarri nahi diete» esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakia Gobernuak administrazioan euskararen ezagutza baloratzeko onartu nahi duen Merezimenduen Dekretuaren norabidean doala gaitzetsi du Kontseiluak. «Horren ondorioz, berezko hizkuntza eta hizkuntza horri lotutako komunitatea zokoratu nahi dituzte, lurraldean inolako estatusik ez duen hizkuntza bat gainean jarriz. Euskara eta euskal hiztunen komunitatea desagerrarazteko erabakiek babes parlamentarioa izateak ez du esan nahi erabaki demokratikoak direnik» gaineratu du.

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, PAI delakoa abian jarri zenean Gobernuko orduko lehendakariak argi esan zuen horren helburu nagusia: «Oihartzun handia izan zuten orduko lehendakari Barcina andreak telebista bateko elkarrizketan esandakoek, hain zuzen ere, PAI delakoaren bidez euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditu nahi zuela». Are gehiago, berezko hizkuntzak dituzten beste lurralde batzuetan ere, Valentzian edota Balear Uharteetan esaterako, helburu bera betetzeko abian jarri nahi izan zituzten antzeko ikastereduak: «argi geratu da PAIrena bezalako ereduak jarri nahi izan diren lurraldeetan, hizkuntza gutxituaren irakaskuntzari aurre egiteko estrategiaren baitan kokatu izan dela, eta Nafarroan ere horrela izan zen, eta horrela da» gaineratu du.

Maiatzaren 7an kaleak bete beharra

Astakeria honi erantzuna eman behar zaiola adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, are gehiago, eremu bakoitzean zeinek bere moduan erantzun beharra azpimarratu nahi izan du: «Gizarte eragileoi badagokigu desadostasuna kalean erakustea, eta horrexegatik, maiatzaren 7an Iruñean antolatu dugun manifestazioa baliatuko dugu Parlamentuak onartu duen legea salatzeko. Izan ere, lege honekin, beste behin herritarrak gutxietsi nahi dituzte».

Halere, honen guztiaren aurrean erantzun gehiago behar direla azaldu du Bilbaok. «Alderdi politikoei ere eskaera zuzena egin nahi diegu: desadostasunaren aitzakia ezin da erabili horrelako erabakiak onartzeko. Bada garaia presio handiagoa egiteko, euskararen gaia erdigunean jarri eta estutzeko. Izan ere, oraintxe bertan hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete euskararen normalizazio-prozesuan» adierazi du Kontseiluko eledunak.