Kontseiluak guztiontzako eskubideen defentsan manifestazioa deitu du maiatzaren 7an Iruñean
Berriz ere bildu gara, Nafarroako herritarrak gutxietsi ez ditzatela, herritarrok gutxietsi ez gaitzatela aldarrikatzeko. Uste genuen, bai, euskal hiztunak gutxiesten zireneko garaiak amaitu zirela, gure gutxiespena helburu zuen amesgaizto hori amaitutzat jo genezakeela. Tamalez, ez da horrela.
Badakigu, bai, jatorrizko gaitza non dagoen, hain zuzen ere, herritarren eskubideak eskualdekatzen edota zonifikatzen dituen araudian. Eta, badakigu, bai, bidegabekeriei errotikako amaiera emateko non eragin behar den. Halere, azken boladan ikusten hasi gara lege diskriminatzailearen irakurketa are diskriminatzaileagoa egiten ari direla, eta horrek guztiak kalte-eragin nagusi bat duela, herritarren, herritarron, euskal hiztunon gutxiespena.
Ez da justua, ez eta onargarria ere
Justiziaz harago, badago, inolako zalantzarik gabe, edozein logika, edozein muga gainditzen duen erabakirik: Nafarroako administrazioko hainbat eta hainbat lanpostutan ofizialak edo berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza euskararen ezagutzaren gainetik jartzea. Hain zuzen ere, ingelesari, alemanari edota frantsesari euskarari baino garrantzi handiagoa ematea. Esan behar dugu eremu misto delakoan, hau ez dela inoiz gertatu. INOIZ ERE EZ, ez eta euskararen edota euskaldunen kontrako politika bortitzak garatzen zituztenean ere. Nola izan daiteke, nola uler daiteke, bertako eta berezko hizkuntzaren ezagutzaren balorazioari muzin egin, eta atzerriko hizkuntzak normaltasun osoz kontuan hartzea? Zein asmo edota intentzionalitate dago horren atzean?
Bestalde, Nafarroako aurreko Gobernuak urrats batzuk egin nahi izan zituen, baina Auzitegiak kamustu zituen asmoak. Halere, izan zen Auzitegiaren atzaparretatik libratutako neurririk. Tamalez, Gobernuak orain Auzitegiak onartutakoa ere ezabatu nahi du. Horrek erakusten du, beraz, Merezimenduen Dekretu berriaren helburua ez dela Auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea. Aitzitik, horrek erakusten du Gobernuak intentzionalitate osoa duela euskaldun eta euskal hiztunon eskubideak zokoratzeko.
Halaxe esan genuen duela zenbait aste, eta halaxe berresten dugu gaur: 2022an honez gero ahaztuak genituen neurriak berpizteak ez du zentzurik, ez dago ulertzerik, ez dago onartzerik.
Berriki, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Gobernuko egoeraren diagnosia aurkeztu du. Horren arabera, lanpostuen %3ri baino ez zaie eskatzen euskararen ezagutza; eta departamentu batzuetan, %2 baino gutxiagori. Are gehiago, lau departamentutan euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa lanpostu batean ere. Ondorioz, horren eskakizun eskasekin, euskararen ezagutzaren balorazioan jauzia egin ezean, euskaldunon gutxiespena orokorra izango da.
Zorionez, gero eta euskaldun gehiago gara Nafarroan. Zorionez, ezagutza-tasa gorantz doa. Egia da, bai, ez doala guk nahiko genukeen abiaduran, baina badoa. Kontua da herritar horiek automatikoki baztertzen direla administraziora jotzen dutenean. Nafarroako administrazioak ia sistematikoki urratzen dituela bere herritarren eskubideak.
Herritarren eskubideak jokoan
Izan ere, parametroa aldatzeko ordua dela uste dugu. Ez dezagun hitz egin puntuazioaz edo merituez. Ez, horixe. Hitz egin dezagun herritarrek administrazioan berezko hizkuntzan jarduteko dugun eskubideaz. Ez gara ari gauza abstraktu batez, administrazioan euskaraz jarduteko eta erantzuna euskaraz jasotzeko eskubideaz ari gara. Bada, modu bakarra dago herritarrei eskubide hori bermatzeko, arreta euskaraz eskaintzea, eta hori lortzeko modu bakarra dago: langile elebidunak hartzea.
Eta, ideia hori berretsi nahi dugu gaurkoan, puntuazioaz edo balorazioaz harago, hitz egin dezagun herritarren eskubideez, eta ondorioz, botere publikoek herritarren eskubideak bermatzeko hartu beharreko neurriez eta garatu beharreko politikez.
Kontua da, herritarren eskubideak erdigunean jartzen baditugu, nekez uler daitekeela Nafarroan egungo Gobernuak daraman politika, ez dago ulertzerik proposatutako Merezimenduen Dekretua indarrean jartzea. Horrexegatik, bere horretan onartuz gero, herritarren eskubideei muzin egin eta bestelako interesei erantzuten dien araudia indarrean jarriko duela berretsi behar dugu. Gogorra da, bai, halakorik baieztatzea, baina horixe da araudiak ekarriko duena.
Eskubideak guztiontzat
Horregatik guztiagatik, Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioaren aldeko 30 gizarte eragile biltzen dituen erakundeak, kalera atera beharra ikusten du. Batetik, ikusgabe egin nahi gaituen horri aurre egin, eta izan bagarela, hemen gaudela erakusteko eta berresteko. Ez dago euskal hiztunon komunitatea desagerraraziko duen legerik, ez dago euskaraz bizitzeko borondatea desagerraraziko duen dekreturik.
Halere, batzuk horrelako dekretuak eta neurriak onartzen tematzen badira, geuk kalea baliatuko dugu desadostasuna agertzeko, geure burua gutxietsia ikusten dugula salatzeko, eskubideen aurka jotzen ari direla ozen oihukatzeko. Eta bestetik, gure eskubideen alde aterako gara kalera, geure eskubideak kontuan hartuko dituen politika indarrean jar dadin eskatzeko aterako gara. Atzera egitearen aurka, aurrera egitearen alde.
Hortaz, herritarrei dei egiten diegu maiatzaren 7an, larunbatarekin, arratsaldeko 17.30ean Euskalgintzaren Kontseiluak Antoniutti parketik abiatuko duen manifestazioan parte hartzeko. Orain da unea «Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» ozen aldarrikatzeko.
Iruzkinik ez "Kontseiluak guztiontzako eskubideen defentsan manifestazioa deitu du maiatzaren 7an Iruñean"