Nafarren kohesioaren aurkako hezkuntza ituna
Aste honetan, Nafarroako Eskola Kontseiluak Hezkuntza itun berria sinatuko du, hurrengo urteetarako Nafarroako hezkuntza-sistemak izan beharreko ezaugarri eta noranzkoaren oinarriak proposatzeko.
Testuan jasotakoaren arabera, ez dira ezarriko Nafarroako berezko hizkuntzaren irakaskuntza lurralde osoan bermatzeko oinarriak eta neurriak. Kontseiluak salatu du Nafarroako milaka haur eta gaztek ez dutela euskararen gutxieneko ezagutzarik izango. Gaur egun bezala, etorkizuneko belaunaldien zati handi batek ezin izango du Nafarroako berezko hizkuntza ulertu, ezta erabili ere.
Euskararen zonifikazioa gainditu beharra
Kontseiluak kezka agertu du hizkuntzarekiko ezartzen dituen parametroekiko. Izan ere, zirriborroan aipatzen den arren ekitatea, kalitatea edo diskriminazio mota guztien ezabatzea oinarri izan behar duen hezkuntza sistemaren alde egiten dela, Nafarroako ikasleen artean euskaraz komunikatzeko gaitasuna bultzatzeaz ari denean, zonifikazioaren arabera egingo dela aipatzen da. Ondorioz, legez ezarritako Nafarroako eremu misto edo ez euskaldunean euskaraz ikasi ahal izatea ez da behar bezala bermatuko ez sustatuko, euskarazko hezkuntza eskaintza legeak ezartzen duen araberakoa izanik.
Bestetik, eremu askotan euskararen ezagutzarekiko inolako neurririk bultzatuko ez den bitartean, eskola curriculumean atzerriko hizkuntzei euskarari baino protagonismo eta bultzada handiagoa eman nahi izatea kritikatu du Kontseiluak. Izan ere, haur hezkuntzan zein nahitaezko bigarren hezkuntzan ere, atzerriko hizkuntzetan oinarritu eta euskara baztertzen duten ikastetxeak bultzatu nahi dira. Hortaz, Itunaren zirriborroak Barcinaren gobernuak euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditu asmoz ezarritako PAI programa kontsolidatzea proposatzen du, ikasleek ingelesa ikasteko aitzakiapean, euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten dituena.
Eskubideen bermea, botere publikoen betebeharra
Azkenik, Kontseiluak botere publikoei gogorarazi die betebehar zehatza dutela herritarrek Nafarroako berezko hizkuntza ezagutzeko duten eskubidea bermatzeko. Egungo injustiziak eta eskubide urraketak ez betikotze aldera, etorkizuneko hezkuntza sistemak Nafarroa osoan euskararen irakaskuntza bermatu eta ikasle guztien esku jarri beharko ditu. Eta, bertako hizkuntzaren ezagutza egokia bermatuaz, atzerriko hizkuntzetan ere trebatuko diren irakaskuntza euskaldun eleanitza oinarri bezala ezarri.
Iruzkinik ez "Nafarren kohesioaren aurkako hezkuntza ituna"