Nafar guztien eskubideak kontuan hartzeko kanpaina abian jarri du Kontseiluak
Urtarrilean, Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Dekretuaren zirriborroa aurkeztu zuen, besteak beste, administrazioko lanpostuetan euskara jakiteari emango zaion garrantzia zehazten duena.
Datozen hilabeteetan, Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioaren aldeko 30 gizarte eragilek osatzen duten bilguneak, nafar guztientzat eskubideak berma daitezen eskatzeko kanpaina bati ekingo dio.
Nafarren eskubideen kaltetan
Nafarroako Gobernuak Dekretuaren zirriborroa aurkeztu bezain laster, Euskalgintzaren Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera eginiko prentsaurrekoan, kezka agertu eta «atzerapauso onartezintzat» jo zuen Dekretu zirriborroa. Izan ere, iraganeko gobernuen hizkuntza-politika ilunetan baino atzerapauso handiagoak egitea proposatu zuen Gobernuak.
Zirriborroaren arabera, adibidez, eremu euskaldun delakoan, jendaurreko lanpostuetan lehen baino gutxiago baloratuko da euskararen ezagutza, %20tik %10era murriztuz, auzitegiek kontrakoa onartu zuten arren. Bestalde, eremu misto delakoan, hainbat lanpostutan euskararen ezagutza %3a baloratzetik ezertxo ere ez baloratzera pasako da. Halaber, eremu misto delako hainbat lanpostutan, eta eremu ez-euskaldun delako lanpostu guztietan atzerriko hizkuntzek –alemanak, frantsesak eta ingelesak– puntuak emango dituzte, baina euskarak ezer ere ez.
Zirriborroak aurrera eginez gero, ia ezinezkoa izanen da herritarrok zerbitzuak euskaraz jasotzea. Ondorioz, administrazioarekin, medikuekin, erizainekin… euskaraz egiteko eskubidea eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea larriki urratuko lirateke.
Dekretua aldatzeko aukerak
Kontseiluaren ustetan, Dekretua aldatzeko aukerak daude oraindik ere, eta esfortzu horretan jarriko ditu indar guztiak datozen hilabeteetan. Horregatik, Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat izeneko kanpaina abiarazi duela iragarri du, atzerapausoen aurrean berdintasuna, justizia eta kohesioa aldarrikatzeko.
Kontseilua konbentzitua dago Dekretua aldatu daitekeela, eta xede horrekin, lehen ekimen batean Dekretuak herritarren eskubideetan eta ongizatean izango dituen ondorioak eta kalteak gizarteratuko ditu. Ondoren, Nafarroako Gobernuari herritarrek haien eskubideen urraketen berri emateko eskaerak jasotzeko kanpaina jarriko da martxan, eta jarraian, eragile sindikal eta sozial ezberdinekin bilera erronda bat egingo da, beraien babesa eta atxikimendua lortzeko. Azkenik, Dekretuan aldaketak exijitzeko mobilizazioa antolatzea ere aztertzen ari da Euskalgintzaren Kontseilua.
Iruzkinik ez "Nafar guztien eskubideak kontuan hartzeko kanpaina abian jarri du Kontseiluak"