Euskararen ofizialtasunak ezin ditu beste lau urte itxaron Nafarroan
Apirilaren 20an, Nafarroa osoko 200dik gora gizarte eragilek euskararen ofizialtasuna eskatzeko adierazpenarekin bat egin dutela iragarri zuen Euskalgintzaren Kontseiluak. Bertan, hauteskundeen ondotik Nafarroako Parlamentua osatuko duten alderdiekin harreman-erronda bati ekiteko asmoaren berri ere eman zuen, eta horretan aritu da azken asteetan.
Nafarroako alderdien programak eta proposamenak
Alderdiekin izandako kontaktuetan, Kontseiluak bi aldagai baloratu ditu: bilera eskaeraren aurrean izandako jarrera, eta euskararen ofizialtasunaren aurrean izandakoa. Halaber, alderdien proposamenen azterketa hauteskunde-programetan jasotakoarekin aberastu da.
Kontseiluak bilera proposamenak luzatu zizkien Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezten diren ondorengo alderdiei: UPN, PP, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Zurekin Nafarroa. Hauetatik, azken hirurek soilik erantzun zioten biltzeko eskaerari.
Nafar Herriaren Batasunetik (UPN) hasita, ez zen haien aldetik bilera eskaeraren erantzunik jaso. Hauteskunde-programa aztertuta, «euskara zonifikazioaren arabera sustatuko» dutela jasotzen da, eta beraz, euskararen egungo status juridikoa betikotzearen alde egiten da.
Nafarroako Alderdi Popularrari (PPN) dagokionez, bilera eskaerak ez zuen erantzunik izan. Programa aztertuta, euskararen inguruko aipamenak oso urriak diren arren, UPNren bide beretik zonifikazioa betikotzearen alde egiten da.
Nafarroako Alderdi Sozialistaren (PSN) aldetik ere ez da jaso bilera eskaeraren erantzunik. Hauteskunde-programa aztertuz, 1986ko Euskararen Legea mantentzearen alde egiten da, «lurraldeko eskari eta errealitate soziolinguistikoaren araberako trataera» bermatzeko eraginkorra izan dela azpimarratuz.
Geroa Bairen ordezkariekin izandako bileran euskararen ofizialtasunak beraien programan «zentralitatea» duela azaldu dute. Programan jasotzen du Nafarroako Foru Hobekuntza berrizteko prozesuan zonakatze murriztailea bertan behera uztea, «hizkuntza-arrazoiengatik inor diskriminatu ez dadin bermatzeko». Halaber, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko Euskararen Lege berri bat onartzearen alde egiten du, «gaur egungo zonakatzean dauden irizpide murriztaileak gainditzeko» xedez.
EH Bilduren ordezkariekin egindako bileran euskararen ofizialtasuna «funtsezkotzat» jo dute. Horrela, hauteskunde-programan jasotzen dute Nafarroako Foru Hobekuntza aldatzea eta, harekin batera, Euskararen Normalizaziorako Lege berri bat onartzea proposatzen dute, «zonifikazioa gainditu eta herritar guztiei hizkuntza eskubide berdinak aitortuko dizkiena».
Zurekin Nafarroarekin izandako bileran, haientzat ere euskararen ofizialtasuna «funtsezkoa» dela adierazi dute, eta Nafarroa osoan koofiziala izatea proposatzen dute. Hauteskunde-programak jasotzen du egungo Euskararen Legea ordezkatuko duen Hizkuntza Politikaren Legearen proposamena.
Ofizialtasuna nafar guztien arteko berdintasuna da
Oro har, bilera errondatik Kontseiluak ateratzen duen ondorioa honakoa da: alderdi politikoek ez dute euskararen ofizialtasuna ortzimuga hurbilean ikusten, nahiz eta helburu horretarako baldintzak sortu behar direla uste duten. Kontseiluaren iritziz, legegintzaldi hau behingoz ofizialtasunarena izan behar da, milaka herritarren eskubideek ezin baituzte beste lau urte itxaron. Halaber, alderdiei dei egin die ez uzteko ofizialtasunaren gaia negoziaketen lehen minutuan erortzen.
Azkenik, Kontseiluak adostasun sozialetan sakontzen jarraituko du, Nafarroa osoko gizarte eragileekin eta norbanakoekin ofizialtasunaren aldeko jarrera eta adostasun politikoa erdiesteko baldintzak sustatzen.
Apirilaren 20ko agerraldian esan bezala ofizialtasunak ez dizkio inori eskubideak kentzen, ez dituenari ematen dizkio. Izan ere, ofizialtasunak euskara ikasteko erraztasunak emango dizkio hala nahi duenari. Seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatzeko aukera errealak emango dizkio ofizialtasunak. Ofizialtasuna ez da nahi bat, behar bat da. Ofizialtasuna nafar guztien arteko berdintasuna baita: «Ateak irekitzeko giltza, ez ixtekoa».