Lankidetza-esparru berriak arakatzen

2022ko uztailaren 21a Iruzkinik ez

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok bilera egin du Bartzelonan Plataforma per la Llengua erakundeko zuzendari berri Rut Carandellekin.

Bi erakundeen arteko urteetako aliantza berresteaz gain, eskuartean dituzten erronkak partekatu dituzte euskararen eta katalanaren aldeko erakundeek. Horrela, hezkuntzaren eremuaz luze jardun dute, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan osatzen ari den legea hizpide, bai eta Katalunian epaitegietatik kaleratutako epaiei aurre egiteko hartutako estrategia ere. Kontseiluak argi du, EAEn egindako proposamenean jaso bezala, ikasleen eskubideak bermatzeko eta gure hizkuntzen normalizazioan urrats esanguratsuak emateko nahitaezkoa dela euskara irakas- eta ikas-hizkuntza izango duen hizkuntza-eredu orokortua.

Bestelako gaiak ere izan zituzten hizpide, tartean, hizkuntza-klausulak eta klausula sozialak, Kontseilua jorratzen ari den Batuz Aldatu dinamika… Halaber, hurrengo hilabeteei begira elkarrekin lantzeko zenbait ildo izan dituzte mahai gainean.