Orkoiengo epaia, eskubide urraketak betikotzeko erabaki bat gehiago

2022ko urriaren 21a Iruzkinik ez

Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin du Orkoiengo Udaleko bederatzi lanpostutan euskararen eskakizuna, haren arabera «zuzenki herritarrekiko arretarako» postuak. Bederatzi horien artean, kultur koordinatzailea, gizarte-etxeko laguntzailea eta berdintasun-teknikaria daude. Horretaz gain, meritu gisa ezin dela baloratu ere ebatzi du.

Herritarren eskubideak jokoan

Euskalgintzaren Kontseiluak gogor salatu nahi ditu Auzitegiaren jokaera, bai eta erabilitako arrazoiak ere. «Erabat arbuiagarria da, gainera, herritarrekiko arreta zuzenik ez dutela argudiatzea, kontuan hartuta herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuak badirela horietako batzuk» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Kontseiluko idazkari nagusiak argitu nahi izan du epaia helegite baten ondorioz etorri dela: «euskaldunak erabat zokoratu nahi dituen alderdiak eragin du Administrazio Auzitegiak erabaki hori hartzea, eta beraz herritarren eskubideen urraketa eta diskriminazioa betikotzea. Modu batera edo bestera, Gobernuan egonik edo egon gabe, euskaldunon aurkako gurutzadari jarraitzen dio».

Horrela, euskaldunak zokoratzeko estrategia handiago batean kokatu du Auzitegiaren erabakia. «Ikusten ari gara hainbat sektoretatik ari direla hizkuntza-politika atzerakoia bultzatzen, dela merezimenduen dekretuaren bidez, dela PAI sistema ezarriz, dela lanpostu publikoetan euskararen ezagutza ezabatuz» azaldu du.

Ofizialtasunaren beharra

Horrelako epaiek berriz ere uzten dute agerian euskarak ofizialtasuna behar duela Nafarroa osoan. Bilbaoren hitzetan, «ohartzen gara Auzitegiak legearen irakurketa murriztaileak egiten dituela, eta horrek eragin zuzena du eskubideen urraketetan. Horrela, horrek erakusten du horrelako epaiak saihesteko ofizialtasuna nahitaezkoa dela».

Horrexegatik, Kontseiluko eledunak dei egin die herritarrei larunbatean Hordago! herri ekimenak Tuteran euskararen zonifikazioaren aurka deitutako manifestazioan parte hartzeko: «Beharrezkoa da herritar guztien berdintasuna bermatuko duen araudia, eta horretarako ofizialtasuna nahitaezkoa da. Bihur dezagun Tuterako manifestazioa berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko oihu».