Kontseiluak Europar Batasuneko euskararen ofizialtasuna ez atzeratzeko eskatzen dio Espainiako Atzerri Ministroari
Euskalgintzaren Kontseiluak kezka larriz hartu du Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak Europar Batasunean katalanaren ofizialtasuna soilik lehenesteko iragarpena. Batetik, euskarari urrunarazi egin diolako Europar Batasunean ofizial izateko aukera, atzerapenaren planteamendua eta katalana lehenestekoarekin batera ez baitu adierazi euskararenganako (eta galizierarenganako) konpromiso eta egutegi zehatzik. Horrenbestez, euskal hiztunei eta euskararen normalizazio prozesuari Europako ofizialtasunarekin etorriko litzaizkieken onurak jasotzeko aukera erabat lausotu delako.
Bestetik, hizkuntza-auziaren planteamendu oker bat dagoelako, hizkuntzen gaineko begirada supremazista bat, hizkuntzen garrantzia hiztun kopuruaren eta, orokorrean, boterearen parametroetan irakurtzen duena. Hizkuntzen auzia, ordea, oso bestelakoa da: hizkuntza guztietako hiztunei aitortu eta bermatu behar zaizkie beren hizkuntza-eskubideak; oinarrizko eskubidea delako, giza eskubidea. Eta hori ezin da hiztun kopuruaren, hedaduraren edo bestelako botere mekanismoen menpe jarri.
Iragarpen horrekin argi geratu da Espainiako jarduneko gobernuaren proposamenak gehiago duela uneko alderdien arteko joko politikotik, hizkuntza-berdintasunean eta hizkuntzen auzia bizikidetza terminoetan konpontzeko konpromisotik baino. Horrexegatik, euskararen eta galizieraren ofizialtasuna ez atzeratzeko eskatzen dio Kontseiluak Espainiako Atzerri Ministroari.
Euskalgintzaren Kontseiluak lanean segituko du Euskal Herriko eragileekin euskara ofizial izan dadin Europan eta Euskal Herriko eremu guztietan; finean, euskal hiztunak eskubide guztien jabe egin daitezen. Eta, halaber, lanean segituko du nazioarteko eragileekin hizkuntzena erdiguneko auzi soziopolitikoa izan dadin, supremazismo ikuspegien gainetik, hizkuntza-eskubideak hizkuntza guztietako jendeen oinarrizko eskubidetzat hartu eta aitortu daitezen.