Euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasunaren gaineko erabakia atzeratu izana atsekabez hartu du Kontseiluak

2023ko irailaren 19a

Euskalgintzaren Kontseiluak penaz hartu du Europar Batasuneko Kontseiluak euskara, katalana eta galiziera Europako hizkuntza ofizial izendatzeko erabakia atzeratu izana. Izan ere, atzo prentsaurrekoa egin genuen Europar Parlamentuko egoitzan, Bruselan, ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareko ordezkariekin eta katalanaren eta galizieraren normalizazioa lantzen duten gizarte erakundeetako buruekin. Bertan adierazi genuen bezala, gaurkoa aukera bikaina zen gure hizkuntzen aitormenean eta normalizazioan urrats bat emateko ez ezik, Europako bizilagun guztien hizkuntza-eskubideetan sakontzeko eta, beraz, giza eskubideetan ere.

Uste dugu orain arte euskara, katalana eta galiziera ofizial egitearen aurka eman diren “arrazoi teknikoek” gehiago dutela argudio eta oztopo politikotik egiazko ezintasunetatik baino. Besteak beste, politikaren funtsetako bat delako baliabide ekonomikoak eta bestelakoak nola bideratu eta nola banatu erabakitzea helburu egokiak lortzeko. Euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna aitortzea bide bat da Europako beste hizkuntza gutxituei ere aitortza bera egiteko. Funtsean, bide bat da herritarren berdintasunean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzeko. Balio horiei “arrazoi teknikoak” kontrajartzea hautu politiko bat da.

Nolanahi dela, Kontseiluak espero du atzerapen honen ostean EBko Kontseiluak arazorik gabe onartzea euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna, arestian esan bezala, aipatutako balio horietan, hizkuntza-aniztasunean eta, orokorrean, dibertsitatean sinesten dutenek nekez esan diezaioketelako ezezkorik proposamen horri.

Bestalde, Espainiako Kongresuan gaurtik zilegi da euskara, katalana eta galiziera erabiltzea. Aspaldikoa beharko zukeen praktika den arren, ongi etorria da Euskalgintzaren Kontseiluarentzat, finean, gutxitutako hizkuntza horiei gutxieneko errespetu demokratikoa adieraztea delako. Bide horretan, alderdi katalan eta galiziarrek iragarri dute katalanez eta galizieraz egingo dituztela beren hitzartzeak aurrerantzean. Txalotzekoa da, gutxitutako hizkuntzek halako keinu eta ereduak ezinbestekoak dituztelako gutxiagotze horren parte den gizarte prestigio eskasari aurre egiteko. Aldiz, euskal alderdiek iragarri dute euskara eta gaztelera biak erabiliko dituztela. Kontseiluak kezkaz hartu du iragarpen hori, hain zuzen ere, euskara gutxitutako hizkuntza den heinean ezinbestekoa den prestigiatze eta sustapen lan hori murritz gerta daitekeelakoan.

Nolanahi ere, Kontseiluak zinez espero du euskal alderdietako ordezkariek hau guztia kontuan hartzea, eta euskara eta gaztelera erabiltzeko zenbatekoak erabakitzean presente izatea euskararen normalizaziorako zeinen garrantzitsua den eredu ematea, prestigiatzea eta sustapena.