ELEN sarearen Batzar Nagusian izan da Kontseilua

2022ko azaroaren 03a Iruzkinik ez

ELEN – Hizkuntza Berdintasunaren Aldeko Europako Sareak Batzar Nagusia antolatu zuen ostiral eta larunbatean Galesko hiriburu Cadeirydden. ELEN Europako berrogeita hamar hizkuntza-gutxituren alde lan egiten duten hamarnaka erakundek osatzen dute. Egun, Europan hizkuntza-berdintasunaren alde eragile gehien hartzen dituen bilgunea da. Euskalgintzaren Kontseilua izan zen bilgunearen sortzaileetako bat, eta hasieratik hartu du parte zuzendaritza-batzordean, sareko lehendakariorde izateaz gain.

Herritarren eskubideak jokoan

Ohiko moduan, Batzar Nagusiaren lehen saioan zenbait mahai inguru izan ziren hainbat gai jorratzeko, eta horietan ELENeko bazkideek zein kanpoko adituek hartu dute parte. Aurten hiru izan dira azpimarratzeko modukoak: lehenak hizkuntza gutxituentzako komunitate jasangarriak izan ditu hizpide; bigarrena UNESCOk ezarritako herri indigenen hamarkadari buruzkoa izan zen; hirugarrena, berriz, gizarte eragileen aktibazioari buruzkoa.

Mahai inguru horretan hartu du parte Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Elena Jimenez katalanaren aldeko Òmnium Cultural, Pádraig Ó Tiarnaigh irlanderaren aldeko Conradh na Gaeilge eta Bethan Ruth Roberts galesaren aldeko Cymdeithas erakundeetako ordezkariekin batera. Gizarte-aktibazioaren zenbait adibide aurkezteaz gain, intersekzionalitatearen beharra azpimarratu zuten lau ordezkariek. Horren karira, Kontseiluko ordezkariak Batuz Aldatu dinamikaren berri eman zuen, bai eta dinamika horren bueltan abian jarri izan diren hainbat lanketa ere, besteak beste, Euskaraz Hezi Berdintasunean Hazi dinamika EAEko eta Nafarroako hezkuntzan eragiteko; edota gehiengo sindikalarekin enpresetan eragiteko asmoz abian jarritako Euskaraz lan egitea, eskubide kontua! dinamika.

Nazioarteko erakundeei deia

Batzarraren amaieran, ELEN erakundeak zenbait ebazpen onartu zituen aho batez, tartean, Europako Batasunari dei eginez abian jarri duen Conference on Future of Europe Europako Etorkizunari buruzko Konferentzian ELENek egindako gomendioak kontuan hartzeko. Izan ere, ELEN sarea oso kezkatuta dago hizkuntzen inguruko ekarpenei egiten ari zaien kasu eskasarengatik. Halaber, kontuan hartuta COVID-19 pandemiak are gogorrago jo duela zaurgarritasun-maila handiagoa duten hizkuntzetan, hau da, berezko hizkuntza gutxituetan, hori orekatzeko neurriak eskatu zaizkio Batasunari. Azkenik, beste ebazpen batean eskatu egiten zaio Nazio Batuen Erakundeari indigena hitzaren birdefinizioa egin dezala, Europako hizkuntza eta herri gutxituak horren babespean jardun ahal izateko. Kontuan hartu beharrekoa da, egun, Europan samiek besterik ez dutela herri indigenaren aitortza.

Indartsu eta osasuntsu

2021-2022 ikasturte oso oparoa izan du ELEN erakundeak, eta hori azken hilabeteetako jardueren bilanean argi geratu zen, tartean, Espainiako Kongresuak onartu zuen Ikus-entzunezko Legearen aurrean antolatutako dinamika bateratua. Azkenik, LINGUAPAX International erakundeari ongi etorria eman zioten kideek, horixe baita ELEN familiak izango duen kide berria.