Xedea

Euskararen normalizazio-bidean prozesu eraginkorra abiatzea, lantzea eta bermatzea da Euskalgintzaren Kontseiluaren xedea, Euskal Herriko arlo sozio-politikoan, ekonomikoan zein kulturalean. Hain zuzen ere, Kontseiluaren eginkizun nagusia da prozesu horietan eragitea, egitasmoak zuzenean garatuz nahiz eragite-eginkizunetan proposamen zehatzak luzatuz.

Lan ildoak

  • Adostasun sozial eta politikoak: euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan aurrera egiteko akordioak proposatu eta bultzatzen ditu Kontseiluak, eragile sozial eta politikoekin elkarlanean.
  • Hizkuntza-eskubideak eta gizarte-kohesioa: Euskal Herri osoko herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko lan egiten du Kontseiluak, horien inguruko azterketak, proiektuak eta proposamenak garatuz.
  • Hizkuntza-politikak eta administrazioa: euskararen normalizazioa bultzatuko dituzten hizkuntza-politika eraginkorrak sustatzen ditu Kontseiluak. Horretarako, administrazioarekin zein eragile sindikal, sozial eta politikoekin zuzeneko elkarrizketan dihardu.
  • Euskararen ezagutza unibertsala: herritar guztiei euskara ezagutzeko eskubidea berma dakieken lan egiten du Kontseiluak. Alde batetik, euskaldun eleaniztunak lortzeko indar berezia egiten du hezkuntzan. Eta, bestetik, helduen euskalduntzea bultzatzeko eta areagotzeko jardunean da.
  • Arnasguneak: euskararen normalizaziorako ezinbestekoak diren arnasguneak jasaten ari diren aldaketak aztertu, eta horien inguruko proiektuak garatzen eta aplikatzen ditu Kontseiluak hainbat eragilerekin elkarlanean.
  • Kultura: euskal kulturaren garapena sustatzeko bermeen alde egiten du lan Kontseiluak. Kulturgintzako eragile eta sortzaile nagusiekin hartu-emanean da.
  • Eremu sozioekonomikoa: euskararen normalizazioan ezinbesteko esparrua denez, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko ildo estrategikoa garatzen du Kontseiluak. Horretarako, lan munduaren euskalduntzean estrategikoak diren eragileen edo aktoreen konpromisoak landuz eta urratsak egiteko ekimenak garatuz.
  • Nazioarteko harremanak: Nazioarteko erakundeetan euskararen eta hizkuntza-eskubideen egoeraren berri emateko jardunean da Kontseilua, eta Europako nahiz bestelako hizkuntza gutxituetako ordezkariekin elkarlanean dihardu.

Gure jardunaren berri izan nahi baduzu, jarrai gaitzazu sare sozialen bidez eta harpidetu gure mezularitza zerbitzuetara: