Euskalgintzaren Kontseiluak babesa adierazi dio maiatzaren 9an sindikatu euskaltzaleek deitutako manifestazioari
Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusiak, babesa adierazi dio ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek «Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde» lelopean, maiatzaren 9rako deitu duten manifestazioari, eta herritar guztiei dei egin die bertan parte hartzera. Era berean, Kontseiluak bat egiten du euskararen erabateko ofizialtasun beharrarekin eta enplegu publikoan gaztelania eta euskara parekatzeko aldarrikapenarekin, euskararen normalizazioaren eta herritar guztion hizkuntza-eskubideen berme.
Sindikatuen manifestazioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den momentuan dator, administrazioaren euskalduntzearen kontra azken urteetan auzitegietatik eta beste estamentu batzuetatik abiatutako oldarraldi antolatuari eta legediaren berrinterpretazio murriztaileen bidez eragindako euskararen desofizializazio prozesuari erantzunez.
Izan ere, euskalgintzak, sindikatuek eta gizarte eragileek sarritan salatu dituzte hizkuntza-politika erabakitzeko, baldintzatzeko eta oztopatzeko eskumena bereganatzeko botere judizialaren saiakerak: besteak beste, lan deialdi publikoetan gutxienekoa zen derrigortasun-indizea gehienezko bilakatuz, hainbat egonkortze prozesutan euskara ezagutzeko beharra ezabatuz, zein, Udal Legearen aurkako sententziarekin, udalerri euskaldunek euskara lehenestea edota euskaraz funtzionatzea oztopatuz. Eskuhartze hauekiko desadostasun sozial eta politiko zabalaren adibide da 2023ko azaroaren 4an, Kontseiluak deituta, Bilboko kaleak dozenaka mila euskaltzalez bete zituen manifestazioa.
Kontseiluak alderdi euskaltzaleei eskatzen die Legebiltzarrean aurrera eramaten ari den eztabaidaren emaitza euskara eskakizuna gutxienez gaztelaniaren maila berean jartzea izan dadila, eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izango dutela bermatzeko adostasun bat erdietsi dezatela. Horretarako, euskaraz bizitzea posible egingo duen arkitektura juridiko berri bat aldarrikatu du, eta gogora ekarri du duela urte batzuk Kontseiluak, ELAk eta LABek EAEko sektore publikoa 15 urtetan euskalduntzeko aurkeztu zuten proposamen adostua.
Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, garrantzitsua da gizarte eremu guztietatik euskararen normalizazioaren aldeko ekarpena egitea eta indar hori kalean erakustea. Horrexegatik, herritar eta langileen hizkuntza-eskubideen aldeko sindikatuen ekimena txalotzen dugu, gainerako eremuetako eragileei ere dei egiten diegu euskararen aldeko ekimenak antolatzera. Jauzi bat behar dugulako. Guztiagatik, euskaltzaleei dei egiten diegu maiatzaren 9an ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek antolatutako manifestazioan parte hartzera.
Amaitzeko, Kontseiluak azpimarratu nahi du larrialdi linguistikoan gaudela, eta euskararen aurkako oldarraldi antolatua Euskal Herri osoan ari dela gertatzen bortizki. Euskararen auzia lehen lerrora ekartzeko unea da, euskaltzaleon garaia, euskarari pizkunde berri bat emateko aroa. Horregatik, Kontseiluak norbanako eta eragile euskaltzaleei euskaltzale guztiei, Mauletik Bilbora, Baionatik Tuterara, ekainaren 13an Iruñeko Euskaltzaleon Martxan parte hartzeko deia egiten die, «Euskaraz bizitzeko behar den dena» aldarrikatzeko; hau da, ofizialtasun osoa Euskal Herri guztian, jauzi bat hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasunaren aktibazioa. Laburbilduz, ekainaren 13an Iruñea euskaltzaletasunaren bilgune erraldoi bihurtzera.
