Ekainaren 13an Iruñean batzeko deia Euskal Herri osoko euskaltzaleei, euskaraz bizitzeko baldintza errealak eskatzeko

2026ko maiatzaren 05a

Iruñeko Gazteluko Plazan, Euskalgintzaren Kontseiluak eta ehundik gora euskaltzalek agerraldi jendetsua egin dugu ekainaren 13an Iruñean antolatuko dugun Euskaltzaleon Martxari buruzko informazioa emateko.

Iruñea euskaltzale guztien bilgune bilakatuko duen Martxaren hiru zutabeak 17:00etan abiatuko dira Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzatik, 18:00ak aldera Gazteluko Plazan bat egiteko, eta ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna aldarrikatuko dituzte «Euskaraz bizitzeko behar den dena» lelopean.

Martxak aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu, euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren baldintzak eskatzeko eta euskaltzale izatearen harrotasuna balioan jartzeko.

Jarraian, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak agerraldian irakurri duen adierazpena.


ADIERAZPENA

Iragan abenduaren 27an milaka euskaltzale batu ginen Bilboko Miribilla kirolgunean, euskarak premiazko duen Pizkunde berriaren txinparta bat isiotzeko asmoz.

Gaur, berriz, hemen elkartu gara Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileok, eta baita ere, euskararen normalizazioa amets duen bide honetan lagun ditugun beste hainbat kide, Iruñeko Gazteluko Plaza honetatik Euskal Herri osoko euskaltzaleei dei egiteko datorren ekainaren 13an, berriro ere hemen, Iruñean, elkartu gaitezen. Batu gaitezen denon artean pizkundea bigarren txinparta batekin suspertzeko.

Izan ere, euskararen etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da euskaltzaleon ekarpena, ekina. Batetik, azken urteetako mundu aldaketa sakon eta bizkorrek desafio berri eta erraldoiak ekarri dizkigutelako mundu osoko hizkuntza eta hizkuntz komunitate gehienei. Zer esanik ez hizkuntza minorizatuei. Horiei erantzun ahal izateko premiazkoa da jauzi bat ematea hizkuntza-politiketan. Baina euskalgintza eta gizartearen parte handi bat jauzi hori eskatzen ari den bitartean, euskararen etorkizuna oztopatzeko ahaleginak erauntsi betean dira. Azken boladako adibide batzuk: Ipar Euskal Herriko ikasleei azterketak euskaraz egiteko debeku zentzugabea berrestea, Nafarroan euskarazko irakaskuntzak atzera egin dezan iragarri diren neurriak, edota Euskal Autonomia Erkidegoan normalizazio neurrien kontra gertatzen ari den oldarraldi antolatua. Finean, horiek denak euskararen eta euskal hiztun komunitatearen erroko arazoaren ispilu: minorizatutako hizkuntza eta hiztunak garela.

Testuinguru horretan, behin baino gehiagotan ikusi dugu euskararen etorkizuna kinka larrian. Hileta soinuak ere ibili ditugu. Baina une horietako bakoitzean euskaltzaletasunak, milaka jenderen era bateko edo besteko konpromisoak, eman dio aurrera egiteko arnasa euskarari, euskal hiztun komunitateari. Azken hilabeteotan hainbatetan errepikatu dugun bezala, euskaltzaleon garaia da.

Urteak daramatzagu «euskaraz bizi nahi dut» esaten, aldarrikatzen. Are, egunerokoan euskaraz bizitzeko ahalegin neketsua egiten. Baina euskaraz bizitzeko norberaren bakarkako ahaleginaz harago denon artean osatutako baldintzak behar dira. Hain zuzen, aldarri nagusi horren bueltan batuko gara ekainaren 13an Iruñean, Euskaltzaleon Martxan: «Euskaraz bizitzeko behar den dena» eskatuko dugu. Norberaren erabakimenaz harago euskaraz bizitzea egiaz posible egingo duten baldintzak, euskaltzale antolatu gisa eskatu behar ditugunak, eta justizia sozialean eta demokrazian sinesten duten gizarte gisa eratu beharrekoak.

Horregatik, hiru zutabetan banatuko da ekainaren 13ko Euskaltzaleen Martxa, gaur-gaurkoz euskaraz bizitzeko baldintzak eratzeko ezinbestekoak diren hiru oinarri ordezkatuz. Bat, ofizialtasun osoa eskatuko duen zutabea. Izan ere, euskararen normalizazioan aurrera irmo eta bermez egiteko ezinbestekoa da euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, gaztelania eta frantsesaren pare, bestelako baldintza murriztailerik gabe. Bi, hizkuntza-politiketan eman beharreko jauzia aldarrikatuko duena: euskarak etorkizunik izango badu eta mundu aldaketa hauetara denetara egokituko bada, premiazkoa da paradigma aldaketa bat gertatzea hizkuntza-politiketan, eta euskararen ezagutza orokortzeko eta normaltasunez erabili ahal izateko baldintza errealak sortzea. Hiru, euskaltzaletasuna: herritarron ardura eta eginkizuna azpimarratu ez ezik balioetsi egin nahi dugu zutabe honen bidez. Euskarak aurrera egingo badu herritarron ekarpen eta ekinari esker izango da beste garai ilun batzuetan bezala, euskaltzaleon ekimen antolatuari esker.

Era berean, uste dugu euskararen komunitatea osatzen dugunok kezkarako eta larritasunerako motiboak ez ezik, harrotzekoak eta poztekoak ere baditugula. Besteak beste, egiturazko minorizazioari eta eguneroko milaka nekeziei aurre eginez, bizirik heldu garelako XXI. mendeko lehen laurden honetaraino, eta sentitzen dugulako indarrik etorkizun bizi bat irudikatzeko. Hori dela eta, aldarrikapenari forma emateko moldean festatik edango du Euskaltzaleen Martxak. Zutabeetako bakoitza txupinazo eta pregoi batekin hasiko da, eta Ion Celestino musikari iruindarrak egun horretarako sortutako doinu baten konpasean egingo du Gazteluko Plazara bitarteko bidea. Zutabe bakoitza zabalduko duen pankarta, berriz, artista batek egingo du, Iruñeko Peñek erabiltzen duten pankarta moldean. Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar izango dira irudi horien egileak.

Zutabeak 17:00etan abiatuko dira Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzatik, eta 18:00etan Gazteluko Plaza izango da denen elkargunea, ekitaldi nagusia ospatzeko.

Ez nuke hitzartze hau amaitu nahi ekainaren 13ko Euskaltzaleen Martxa irudikatzen lagundu diguten kulturgileei eskerrak eman gabe: eskerrik asko Aritz Ibañez, mila esker Ihitz Iriart, Ion Celestino, Oier Zuñiga… Kontseiluan argi dugu euskarak beste Pizkunderik izango badu kultur ekosistema sendo batek lagunduta izango dela; euskarak kulturgintza indartsu bat behar duela etorkizunik izango badu.

Era berean, gaur hemen Iruñeko Gazteluko Plazan egonik, ezinbestean gogoan dugu Carlos Garaikoetxea Urriza Euskal Herriko historia garaikidean arrasto nabarmena utzi duen politikaria eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia ez ezik, euskaltzale handia. Halaxe gogoratuko dugu.

Amaitzeko, abiaburuko deia berritzea besterik ez: ekainaren 13an izan dadila Iruñea Euskal Herri osoko euskaltzaleen bilgune erraldoi, elkarrekin harrotzeko eta pozteko gune bat. Minorizazioaren eta oldarraldiaren aurreran euskaraz bizitzeko behar ditugun baldintzak aldarrikatzeko eta lortzeko bidean urratsa. Azken batean, beste txinparta bat euskararen pizkunde berrirako.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 5ean.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!