
Kontseiluaren ustez ona da oldarraldiaren inguruko eztabaidak epaitegietatik Legebiltzarrerako urratsa egitea
Euskalgintzaren Kontseiluak baikortasunez hartzen du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari hesia jarri asmoz Eusko Legebiltzarrean abiatzear den eztabaida prozesua. Izan ere, oldarraldia hasi zenetik, gutxienez 34 sententzia medio, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta dozenaka udalerriren hizkuntza-politika erabakitzeko eskumena mugatu du botere judizialak, zuzenean 700 lanpostu publikori baino gehiagori eraginez, euskararen normalizazioa oztopatuz eta herritar zein langileen euskaraz bizitzeko eskubideak urratuz. Hala, ekainean adierazi bezala, epai atzerakoi eta euskarafoboek ezarritako blokeoa gainditzeko, auzia epaitegietatik Legebiltzarrera eraman beharra dago.
Bi proposamen legegile daude mahaigainean, biak sakon aztertu beharrekoak, baina diagnostiko partekatu batetik abiatzen direnak: epaileek hizkuntza-politikaren joko arauak aldatu dituzte, eta jada arazoa ez da euskararen normalizazioan ez dela aurrera egin, baizik eta orain arte izandako zorua bera dagoela kolokan. Euskararen desofizializazioa prozesu bat gertatzen ari da, hain zuzen larrialdi linguistiko betean gaudenean, eta 40 urte atzera egiteko arriskua dago.
Izan ere, Euskararen Legea onartu zenetik ia mende erdi igaro den honetan, gaur gaurkoz, herritar zein langile euskaldunek ez dituzte zerbitzu publikoetan dagozkien hizkuntza-eskubideak bermatuta, eta egunero jasaten dituzte eskubide hauen urraketak. Halaber, berezko hizkuntza izan arren, euskara bigarren mailako hizkuntza da administrazioan eta ez zaio gaztelaniaren balio bera aitortzen.
Halere, Kontseiluak zuhurtziarako deia ere egin du. Izan ere, eztabaida horren emaitza ezin da mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera. Ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, egungo hizkuntza-eskakizunen paradigma gainditu eta etorkizun hurbil eta gauzagarri batean langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezaten bermatuko duena.
Horregatik, Kontseiluak ELA eta LAB sindikatuekin elkarlanean ondutako neurri zehatzen proposamena oinarri, administrazioa behingoz euskalduntzeko aukera historiko hau baliatu beharra dago. Izan ere, datozen urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko du eta inoizko belaunaldi euskaldunduena dator hauen lekua hartzera. Gainera, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren % 75ak defendatzen du langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutu beharra. Jauzirako baldintzak badaude.
Hala, Kontseiluak hurbiletik jarraitu du eztabaida, dagokion batzordeetan ekarpenak eginez eta administrazioaren euskalduntzea oztopatzen ari diren sententziak salatzeko mobilizazio soziala bultzatuz kalean, euskararen normalizazioa berraktibatu eta aurre egitetik aurrera egiteko aukera hau ez dadin hutsean geratu.
Azkenik, Kontseiluak dei egiten die Eusko Legebiltzarra osatzen duten eta euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden alderdi eta ordezkari politikoei, gure hizkuntzak behar duen hizkuntza-politika garatzeko erakunde publikoen eskumena berrezarri eta horretarako ezinbestekoa den arkitektura juridiko berri bat adostu eta gauza dezaten.
Euskara betirako minorizatua eta bigarren maila batean nahi dutenen aurrean, ausardia politikoz eta herri-arduraz jokatzeko unea da.