Epaitegien eskuhartzearen aurrean, herritarren eskubideak erdigunean jarriko dira larunbatean
Azken urteetan euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak areagotzen joan dira, bai EAEn zein Nafarroan. Sententzia guzti hauek jatorria botere judizialaren eskutik euskararen ofizialtasunaren berrinterpretazio batetik dator, gaztelaniaren nagusitasuna zalantzan jarri dezakeen edozein neurri “Konstituzioaren kontrakotzat” jotzen hasi direlarik epaileak.
Sententzien areagotzearen aurrean, 2023ko maiatzean euskalgintzako eta bestelako gizarte eragileetako ehunka kidek azaroaren 4ko manifestazioa iragarri zuten, eta irailaren 26an deialdia berretsi. Agerralditik agerraldira areagotu egin dira oldarraldia publikoki salatzeko eta euskararen alde mobilizatzeko arrazoiak. Izan ere, Udal Legearen eta garapen dekretuaren gainean hartutako azken epaiek euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak egiteko jokalekua deseraiki dute, herritarron hizkuntza-eskubideen babesgabetasuna handitu dute. Lehenik euskal hiztunontzako zaila zena, orain okerrago dago.
Herritar guztiei zuzendutako hiru arrazoi
Sententzia isolatuetatik harago, botere judizialaren oldarraldi bat dela diote. Eta larunbatean desadostasuna publikoki agertzeko aukera izango dute, asko baitago jokoan. Prentsaurreko honetan, manifestaziora joateko herritar guztiei zuzendutako hiru arrazoi aurkeztu dituzte.
Lehenik, botere judizialaren eskuhartzeak salatzeko. Auzitegiak euskararen normalizaziorako politika publikoak bideratzen dituzten arau eta neurriak baliogabetzen ari dira, horrenbestez euskararen normalizazioa oztopatzen. Beste era batera esanda, botere judiziala ari zaigu hizkuntza politika egiten eta determinatzen; argi uzten nork duen azken hitza.
Izan ere, epaiez epai ari gara ikusten arau, neurri, arlo eta lege desberdinei eragin arren, sententzia guzti hauetan badirela elementu komunak: ukatu egiten dela euskararen hizkuntza gutxitu eta zaurgarri izaera, eta, horrenbestez, politika publikoen bidez euskara sustatzeko premia eta betebeharra. Udal Legea garatzeko dekretuaren kontrako epaietan nabarmen geratu da hori.
Bigarrenik, euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Euskara da zaurgarritasun egoeran dagoen hizkuntza, eta gertatzen ari dena are eta larriagoa da abagunea aintzat hartzen bada. Izan ere, munduaren egungo testuinguruan aurrera begirako erronkak biderkatu egin zaizkio euskarari eta euskaldunon komunitateari. Azken hamarkadetan gure errealitate soziolinguistikoa asko aldatu da, eta horrexegatik, euskalgintza aho batez ari da esaten azken denboretan jauzi bat behar dela hizkuntza-politiketan. Diagnostikoa garbia denean eta tresna berri eta indartsuen premia erabatekoa, orain arteko lana eta adostasun sozialak ere eraisten ari zaizkigu. Sententziek eragingo dituzten atzerapausoak onartezinak dira. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko momentua da, ez atzera egitekoa.
Hirugarrenik, herritarron eskubideak erdigunean jartzeko. Pertsona guztiek beraien eskubideak bermatuak izan beharko lituzkete. Aldiz, egunero urratzen dira euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak. Euskararen normalizazioa oztopatzeak milaka herritarren hizkuntza-eskubideen urraketarekin segitzea dakar berarekin, eta, horrenbestez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza kaltetzea. Euskaldunek gainerako herritarren adinako eskubideak bermatuak izatea eskatzen dute, beste inori eskubiderik kendu gabe.
Izan ere, sektore batzuetatik zabaltzen ari diren diskurtsoen arabera, herritarren hizkuntza-eskubideak langileen eta lan eskubideen kontrakotzat jartzen dira. Aitzitik, elkarren osagarri eta indartzaile diren eskubideak dira, sindikatuen eta lan arloko eragileen gehiengo zabalak azpimarratu bezala: langileek euskara ezagutzeko, lan-jarduera euskaraz garatzeko eta lan-harremanak euskaraz burutzeko eskubidea dute. Finean, hizkuntza-eskubideak lan eskubide ere badirelako.
Kantujirak, soka-dantza eta autobus ugari
Guzti honekin, Euskalgintzaren Kontseiluak herritar guztiei dei egin die larunbat honetan Bilbora gerturatzeko eta euskararen alde manifestatzeko. Manifestazioa 17:00etan Euskaldunatik abiatuko da, Jesusen Bihotzaren plazatik Kale Nagusia zeharkatuz. Jarraian, Plaza Biribilean Buenos Aires kalera biratuko da eta Bilboko Udaletxean heltzean amaiera ekitaldiari ekingo zaio.
Ibilbidean osoan zehar hainbat kantujiratako taldek giroa animatuko dute eta jendeari indarrez kantu egitera gonbidatuko zaio. Manifestazioa Bilboko Udaletxera heltzen delarik, musikari ezagun batek kantu euskaltzale bat eskainiko du. Jarraian, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi den Idurre Eskisabelek hitzartzea egingo du, eta ondoren, Iruñeko Duguna dantza taldeak gidatuta soka-dantza dantzatuko da, Ihitz Iriartek Sustrai Colinak idatziriko bertsoak kantatu bitartean eta Arkaitz Minerrek, Lorea Intxaurrandietak, Mikel Urbeltzek eta Ander Blaskok kantua musikaz laguntzen dutelarik. Soka-dantzaren bitartez, euskararen komunitatearen talde-lana irudikatuko da, euskal gizartearen historian une berezi eta erabakigarrietan baliatu izan baita, eta manifestaziora etorriko den orori dantzan parte hartzeko gonbita lutzatzen zaio. Dantzan.eus atariak tutoriala igo du bere webgunera bideo formatuan. Azkenik, ekitaldia bukatzeko denen artean belaunaldiz belaunaldi abestu den Kontrapas kantuaren kantaldia egingo da.
Manifestazioaren antolatzaileek baikortasun handiz ikusten dute giroa, azken sententziek kezka eta ezinegona areagotu dutela argi ikusi baitute herritar askorengan. Momentuz 50 autobusetik gora antolatu dira herri eta eskualde ezberdinetatik, eta milaka pertsonen partehartzea espero dute.